Udalak aurten haurrendako sei jolasgune estaliko ditu Lezkairu, Buztintxuri, Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai eta Azpilagaña auzoetan

Udalak aurten haurrendako sei jolasgune estaliko ditu Lezkairu, Buztintxuri, Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai eta Azpilagaña auzoetan
Kontratua lizitatu da ehun-estalkiez hornitu eta horiek instalatzeko, hiru sortatan banatuta eta 610.000 euroko aurrekontuaz

 

 

Iruñeko Udalak honako jolasgune hauek estaliko ditu: Anelier pasealekukoa, Arrotxapean; Ezkaba plazakoa, Txantrean; Sandua pasealekukoa (Civivoxaren parean) Sanduzelain; Maravillas Lanberto plazakoa Lezkairun; Santa Luzia pasealekukoa Buztintxurin, eta Manuel Turrillas plazakoa Azpilagañan. Aurreikuspenen arabera lanak urrian hasiko dira eta eremu guztietan urte amaierarako bukatuta egonen dira.

Tokiko Gobernu Batzarrak kontratu-lizitazioa onetsi du, haurrendako sei jolasgune horiek sei ehun-estalkiz hornitu eta horiek instalatzeko. 610.000 euro inbertituko dira Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren parte den proiektu baterako. Kontratua hiru lotetan lizitatuko da: lehenengoa 278.000 eurokoa Arrotxapeko, Buztintxuriko eta Azpilagañako haurrendako jolasguneak estaltzeko; 242.000, Txantrea eta Lezkairuko guneak estaltzeko; eta 90.000, Sanduzelaiko estalkirako. Iruñeak baditu jada ehun-estalkiak dituzten haurrendako bi jolasgune, 2020an Iturramako bulebarrean (Félix Huarte plaza) eta Mendillorriko aintziran gauzatutakoak. 200.000 euro bideratu ziren horietara.

Kontratuak barne hartzen du ehun-arkitekturako estalkiak eusteko behar den obra zibila (zapatak egitea eta zoladurak birjartzea), hornikuntza eta egituraren muntaia, zein lehendik zeuden instalazioek zituzten kalteak ere. Era berean, barne hartzen du ehun-arkitekturako sei estalkien mantentze-lanak egitea (prebentziokoak eta zuzentzaileak) dagokion berme-aldiak indarrean dirauen bitartean.

Iruñeko Udalak estalki hauen bidez hainbat auzotako familien eskaerak asetzea lortu nahi du, hirian haurrendako estalitako guneak eskatzen baitituzte. Hiriko meteorologia dela eta —euriteak eta hotz handia hainbatetan, eta egun beroak udan— hainbat egunetan haurrendako jolasguneak ezin dira erabili, eta proposatzen den estalkiarekin, urte osoan zehar erabilgarri egon litezke, kanpoko eguraldiaren mende egon gabe.

Eremu bakoitzeko berariazkotasunak

Anelier eta Santa Luzia pasealekuetako haurrendako guneek (1. lotea) ez dute proiektua estalki bakarrarekin diseinatu edo gauzatzea baldintzatzen duten sasi, zuhaitz edo besterik. Manuel Turrillas plazaren kasuan, hau ere 1. lotean, zimenduak jartzean lurrazpiko aparkaleku baten gainean kokatuta daudela hartu behar da kontuan. 1. lotea 75 egun-naturaletan gauzatzea aurreikusten da.

2. lotearen kokapenetan ez dago apenas aparteko gorabeherarik. Ezkaba plazan jolasgune bakoitza banaka estaltzeko bi estalki jar daitezke, edo biendako estalki bakarra. Maravillas Lanberto plazan estalki bakarra paratuko da, eta diseinua egiteko orduan kontuan hartuko da jolasguneak zirkulu-itxura duela. Bi estalkiak 60 egun naturaleko epean amaitzea aurreikusten da.

3. loteak Sandua pasealekuko estalkia adjudikatu du; aurrekoek baino konplexutasun maila altuagoa du, diseinua baldintzatzen duten zuhaitzak baitaude. Txorkoak eta landatutako espezieen hostailak eta enborren garapena kontuan hartu beharko dira, hala nola inausketa- eta mantentze-lanak egin ahal izatea, ez baita zuhaitzak erauzi edo birlandatzeko aukera planteatzen. 40 egun-naturaletan lanak amaitzea aurreikusten da.

Hiru metroko gutxieneko altuera

Estalkiak metalezko egiturekin eginen dira,  eta horiek estaltzeko  poliester-ehuneko erresistentzia handiko mintzak erabiliko dira, PVCz estaliak bi aldeetatik eta kolore zuri zeharrargikoak. Barnealdean ahalik eta euskarri gutxien egotea bilatuko da, ahal izanez gero,  erdiko zutaberik gabe. Jolasguneen segurtasun azalerak aintzat hartuko dira euskarriak kokatzeko orduan, eta beharrezkoa jotzen bada material bigungarriekin estali beharko dira.

Jolasgunearen gaineko edozein gunetan, gutxienez 3 metroko garaiera librea egonen da, eta jolas baten gainean horren altuera aintzat hartu beharko da, jolasaren punturik altuenetik estalkira 2 metro gutxienez egoteko. Estalkiek eguzki-erradiazioaren aurka eraginkorrak izan behar dute, euriari aurre egiteko iragazgaitzak, haize boladekiko eta balizko elurte baten pisuarekiko erresistenteak, arinak eta suaren aurkakoak.

Estalkiaren diseinuaren eta inguruan dauden luminarien araberako argiak instalatu beharko dira estalduren azpian. Azken finean, segurtasun maila gorenak betetzea da xedea, baita haurrendako jolasguneen balio ludikoa handitzea eta balio estetiko eta erosotasun maila altua lortzea ere.

Lotekako lizitazioa

Eskaintzak aurkezteko epea lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazio atarian argitaratu eta gero hasiko da. Enpresa lizitatzaileek lote guztietarako eskaintzak aurkezten ahalko dituzte, nahiz eta gehienez bi lote adjudikatzen ahalko zaizkien. Hiru loteetan lizitatzaile bakarrak aurkezten badu eskaintza, edo adjudikazio-proposamena egitean lote bakoitzean baliozko eskaintza bakarra badago eta entitate lizitatzaile berarena bada, lote guztiak enpresa bakarrari adjudikatu ahal izanen zaizkio.

Kontratuaren lote ezberdinak balorazio-irizpide berdinekin adjudikatuko dira. Gehienez ere 45 puntu emanen zaizkio proposamen teknikoari, kalitateaz, diseinuaz eta afekzioen tratamenduaz bezainbatean; 40 puntu gehienez ere eskaintza ekonomikoari; 10 puntu gehienez ere gizarte-irizpideei; eta, azkenik, 5 puntu gehienez ere ingurumen irizpide jakin batzuei.

¿Te ha sido útil esta página?