Udalak Ansoleaga eta San Frantzisko kaleak berrurbanizatzeko eta berriz zolatzeko lanak amaitu ditu, galtzadak eta espaloiak maila berean utzita

Udalak Ansoleaga eta San Frantzisko kaleak berrurbanizatzeko eta berriz zolatzeko lanak amaitu ditu, galtzadak eta espaloiak maila berean utzita
Hirigintza Batzordeak, alkatea buru zuela, 120.000 euroko udal inbertsioa izan duten lanak bisitatu ditu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Hirigintza Batzordeak, Enrique Maya Iruñeko alkatea buru zuela, gaur goizean bisitatu ditu Ansoleaga kale amaieraren eta San Frantzisko kalearen lehen zatia berrurbanizatzeko eta berriz zolatzeko lanak, duela gutxi amaitu direnak. Jarduketaren aurrekontua 120.000 eurokoa izan da, eta bertan sartu dira ere Udalaren elektrizitate-kanalizazioetan egindako hobekuntzak. Guztiz eraldatu dira kalearen bi zatiak, espaloia eta galtzada maila berean utzi baitira. Halaber, estolda-zulo lerro berri bat eratu da euri-urak biltzeko, eta teilatu-zorrotenak saneamendu-sarean jasotzeko.

Hori horrela, bertatik ibilgailuak igaro daitezkeen arren, oinezkoendako izaera nabariagoa eman nahi izan zaio, egungo espaloi estuetako zintarrien mailak dakartzan oztopo arkitektonikoak kenduz. Horrez gain, galtzadak eta espaloiak maila berean utzi dira, eta horrek Alde Zaharreko beste kaleekin homogeneizatzen du (Kale Berria, Zapatería, Kale Nagusia, Jarauta...).

Bigarren fasea, San Frantzisko kalea amaitzeko

Bigarren fase batean lanekin jarraitzea aurreikusita dago, San Frantzisko kalea amaitzeko: Salestarren komentutik –etorkizunean Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza izanen dena eta egun obretan dagoena–, Kale Nagusiarekin bat egin arte. Mankomunitateak egoitza berriaren egokitzeko obren barruan kale horretan zerbitzuak sartzeko lanak amaitzen dituenean eginen dira. Une horretatik aurrera hasiko dira San Frantzisko kalekoak, eraikinaren obrekin amaitzeko beharrezkoak diren aldamioak jarri aurretik.

Ansoleaga eta San Frantzisko kaleetako obren lehen fasean, egiteke geratzen dira azken garbiketa-lanak, zenbait hiri-altzari paratzea –bankuak eta jardinerak, adibidez– eta inguruko argizulo pribatuetan izandako nolabaiteko eragina konpontzea.

Material desberdina galtzada eta zabaldu diren espaloiak ezberdintzeko

Antolaketa berriari esker egungo espaloiak zabaldu egin dira eta oinezkoendako gune txikiak eratu dira, banku eta landare-elementuez hornituak. Obren ondorioz, galtzadaren eta espaloien zati bat eraitsi egin behar izan da, eta ordeztu dira ibilbidearen zatirik handienean hiru metro zabal dituen erdiko galtzada asfaltatu batekin eta espaloiekin. Biak maila berean jarri dira, eta eremuaren arabera neurri desberdinekoak dira. Espaloiak altzairu koloreko 30x20ko lauzekin egin dira, galtzadatik zintarri zuri batez bereizita.

Mugikortasun urriko pertsonentzako eta motoentzako egungo aparkalekuak mantendu dira, eta 10 metroko luzerako espazioa gorde da Kontuen Ganberarako. Hor dauden zerbitzuak ere mantendu dira, hala nola hondakinak biltzeko edukiontziak.

Espaloia eta galtzada altuera berean jarrita, euri-urak biltzeko hustubideendako kokapen berri bat behar izan da, eta orain kalearen erdian jarri dira. Antolaketa berri horrek eta eraikinetako zorrotenak biltzeak kutxatilak sortu behar izatea eragin du, sareak hobeto funtzionatzeko eta mantentzeko. Hobekuntza-lanek zailtasun eta bitxikeria bat izan dute: 1810eko harlangaitzezko hobi bat, zeinera bideratzen baitira euri-uren sareak eta eremu horretako zorrotenak, eta Udalak ez du lotura berriekin kargatu izan nahi. Hobi hori egoteak eta mantentzeak fintasun berezia eskatu dute lanak egitean.

¿Te ha sido útil esta página?