Iruñeko Udalak aurreikusi du, Proiektuetako Alorreko zerbitzu teknikoek egindako txostena oinarri hartuta, Labriteko zaldaina eraiki zuen enpresari eta diseinuaz arduratu zen lantaldeari (zeinak lanak ere zuzendu baitzituen) 813.743,10 euro erreklamatuko dizkiola, proiektuan –hala asmaketa nola gauzatzean– izandako irregulartasun eta akatsengatik. Kopuru hori bat dator Udalak azpiegitura horretan gastatu duenarekin, baina barne hartzen du, baita ere, zaldaina ixtea eta eraistea gomendatzen duten bi txosten tekniko independenteetan (INTEMAC eta IDEAMen eskutik) gastatutakoa, jarri behar izan zen segurtasun-sarearen kostua eta balizko eraiste-prozesu baten prezioa.
Joxe Abaurrea Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariak eta Cristina Arregi Proiektuetako Hiri Kontserbazioko zuzendariak goizeko prentsaurrekoan iragarri dute eraisketa-lanak heldu den martxoaren 13an hasiko direla, eta bi fasetan egingo direla: lehenik eta behin, behe-xaflak kenduko dira, eta behin erantzukizunak zehazteko espedientea amaituta, egituraren gainontzekoa kenduko da.
Udaleko langileek egindako txosten teknikoak azpiegiturak lehen arazoak agertu zirenetik izandako bilakaera jasotzen du, eta bere egiten ditu IDEAMek egindako lanaren ondorioak: Labriteko zaldainak, “neurri- eta eraiketa-baldintzak direla-eta, ezin ditu bermatu indarreko lege eta araudiekin bat beharrezkoak diren segurtasuna eta funtzionaltasuna; horregatik, zerbitzuan jartzeko ezgaitzat ematen da”. Halaber, udal-teknikariak bat datoz “antzemandako gabeziei irtenbidea emateko beharko liratekeen jarduketak direla-eta, egungo egoeran eta eraiketan hura konpontzea teknikoki era ekonomikoki bidera ezina” dela dioen baieztapenarekin, eta hortaz, kontserbazio-egoera zein den eta behe-xaflen korrosioa dela eta eseki gabe gelditzeko arriskua ikusita “berehala kendu eta beste diseinu bat taxutzea” proposatzen dute.
Zaldainaren egileen azalpen zalantzagarriak, kanpo txostenen jatorria
Kontserbazio eta Proiektuetako Alorreko zerbitzu teknikoen txostena, zeinean egin beharreko diru-erreklamazioaren kalkulua erantsi baita, txertatu da jada proiektuaren gaineko erantzukizunak zehazteko espediente berrian, joan den otsailaren 26an Gobernua Batzarraren erabakiz formalki irekitako horretan. Txostenean 2016ko otsailean agertutako lehen arazoez geroztik –azpiegituraren bi xafla askatu zirenetik– egindako jarduketak deskribatzen dira. Orduan, Iruñeko Udalak txostenak eskatu zizkien bai lanen zuzendaritzari bai eraikuntza-enpresari, lehen eskutik jakiteko zein ziren askatze horien kausak eta zaldainaren eraikuntza-egoera; txosten horietan ondorioztatu zenaren arabera, “zaldainaren egituraren segurtasuna ez zegoen kolokan”, eta horregatik zaldaina berriz ireki zen, 2016ko otsail amaieran. Hala ere, ebaluazio hori irakurritakoan eta zaldainean ikusitakoan zegoen aldea hartaraturik, eragile horiek emandako azalpenetan Udalaren zerbitzu teknikoek berek aipatu zituzten “justifikatzeko zailak diren alderdiak” zeudela, eta zerbitzu teknikoak hala eskatuta, kanpoko lehen txosten hori enkargatu zitzaion INTEMAC SA aholkularitza independenteari. Enpresa horrek diseinatzaileen ebaluazioan esandakoa ezeztatu zuen, irmotasunez ezeztatu ere, segurtasun-zioak zirela-eta azpiegitura berehala ixteko premiatu baitzuen. Hori 2016ko uztailean burutu zen.
Irizpideen arteko desadostasun hori ikusita, zaldainaren diseinatzaileen beraien ekimenez bigarren txosten independente bat eskatu zen, kasu horretan IDEAMi, eta txosten horren izaera “loteslea” azpimarratu dute udal-teknikariek. Zaldainaren iraunkortasun-alderdiak eta egituraren gaitasuna ardatz hartuko zituen bigarren txosten hori egiteko akordioaren ondorioz geldiarazi egin ziren Udalak ordura arte erantzukizunak zehazteko abiatutako bi espedienteak.
Orain, bigarren txosten horrek aditzera ematen duen irmotasuna ikusita, non, besteak beste, aditzera ematen baita badauden oinarriak ezin direla berriro erabili eta osagai nagusi guztiak sendotzeko egin beharreko jarduketa ugariek egitura goitik behera desegin beharko luketela, eta horren geometria zein diseinua eraldatu, Udalak espedientea berrireki du.
Akatsak diseinuan, lanen gauzatzean eta mantentzean
Txosten teknikoak ondorioztatu du Labriteko zaldainaren patologiak hiru multzotan saila daitezkeela. Lehenik eta behin “egitura-kontzepzio akastuna” aipatzen da, eta hori ikusten da “zimenduen diseinu okerrean”, “ez baitira eusteko ahalmen eta irmotasun horizontala bermatzeko gai”, eta egitura metalikoan: “ezengonkorra” da, “albo batera gilbortzen” da, “arku-afektua lortzeko behar diren bultzaden garapena ezin da bermatu”, “diseinuan eskema okerrak daude” hala zatien arteko intersekzio-korapiloetan nola zepoz segurtatuko loturen korapiloan” eta “gauzatu ezin diren proiektuaren xehetasunak” daude.
Bigarrenik, teknikariek zaldainaren “gauzatze-akatsak” aipatzen dituzte, hauek azpimarratuta: “xaflen arteko balizko lerrokatze-akatsak”, “akats orokorrak” soldaduretan, “proiektuari jarraitu gabe gauzatutako zuakerrak”, itxurako “torloju-eza euskarri aldean” eta “mailatuak” habe nagusietako zenbait tokitan.
Hirugarrenik, mantentze-akatsei dagokienez, Proiektuetako teknikariek aipatu dute “korrosio orokorra dagoela zurezko zoladuraren azpiko xafletan” eta “euskarri-eremuetan”. Horri lotuta, gogora ekarri dute lanak gauzatu zituen ABEEren ekoizpen osteko zerbitzuak ikuskapenak egin eta horien kronologia entregatu behar zuela, baina halakorik ere ez zela bete.
Hau guztia kontuan harturik, ondorioztatu da “nahikoa egiaztatuta dagoela zimenduen zein zaldainaren egituraren diseinuak akatsak dituela hasieratik”. Halaber, berretsi egin dute badagoela “ongi dokumentatutako problematika zabala” lanen gauzatzeaz bezainbatean, eta egiturazkoak ez diren akatsei dagokionez, aditzera eman dute “drainatze-proiektuaren irtenbide eskasean dutela jatorria”.
Erreklamazioa, lanengatik eta horien zuzendaritzagatik, baina txostenengatik eta eraisketagatik ere bai
Labriteko zaldaineko lanak Alde Zaharrerako eta II. Zabalgunerako irisgarritasuna hobetzeko proiektu zabalagoak hartzen zituen barne. Lanen lizitazioak Santa María la Realeko plazako lanak ere hartu zituzten barne, non Barbazan ingurabideko pasealekurako sarrerak hobetu baitziren, arrapala batez eta eskailera berriez. Egindako lanen likidazioak 1.203.846,66 euro jo zuen guztira, baina zaldainaren kostea 643.520,72 eurokoa izan zen, guztizkoaren % 53,46. Horixe hartuko da balizko erreklamaziorako oinarritzat.
Baina 643.520,72 euroei proiektuko eta lanen zuzendaritzako ordainsariak ere gehitu behar zaizkie. Udalak guztira 70.200 euro ordaindu zituen proiektu osoko ordainsarietan. Zaldainari dagokiona jakiteko, hari dagokion lanaren likidaziorako kalkulatutako ehuneko bera atera da, hots, guztizkoaren % 53,46. Hortaz, zaldaineko ordainsariek 37.525,67 euro joko lukete. Erreklamazio ekonomikoan Udalak prozesu honetan igorri diren txostenetako ordainsariak ere sartuko lituzke, bai INTEMACenak, bai IDEAMenak, 25.373,70 eurokoak eta 48.400 eurokoak, hurrenez hurren.
Halaber, lehen arazoak sortu zirenetik hartutako segurtasun-neurrien kostea ere sartuko litzateke. Gastuak sortu zituzten neurriak hauexek dira: 2016ko abuztuan zaldainean sarea jartzea; 2017ko ekainean zirgaz sendotzea, 2018ko abenduan izandako askatzeen ostean zirga lodiagoz sendotzea; 2019ko urtarrilean zaldaineko sarea konpontzea; eta, aurtengo otsailean bertan, txirikordatutako zirgak jartzea. Guztira, Udalak 22.036,16 euro inbertitu zituen azpiegiturako segurtasunaren alde.
Azkenik, zaldaina eraitsi eta hortik eramateko aurreikusten diren gastuen zenbatespen ekonomikoa hartzen du barne aurreikusitako erreklamazioak. Beheko erretiluak kentzeak 14.332,45 euroko gastua izango du; zaldainaren eraisketa-proiektua idazteko zein lanen zuzendaritzarako ordainsariek 3.630 euro joko dute; eta eraisketak berak, 18.924,40 euro. Horiek horrela, eta kontzeptu guztiak gehituta, Udalak 813.743,10 euro erreklamatuko lituzke.
Lanak zaldainean martxoaren 13tik aurrera
Eraisketa-lanei dagokienez, horiek bi fasetan egingo dira, Joxe Abaurrea Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariak eta Cristina Arregi Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendariak azaldu dutenez. Asteazkenean, martxoak 13, abiatuko den lehen fasean, azpiegiturako beheko xaflak kenduko dira. Lan horiek egiteko gutxienez astebete aurreikusi da. Izan ere, lehen lauzpabost egunetan hondarrak zaldaineko goiko aldetik garbituko dira; hurrengo bi egunetan, aldiz, atalak askatuko dira, eta duela jada urte pare bat segurtasunagatik jarri zen eusteko sarea kenduko da. Lan horiek egiteko, zirkulazio txikieneko orduak eta garabiak edo garabi-besoa duen kamioak erabiltzea aurreikusita dago Labriteko aldapan zirkulazioa ez eragozteko. Lehen faseko mugaeguna martxoaren 22an jarri da, ostiralarekin.
Bigarren fasea zaldainaren erabateko eraisketari dagokio jada. Hori erantzukizunak zehazteko espedientea burututakoan abiatuko da, behin ukitutako eragile guztiak bertatik bertara ikuskatzeko aukera emanda. Udalak bere bide-orrian dituen daten arabera, litekeena da lanak hilabete honen 25 – 29ko astean hastea; eta horiek egiteko 3.600 euro gorde dira aurrekontuetan. Alorrak betekizun honetarako hiru alderdi hauek ditu ardatz: segurtasuna lehenestea, lanak herritarrei ahalik eta gutxien eragiten dieten ordutegietan egitea, eta ahalik eta denbora laburrenean garatzea.
Espediente bermatzailea, aurreko entzunaldia eta 15 eguneko iraupena
Labriteko zaldainaren eraisketa erantzukizunak zehazteko espedientearen ebazpen eta itxierarekin bateratu eta koordinatuko da; espedienteak alde hauek ukitzen ditu: hura diseinatu eta lanen zuzendaritza bideratu zuen lantaldea (Boreas Nuevas Tecnologías S.L., Óscar Pérez Silanes, Carlos Pereda Iglesias eta Ignacio Olite Lumbreras) eta lanak egin zituen enpresa (Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek osatutako ABEEa). Horiek horrela, gaur goizean bertan eragile horiei guztiei komunikazioa igorri zaie, otsailaren 26an Gobernu Batzarrak adostutakoa –espedientea berriro irekitzen duena–, INTEMAC eta IDEAM kanpoko enpresen txostenak zein udal-langileek egindako txosten teknikoa eta izapidegilea helaraziz. Joxe Abaurreak azaldu duenez, “egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak beharrezkotzat jotzen dituzten bideak erabiliz egiteko agiri eta berme guztiak eduki ditzaten da helburua”.
Halaber, epaiketara jotzea edo Udalaren erabakiei helegitea jartzea erabakitzekotan eskubideak bermatzeko, 15 eguneko entzunaldi-epea ireki dela ere jakinarazi zaie; bertan zaldainean sartzeko eskaera egin ahalko dute, nola dagoen ikusteko, baita berehalako arriskua sortzen duten osagaiak kentzeko lanak bertatik bertara jarraitzeko ere. Eskaera hori edonoiz egin ahalko dute, are beheko xaflak kentzeko lanak hasi baino lehen. Behin entzunaldia amaituta eta erantzukizunak eskatzeko espedientea burututa, zaldaina goitik behera eraitsiko da; litekeena martxoaren 25ean hastea da, astelehenarekin, behin prozesua burututa eta behin betiko txosten juridikoa igorrita.