Udalak aurreikusten du Alde Zaharreko eta Zabalguneko 16 eraikinek modu integralean birgaitzeko dirulaguntzak jasoko dituztela, 978.000 euroz hornituak

Udalak aurreikusten du Alde Zaharreko eta Zabalguneko 16 eraikinek modu integralean birgaitzeko dirulaguntzak jasoko dituztela, 978.000 euroz hornituak
55 eraikin gehiagorako proiektuak aurkeztu dituzte onets ditzaten, eta gerora eginen diren deialdietako laguntzak eskatzen ahalko dituzte obrak amaitzen direnean

Iruñeko Udalak aurreikusten du Alde Zaharreko eta Lehen eta Bigarren Zabalguneko 16 eraikinek dirulaguntzak jasoko dituztela modu integralean birgaitzeko. Deialdia 978.000 euroz hornitua dago. 2020ko deialdiaren bidez diruz lagundu nahi dira azkenaldian amaitu diren birgaitze-jarduketak, eta osotara 16 eraikini eragiten die. Udal-laguntzak bakarrik emanen zaizkie Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoak aurretik eskatutako lanak egin eta bukatuta dauden jarduketei.  Halaber, beste 55 eraikinek aurkeztu dituzte onesteko proiektuak. Bizilagunen eraikin horiek hurrengo dirulaguntzetan parte hartu ahalko dute, obrak amaitzen dituztenean.

Deialdiaren diru-zuzkidura aurten ia % 40 handitu da, 2019an dirulaguntza horiek 700.000 euroko aurrekontua baitzuten. Eskabideak aurkezteko epea urriaren 15ean hasi zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdiaren oinarriak argitaratzearekin bat. Informazioa www.pamplona.es webgunean kontsulta daiteke.

Dirulaguntzak beste laguntza batzuekin osatzen dira, hala nola fatxadetan, estalkietan eta patioetan lanak egiteko aldamioak lagatzea obrak egiteko epea bitartean eta laguntza zehatzak baliabide ekonomikorik gabeko jabe erabiltzaileentzat (interesik gabeko maileguak emanen dizkiete dirulaguntzek estaltzen ez duten inbertsioaren zenbatekoan). Deialdiko 978.000 eurotatik, 78.000 euro mailegu horientzako izanen dira eta 900.000 euro, obrentzako.

Diruz lagunduko dira helburu hauek dituzten obrak: eraikinaren egokitasun estrukturala hobetzea, haren segurtasunaren alde, eta eraikinaren funtzionaltasuna egokitzea, zenbait alderditan: hezetasuna, isolamendu termikoa edo ur-, gas-, elektrizitate-, telefonia- eta saneamendu-sare orokorrak hobetzea. Baita fatxada, lerrokadura, estalki eta energia-kontsumoetan hobekuntzak egitekoak edo indarrean dagoen araudiari egokitzekoak ere (ura, gasa, antena kolektiboak, suteen kontrako babesa, etab.). Berariaz diruz lagunduko dira honako helburuak dituzten jarduketak: eraikinak irisgarritasun-baldintza aproposetara egokitzea, bizigarritasun-baldintza egokiak lortzea eta eremuaren hiri-irudia hobetzea.
 

¿Te ha sido útil esta página?