Iruñeko Udalak I. Zabalgunean –Parlamentuaren eta Taconera kalearen inguruan– egitekoak diren obren hasiera atzeratuko du, proiektua berrikusi eta hobekuntzak aztertzeko; horixe jakinarazi da gaur goizean udal-ordezkariek eta merkatarien elkarteek egin duten bileran. Beste gai batzuei ere heldu diete: baimenik gabeko salmenta ibiltaria sanferminetan eta Iruñeko Udala egiten ari den azterketa, Aita Moret kalean eta hori Armada etorbideari lotzeko dauden eta egon daitezkeen aukeren inguruan.
Topaketa horretan, Udalaren ordezkari hauek hartu dute parte: Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkaria; Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzia; Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria; eta Silvia Azpilicueta Merkataritza eta Turismoko zuzendaria. Merkatarien ordezkariak hauek izan dira: Alde Zaharreko merkatarien elkarteko lehendakaria eta kudeatzailea, Pablo Goñi eta Carlos Albillo, hurrenez hurren; eta Ensanche Área Comercial elkarteko kudeatzailea eta lehendakariordea, María Jesús Alonso eta Olga Sarasa, hurrenez hurren.
I. Zabalguneko obrak uztailaren bigarren hamabostaldian hastekoak ziren, eta eragina izango dute Navas de Tolosa eta Yanguas y Miranda kaleen elkargunetik (Nafarroako Parlamentuaren parean) Taconena kalera arteko zati horretaraino (Taconeraren, Basotxo kalearen eta Kale Nagusiaren elkarguneraino). Honelako aldaketak zeuden aurreikusita proiektuan: bide batzuetako zabalerak aldatzea, oinezkoendako pasabideak txertatzea, bidegorriak eta egoteko leku berriak sortzea eta desnibelak dituzten eremu konkretuetan esku hartzea. Lanak pasa den maiatzaren 16an esleitu ziren, 863.152 euroan, BEZa kanpo. Lanak atzeratuta, Udal berriak denbora izango du proiektua sakon berrikusteko, aurreikusitako aldaketen ondorioz gorabeherak izango dituzten entitateekin batera hura lantzeko eta proiektua aberastu dezaketen hobekuntzak aztertzeko, horiek gauzatze aldera. Aita Moret kalea eta bertako ingurua ere aztertzen ari da, xede berez aztertu ere.
Behin-behinean, gertu ditugun sanferminetarako, sarbide-baimena emango zaie Errekoleten kaleko bizilagunei eta Hoteleko bezeroei, O-ko Andre Maria plazan, Taconera kalean eskuinera biratzea ahalbidetuz; horrela, Kale Nagusiko zati hori izango da sartu eta irteteko gunea, eta ibilgailuek ez dute Alde Zahar guztian barnako ibilbidea egin beharko.
Sanferminetako salmenta ibiltari ez baimenduari dagokionez, merkatariei jakinarazi zaie Iruñeko Udaltzaingoa beste urte batzuetan gertatuko egoerak ez daitezen gertatu saiatuko dela; izan ere, Iruñeko Udalak uste du ez dela bidezkoa, hirian lan egin eta zergak ordaintzen dituzten merkataritza-establezimendu eta saltokiengan pentsatuta, faltsututako salgaien salmenta-sareek inolako zigorrik jaso gabe jardutea.
Udal-ordezkariek eta merkatariek sanferminen ostean biltzeko deia egin dute, merkataritza-sektorearen aldeko plan sendoa sortzeko elkarrekin lanean jarraitze aldera. Ildo horretan ere, Udala harremanetan jarri da Pío XII.aren bizilagun eta merkatarien plataformarekin, uztaileko bigarren hamabostaldian bilera bat egiteko, etorbidearen eraberritzearen eta horren ondorioei buruz mintzatzeko.