Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Arrotxapeko Oscoz multzoko 12-14ko eraikina eraisteko lanen lizitazioa. Horrela, hasiera emanen zaio 2005ean zaurgarri izendatu zen eremuaren eraldaketari: oinezkoendako plaza bat sortuko da libre geratuko den orubean eta jada onetsia izan den Esku-hartze Orokorreko Plan bat (PIG) sustatuko da, inguruko 8 atariak birgaitu eta horien energia, estetika eta irisgarritasuna hobetze aldera. Hori horrela, sozialki narriaturik dagoen espazio honek irudi berritua izanen du, eta auzoan txertatuko da alboan dauden urbanizazioen ezaugarri berberekin. Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkari Fermín Alonsok eta Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkari Juan José Echeverríak aurkeztu dituzte xehetasun guztiak gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
Iruñeko Udalak 2017ko bukaeran erosi zuen eraitsi behar den eraikina (katastroko 520 eta 521 lurzatiak), 593.720,63 euroren truke. Arrotxapeko eraikinik zaharrenetako bat da, eta indarrean den plangintzan antolamendutik at jo da. Lurzatian zolatutako gune ireki bat sortuko da, oinezkoendako eta ibilgailurik gabekoa, eta horrek lagunduko du hobetzen hala eremuaren egoera ingurumenari eta urbanizazioari dagokienez, nola alboko etxebizitzen bizigarritasuna eta irisgarritasuna. Diseinu berriak eraikinen artean gune zabalagoak eta argitsuagoak sortzea aurreikusten du. Eraiste- eta urbanizatze-lanak egiteko jarduketez gain, aldi berean, Udalak PIG bat bultzatu du, eta horren barruan fatxada eta estalkietan inguratzaile termikoak paratzeko lanak eginen dira (horrela etxebizitzen konforta eta kanpoko estetika hobetuko dira), bai eta irisgarritasuna hobetzekoak ere, oztopo arkitektonikoak kendu eta igogailuak instalatuko baitira. Lanak errazago egite aldera, Iruñeko Udalak hitzarmenak sinatuko ditu auzotarren komunitateekin, dirulaguntzak eta finantziazioa errazago lortu ahal izateko, hiriko beste eremu zaurgarrietan egin den bezala.
XX. mendeko hasierako bi eraikin, distantzia gutxira bestelako eraikinez inguraturik
Eraitsiko den Oscoz multzoaren eraikina 1917an hasi zen eraikitzen, eta beheko solairua eta etxebizitzetarako hiru solairu ditu. 16 etxebizitza daude, 2 ataritan, eta bakoitzean 8 etxebizitza. 1961etik aurrera, promozioaren bigarren faseak –Udalak bultzatzen duen PIGari dagokiona– nolabaiteko barneko patio batean itxirik utzi zuen eraikina, hurbil zeuden eraikinez inguraturik, eta gune estu eta ilunak sortu ziren. Eraikina erortzeko zorian eta hutsik dago, ez du baliorik eta oso narriatuta dago. Guztira, 3.760,68 m2 ditu. Iruña Biziberritzen sozietatearen txosten batek oinarrizko neurri gisa proposatzen zuen eraikina eraistea, gainerako eraikinen birgaitze integrala egin ahal izateko. Iruña Biziberritzenen txostenean jasotzen denarekin bat, “infraetxebizitzen gune bat osatu da, eta alokairuen prezio baxuak aprobetxatuta bertan pilatu dira biztanle-sektore marjinalak, pobrezia-egoeran eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan daudenak”.
Erabiliko den eraispen prozedurari dagokionez, eskuz –elementuz elementu– eta modu mekanikoan –pala batekin– eginen da, eraikina barnerantz eraitsiko delarik. Gainerako eraikinak oso hurbil daudenez, ahalik eta segurtasun-neurririk zorrotzenak hartuko dira, eta hormek egokiro funtzionatzeko behar dituzten eraikuntza-elementuak ezarriko. Perimetro-aldamio bat paratuko da, kanpoko sare itxi batekin, ez daitezen objektuak erori hurbileko eraikinetara, eta, aldi berean, ureztatzeak eragindako hautsaren eragina murrizteko; gutxienez, 2 metroko garaiera duen perimetro-hesi bat ere paratuko da. Eraisketa-lanak eraikitzeko alderantzizko ordenan izanen da, solairuz solairu jaitsiz. Jarduketaren aurrekontua 109.534 euro da. Joseba Echaide eta Javier Lana arkitektoek idatzi dute hala eraikina eraisteko eta urbanizatzeko proiektua nola PIG-proiektua, eta Marina González eta María Roncalen laguntza ere izan dute.
Plaza ireki berri bat egun dagoen aldea gainditzeko
Eraisketa egin ondoren, plaza erabat berrituko da. Joaquín Beunza kaleko sarbidetik Marcelo Celayeta etorbidekora dagoen 120 cm-ko altuerako aldea gainditzeko eskailerak eta arrapala handi bat (% 3ko malda baino txikiagokoa) eginen dira. Lurperatutako instalazioen inguruan ere jardungo da, eraitsitako eraikinekoak deuseztatuko baitira; era berean, kutxatilak eta hodiak sortuko dira telefono eta argindarreko aireko azpiegiturak lurperatzeko. Zoladura berria egiteko, hormigoizko zola erabiliko da barneko aldean, eta baldosa hidraulikoak Joaquín Beunza kalearekiko lotura egiten duen gunean. Lauzak errauts eta harea kolorekoak izanen dira, eskailera-mailen tonu berekoak. Urbanizatze-lanen barruan, lauzazko bost eserleku paratuko dira, eta argiteria erabat berrituko, fatxadetako kale-argiak kenduta. Gainera, euri-urak biltzeko sistema bat eratuko da. Lanen aurrekontua 222.278 euro da (BEZa kanpo).
8 atariren eta 63 etxebizitzaren ezaugarriak hobetuko dira
Iruñeko Udalak energia-berriztapenerako sustatu duen Esku-hartze Orokorreko Proiektuak barne hartzen ditu Oscoz multzoko 4, 5, 6, 7 eta 8 eta Marcelo Celayetako 20, 22 eta 24. atariak, 1961etik aurrera eraikiak. 8 atari horiek hiru eraikinetan daude multzokaturik, eta guztira 63 etxebizitza daude, 4 solairutan banaturik, nahiz eta atarietako baten batean behegaina ere badagoen. Beheko solairuak merkataritza-erabileretara daude bideraturik, eta plaza berria urbanizatzearekin merkataritza biziberritu liteke.
Oraingo eraikinek estalkietan duten inguratzaile termikoaren egoera txarra da, eta batzuk berritu badira ere, oro har, ez dute nahikoa isolatzen; fatxadetan ere gauza bera gertatzen da, eta hor daude ainguraturik argindar-, telefono- , telebista edo gas- instalazioak. Eraikinek ez dute ez berokuntza-sistema ezta ur beroa ekoizteko sistema kolektiborik ere. Oscoz multzoko 4. atarian bakarrik dago igogailua, eta gainerako guztietan irisgarritasun-arazoak daude, hainbat altueratako eskailera-mailak baitaude. Oro har, bada aukera etxabeetako guneak eskuratzeko igogailuak paratze aldera eta, baita ere, beste aukera bat, eskailerak etxebizitzen atzeko fatxadara eraman eta eskailera-gorputza lekualdatzea dagoen terrazaren gainetik edo eraikinaren atzeko aldera. Eraikinen egiturak egoera onean daude, oro har.
Fatxada eta estalkiak hobetzea eta igogailuak jartzea
PIGak kalitateko inguratzaile termikoa egitea proposatzen du, bai fatxadetan bai estalkietan, eraikinaren isolamendu termiko egokia bermatuta egon dadin, eta zeharka, eraginkortasun energetikoa ere. Aurrealderako fatxada aireztatuen sistema erabiltzea proposatzen du, 8 eta 14 cm bitartekoa, zeramika-akaberaz (diseinu eta materialen aukerak handitzeko), eta atzealderako, SATE-sistema, mortero-akaberaz eta margoaz. Teilatu-hodiak eta zorrotenak berrituko dira, eta etxabeetako sabaiak isolatuko. Proiektuan arotzeria homogeneizatzeko beharra ere aipatzen da, eta, hortaz, aldatuko dira. Lan horiek eginda, fatxadetan egun dauden kableak eta aireztapen- zein ke-hodiak ezkutuan geratuko dira. Horrez gain, berokuntza eta ur-berorako sistemak berokuntzarako eta aire giroturako gas naturaleko kondentsazio-galdarekin ordeztuko dira.
Igogailuak eraikinen gune komunetan paratuko dira, eskailera-kaxa berria fatxada nagusirantz edo bigarren fatxadarantz eraikiz, edo fatxadan bolumena handituta. 90x120-koak izanen dira. Igogailua jarri eta eskailerak hobetzearen ondorioz etxebizitzetako gune bizigarria galtzen duten eraikinen kasuan, leku hori konpentsatzeko atzealdeko zatia zabaltzeko aukera planteatu da, fatxadaren zati bat eraitsiz eta beste egitura bat eraikiz. Eskailera-kaxa berritzeak berekin ekarriko du suteetatik babesteko neurriak (su-itzalgailua, seinaleztapen eta larrialdietarako argiztapena eta abar) eguneratu behar izatea. Halaber, atariak irisgarri bihurtzeak berekin ekarriko ditu eskailera-mailak kentzeko lanak.
Udalaren laguntzak dirulaguntza eta kredituen bitartez
Zortzi atarietako lanen guztizko aurrekontua 1,5 milioi euro baino zertxobait gehiago da, eta horren % 65 Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen bidez ordain liteke. Ildo horretan, Iruñeko Udalak esparru-hitzarmen bat onetsi du –udal-aurrekontuan horretarako berariazko kontsignazioa onestearen menpe dago–, jabekide-erkidego bakoitzarekin adostutako hitzarmen indibidualetan zehaztuko litzatekeena. Bertan jasotzen da “Auzo zaurgarrietako eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak” lerroa, non honako dirulaguntza hauek ematen baitira: babespeko aurrekontuaren % 40koa, eraikinen isolamendu termikoa eta hirigintza-irudia hobetzeko, gehienez ere 6.000 euro etxebizitza bakoitzeko; % 25ekoa irisgarritasuna hobetzen duten lanetarako, 5.000 euro bitarte, edo % 35ekoa, bero-ekoizpeneko instalazioetarako, 3.000 euroko muga duena. Hitzarmenean azaltzen dira, baita ere, baliabide ekonomikorik ez duten jabe eta erabiltzaileendako udal-maileguak, % 100ekoak eta 10 urteko epean itzultzekoak izan litezkeenak. Azkenik, aldamioak lagako dira, gehienez ere 120 egunetarako.