Udalak Alfredo Díaz de Cerio margolari, eskultore eta poemagileari buruzko atzera begirako erakusketa antolatu du, haren lanaren barnako ibilbidea eginez, 1973tik 2007ra

Udalak Alfredo Díaz de Cerio margolari, eskultore eta poemagileari buruzko atzera begirako erakusketa antolatu du, haren lanaren barnako ibilbidea eginez, 1973tik 2007ra
Erakusketa Kondestablen izango da, apirilaren 7ra arte, astelehenetik igandera zabalik, 100dik gora koadro, marrazki eta eskulturaz osaturik

Iruñeko Udalak Alfredo Díaz de Cerio (Mendabia ,1941 - Iruña, 2008) margolari, eskultore eta poemagilearen atzera begirako erakusketa antolatu du, 100dik gora margolanez, marrazkiz eta haren eskultura-lanen sorta batez. Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendariak, Alfredo Díaz de Cerio artistaren seme eta komisarioak eta José Corredor-Matheos arte-kritikari eta katalogoko testuen egileak erakusketa aurkeztu dute goizean, eta Kondestablearen jauregiko lehen solairuko 1. eta 2. aretoetan egongo da ikusgai, apirilaren 7a arte. Berrikuspenak. XX. mendeko Nafarroako artistak sailean txertaturik, Habito en mi memoria/ Nire oroimenean bizi naiz erakusketa gaurtik aurrera izango da zabalik, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:0etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Erakusketan lau hamarkadatan barnako ibilbidea egiten da, estilo ezberdinetan zehar izandako bilakaerarena. Aurkeztutako 101 margolan eta marrazkiak 1973 eta 2007 artean eginak dira. Erakusketa 66 urterekin zendutako Díaz de Cerioren heriotzaren hamargarren urteurrena aintzat hartuta antolatu da. Katalogoaren testuan adierazten da Alfredo Díaz de Cerio sortzaile berezia izan zela, eta dedikazio poetikoa zein plastikoa izan zuela, bizi-bizia eta oso joria. Margolanez gain, Kondestablearen jauregiko erakusketan zenbait marrazki ere jarri dira ikusgai, horien artean zenbait erretratu, eta 9 eskultura. Hautaketa ezaugarri antologikoez egin da, eta horrek ikusgarri egiten du, bere poesian bezala, hirurogeita hamarreko lehen urteetatik izandako bilakaera, artean eman denarekin paraleloa. José Corredor-Matheosek testuan adierazten duenez, kontzeptu-aldaketak onartzearekin batera, hogeigarren mendeko azken hogeita hamar urteetako mugimendu abangoardistek ekarritako teknikak sartu zituela aurkitzen ahal dugu. Bere ikuspegian uztartu egiten dira abstrakzioa eta benetako munduarekiko fideltasuna, halako moduan ezen nortasun sortzaile eta independente baten ezaugarriak antzematen baitira.

Etengabeko bilakaera, bere estiloari eutsirik
Erakusketaren abiapuntua 1973 ko Rhin gaineko zubia, Kolonia mihise gaineko olio-pintura da, eta horretan, eraikinak, ura eta zerua desegiten dira, inpresionismotik datorren ildo bati jarraikiz. Orduan informalismoa nagusi bazen ere, errealaren oroitzapena argia da. Alemaniako egonaldi oparoa egindako urteetakoak dira surrealismoari eusten dioten lanak, baina errealitatearen irudia erabat deskonposatu gabe, nazioartean eman den ez bezala. Katalogoaren testuan aipatzen da formak birsortu eta horien zentzua berreskuratzeko nahia, betiere egileak men egin gabe errealitatea desegitearen aldeko joera gailenei. Artistak figurazio-munduaz egiten duen adierazpenean, esanahi sinbolikoko forma argiak aurkitzen dira, triangelua, esaterako, eta izaera organikoko pinturetan, aldiz, errealaren adierazpena ez da hain zuzena.

José Corredor-Matheosek azaltzen du, zenbait urtez, 1986a arte, tonu gris ezberdinetako forma organikoei eutsiko diela, batzuetan tonu gorrixka, urdin eta krema argiekin konbinaturik. Hurrengo urtean aldaketa nabarmena izan zen: sail bati heldu zion, teknika mistoaz, non errealitatetik zuzenean hartutako zenbait osagai txertatu baitzituen. Forma eta kolore atsegingarrietako figura organikoetatik mehatxuzkoak diruditen margolanetara egiten du jauzi. Horrela, artista joera batetik bestera ibiltzen da, mihise gaineko olioetako figurazioak mantendu egiten dira, forma organikoak dibertsifikatzen dituzte, eta materia errealistagoa bihurtzen da, formak eta atzealdeak gehiago nahasita.

1994 eta 1996 artean beste aldaketa bat gertatzen da, ikuspegi figuratibo eta oso errealista berreskuratzearekin batera, eta orduan igartzen dira garai esperimentalenetan izandako bizipenak eta ekarpenak. Pintura mota horren erakusgarri dira zenbait natura hil, erabat figuratiboak, eta paisaiak. Mende berria hasita, urte haietako argitasuna baztertzen duten errealitate-ikuspegiak agertzen dira berriro, lausotutako atzealdeak eta forma txikiak agertzen direlarik, materia-pinturaren lerroei nolabaiteko jarraipena emanez.

160 erakusketa baino gehiagotan parte hartu zuen, pintura eta poesia uztartzen zituzten lanez
Katalogoaren testuaren amaieran Alfredo Díaz de Cerioren poeta-izaera ekartzen da gogora; izan ere, bederatzi poema-liburu argitaratu eta sari ugari jaso zituen. Hizpide hartzen dituen gaiak maitatu eta maitatua izateko grina abesten dute, eta, bizitzaren beste aldean, heriotzaren presentzia eta horren ukazioa, betiko bizitzeko nahiak hartaratuta. José Corredor-Matheosek berak obra irakurri eta erakusketa ikusteko gomendatzen du, artista honek munduaren gainean izandako ikuspegia ulertzeko.

Ibilbide artistiko luzean zehar, Alfredo Díaz de Ceriok bakarkako 60 erakusketa baino gehiagotan erakutsi zituen bere lanak 1971 eta 2019 artean, beste beste, hiri hauetan: Iruña, Zaragoza, Logroño, Madril, Donostia, Burlata, Tutera, Lizarra, Tafalla, Zangoza eta Brilon Stadt (Alemania). Halaber, 100dik gora talde-erakusketetan parte hartu zuen, Nafarroako eta beste autonomi erkidego batzuetako kultur guneetan, adibidez Madrilen, Errioxan, Katalunian eta EAEn. Alemania eta Suitzako talde-erakusketetan ere erakutsi dira bere lanak. Eta toki askotako bildumak osatzen dituzte bere lanek: Zaragoza, Tenerife, Málaga, Nafarroa, Errioxa, Valentzia eta Bartzelona.

¿Te ha sido útil esta página?