Udalak aurrekontuaren % 95eko betetze-mailaz, 9’5 milioiko superabitaz eta 63’5 milioiko zor bateratuaz itxiko du 2018. urtea, 2014an baino % 38 gutxiagoz

Udalak aurrekontuaren % 95eko betetze-mailaz, 9’5 milioiko superabitaz eta 63’5 milioiko zor bateratuaz itxiko du 2018. urtea, 2014an baino % 38 gutxiagoz
Zuzeneko eta zeharkako zergei dagozkien diru-sarrerak % 10ez eta % 81ez igo dira, eta inbertsioak % 183z igo dira, 2014ko datuen aldean

Ekitaldiaren amaieran Iruñeko Udalak 2018ko ekitaldi ekonomikoa 213 milioiko aurrekontuaren % 95eko betetze-mailaz ixtea aurreikusten du. Kopurutan, 202’34 milioiko gastua egin da 206’15 milioiko diru-sarrera egin ostean. Aurreko ekitaldien ildo berean, urtea ia 9’5 milioi euroko superabitaz amaitu da (diru-sarreren eta gastuen arteko aldeari dagozkion 3’81 milioi gehi 5’7 milioi doikuntzan). Udal-sektore publikoak –Udala bera, Hirigintza Gerentziako eta Udaleko Haur Eskoletako erakunde autonomoak eta Udalarenak diren beste entitate eta fundazio batzuk barne hartzen dituenak– 63’5 milioiko zor bateratuaz amaitu du 2018. urtea, 2014an baino % 38 gutxiagoz.

Goizean Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Gerardo Hurtado Ogasuneko, Merkataritzako eta Turismoko zuzendariak prentsaurrekoan aurkeztu dute Iruñeko Udalak 2018ko aurrekontu-ekitaldia ixtean duen ekonomia- zein finantza-egoera. 2014ko zor bateratuak 102’1 milioi euro jotzen zuen; horietako 85’5 Iruñeko Udalari lotuta zeuden, eta 16’7 Udalarenak diren entitateei. Zorra murriztuz joan da, Udalari dagokionez 53’7 milioira iritsi arte (% 37’1 gutxiago); eta 9’8 milioiraino (% 42’4) gainontzeko udal-entitate, -enpresa eta -fundazioetan, 2018aren bukaeran. Guztira, Udalak eta bere sektore publikoak 63’5 milioi euroko zorra dute.

Bestalde, diruzaintzaren likidezia-egoera ere azpimarratu da, udal-sektore publikoaren finantza-kaudimena islatzen duena, legegintzaldi honetan % 61’8z igota, 2014an zeuden 29’1 milioi euroetatik 2017aren bukaeran zeuden 47’1 milioietara igaroz. Prentsaurrekoan, kudeaketaz bezainbatean lau parametro nabarmendu dira: lehenik, kontuen onbideratzea (zorra % 38z murriztea, aldi berean superabita sortzen jarraituz); bigarrenik, diru-bilketarako gaitasuna handitzea (% 9) eta gastu- zein inbertsio-gaitasuna berreskuratzea (2014an baino % 183 inbertsio gehiago); hirugarrenik, zerbitzuen eta enplegu publikoaren hobekuntza (langile-gastuak –soldaten igoera, ordaintzeke zeuden aparteko ordainsarien ordainketa eta zerbitzuen berrudalekotzea direla-eta– % 15ez igo dira, eta, bitartean, gastu arrunta –zerbitzuetako inbertsioaren isla– % 14z igo da, batez ere gizarte-arloetako esleipenak indartzeagatik); eta, laugarrenik, ondarea ahalik eta gehien mantenduz kudeatzea (ondasun-salmenta edo -besterentzeen bidezko diru-bilketa % 25’6z murriztu da aurreko legegintzaldiaren aldean). Patricia Perales zinegotzia pozik agertu da “kontu publikoak kudeatzeko beste era bat dagoela erakusteko gai izan garelako, horiek onbideratuz eta aldi berean gizarte-inbertsioa zein enplegu publikoa defendatuz”.

Diru-bilketa gora, parametro guztietan
2018ko ekitaldia itxita diru-sarrerak aztertzean, eta 2014ko itxieraren aldean, horiek % 9z igo dira, duela lau urteko 188’93 milioi euroetatik iazko 206’15 milioietara igaroz. Gutxi gorabehera, diru-sarreren laurdena zuzeneko zergek sortzen dute, lur kontribuzioa, gainbalioa, zirkulazioaren gaineko zerga eta JEZa barne hartuta. Horien bilketa % 10ez igo da, 2014ko 50’82 milioietatik iazko 55’73 milioietara. Bestalde, zeharkako zergak ere (EIOZa funtsean) igo dira, % 81ez, 5’31 milioitik 9’6ra igaroz. Tasa eta prezio publikoen bidezko diru-sarrerak % 10ez igo dira, KPIrekin bat eguneratzea eta ekonomia suspertzea direla-eta, horrek kirol-instalazioak, adibidez, eta beste zerbitzu batzuk erabiltzeko bide eman baitu.
 
Udalaren diru-sarreren erdia transferentzia arruntei dagokie, Nafarroako Gobernuak emandako dirua jasota, Toki Ogasuneko Funtsan eta horrelako kontzeptuetan. 2014an 96’03 milioi euro sartu ziren, eta 2018an, aldiz, 101’8 milioi, % 6 gehiago. Ondasunen besterentzea –adibidez, udalaren lurzoruen eta ondasunen salmenta–, finantza-gaitasun handiagoa ahalbidetzen duena, % 70z igo da, 2014ko 3,17 milioietatik 2018ko 5’38 milioietara. Baina, legegintzaldi osoa alderatuta, honetan 22,27 milioi euroan saldu dira ondasunak, eta aurreko legegintzaldian 29’93 milioi euroan besterendu ziren udalaren ondasunak –hots, % 25’6 gehiago–.

Kapital transferentziez bezainbatean, Nafarroaz kanpoko administrazioen finantzaketatik etorrita (batez ere, Estatua eta Europar Batasuna), bilketa % 84z jaitsi da, 2014ko 2’62 milioietatik 2018ko 0’41etara. E Planetik etorritako Estatuko inbertsioen amaierak eta murrizketak azaltzen dute Europako laguntzen ataleko jaitsiera.

Gora egin dute gastu arruntak, langileri-gastuek eta inbertsioek
Gastuei dagokienez, langileriara bideratzen da partidarik handiena. 2018an partida horretan gastatu dira 86 milioi, eta hori 2014an gastatutakoa baino % 15 gehiago da, orduan aurrekontu hori 74’52 milioi eurokoa baitzen. Gorakada horren arrazoi nagusiak dira azken urteetan metatutako soldata-igoerak, udal-langileei zordundutako aparteko ordainsariak ordaindu beharra eta lehen kanpora ateratako zerbitzuak Udalaren eskuetara itzuli direla, besteak beste Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta haur-eskoletako Hello delakoen sukalde- eta garbiketa-lanak. 

Gastuetan izandako gorakadarik handiena inbertsioen kapituluari loturik dago, inbertsioak % 183 hazi baitira. 2014. urtea itxi zenean hirian egindako inbertsioek 4’7 milioi euro jotzen zuten, eta 2018an, aldiz, kontzeptu horrek 13’3 milioi euro zituen. Kapital-transferentziak % 70 murriztu dira, 2014ko 6’83 milioietatik 2018ko 2’06 milioietara, diru gutxiago transferitu baita Hirigintza Gerentziara bere planak eta proiektuak garatzeko. Inbertsioen eta transferentzia arrunten bi kapitulu horiek batuta hizkera arruntean “inbertsioak” esaten zaiena osatzen dute, eta horretan egindako gastua, beraz, % 33’2z igo da, 2014ko 11’53 milioietatik 2018ko 15’36 milioietara.

Gastu arrunta ere % 14az igo da, 2014ko 62’98 milioi euroetatik 2018ko 71’7 milioietara, udal-zerbitzuak hobetzearen ondorioz, batez ere gizarte-zerbitzuei loturiko laguntzez bezainbatean. Finantza-gastuak eta transferentzia arruntek % 67 eta % 7 egin dute behera, hurrenez hurren, zorrak eta haiengatik ordaintzen diren interesak murriztu direlako, besteak beste. Azkenik, mailegu-amortizazioaren kapitulua % 9z igo da, 2014an inbertitu ziren 6’54 milioi euroetatik iazko 7’1 milioi euroetara igaroz.

Kreditu-kalifikazioa hobetu da, eta ez da mailegurik eskatzen
Diru-sarreren eta gastuen arteko loturari dagokionez, 2015 eta 2018 artean izandako diru-sarreren % 99 exekutatu da. Zehazki, 810’06 milioi euro sartu ziren, eta 766’87 gastatu. 2011 eta 2014. urteen artean lotura hori % 95ekoa izan zen, 794’14 milioi bildu eta 783’86 gastatu zirelarik.

Alderatu diren beste datu ekonomiko batzuek aditzera ematen dute Udalak 30’35 milioi euroko balioaz eskatu zituela maileguak 2011 eta 2014 artean; aitzitik, azken lau aurrekontu-ekitaldietan, 2018ra arte, ez da euro bat ere esleitu kontzeptu horretarako. Azkenik, Fitch kalifikazio-agentziak egiten duen balorazio-indizearen arabera, Iruñeko Udalaren egoera hobetu egin da, 2014ko “BBB” kalifikaziotik “A-”ra igaro delako 2018an, eta hortaz, igotako bi maila horiek etorkizun hobea iragartzen dute, ekonomiaz eta kredituez bezainbatean.

 

DATU EKONOMIKO ETA FINANTZARIOAK UDALAK ETA UDAL-SEKTORE PUBLIKOA
Diru-sarrerak 2014 2015 2016 2017 2018 2014-2018
Zuzenekoak 50,82 51,86 55,77 51.11 55,73 10%
Zeharkakoak 5,31 5,8 8,05 6,88 9,6 81%
Tasak eta prezio publikoak 27,1 28,36 28,68 30,1 29,9 10%
Transeferentzia arruntak 96,03 96,97 97,54 98,1 101,8 6%
Ondareko diru-sarrerak 2,7 2,26 2,68 2,74 3,15 17%
Ondasunen besterentzea 3,17 4,89 6,82 5,18 5,38 70%
Kapital-transf. 2,62 0,41 2,07 0,29 0,41 -84%
Finantza-aktiboak 1,18 0,89 0,16 0,17 0,18 -85%
  188,93 191,5 201,95 194,57 206,15 9%

 

Gastuak 2014 2015 2016 2017 2018 2014-2018
Langileria 74,52 83,85 76,85 81,56 86 15%
Gastu arrunta 62,98 63,37 66,09 66,3 71,7 14%
Finantza-gastuak 1,87 3,3 1,18 0,74 0,62 -67%
Transf. arrunta 22,99 17,72 22,2 21,36 21,4 -7%
Inbertsioak 4,7 15,6 13,83 12,38 13,3 183%
Kapital-transf. 6,83 3,47 1,81 2,49 2,06 -70%
Finantza-aktiboak 1,2 0,89 0,22 0,18 0,16 -87%
Mailegu-amortizazioa 6,54 8,1 6,1 11,93 7,1 9%
  181,63 196,3 188,28 196,24 202,34 11%

 

Ordaindu gabeko zorra 2014 2015 2016 2017 2018
Udala 85,4 18,83 72,73 60,8 53,7
Entitateak 16,7 14,97 13,20 11,5 9,8
Zor bateratuta 102,1 93,80 85,93 72,3 63,5

 

  2014 2015 2016 2017 2018
Gastuen betetze-maila* 95% 94% 91,6% 93,6% 95%

 

*Aurrekontuan ezarritakoarekiko

¿Te ha sido útil esta página?