Udalak aldi baterako debekatu du Mercairuñan partikularrei saltzea, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko babes-neurri gisa

Udalak aldi baterako debekatu du Mercairuñan partikularrei saltzea, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko babes-neurri gisa
Erabaki hori, alkatetzako ebazpen bidez onetsia, osasun-krisiaren bilakaeraren arabera luzatuko da
Mercairuña

 

Mercairuñako fruta-, barazki- eta arrain-merkatuek ezin izanen diete produkturik saldu kontsumitzaile eta partikularrei. Horixe erabaki du Iruñeko Udalak, “handizkako elikagai-establezimendu bati galdatzen ahal zaion osasun-bermea” ziurtatzeko neurri gisa. Alkatetzako ebazpen bidez hartu da erabakia, COVID-19 koronabirusaren hedapena ekiditea jomuga hartuta.
 

Mercairuña Iruñerrian elikagai galkorrak handizka banatzea errazteko baliabide gisa sortu zen, baina, egiaz, partikularrak eta azken kontsumitzaileak sarri joaten dira instalazio horietara erosketak egitera, hori bai, handizkariendako ezarritako unitate berberetan erosi behar dute. Izan ere, hala dago baimenduta Iruñeko Elikadura Unitateko Fruta-Barazki eta Arrainen Merkatu Nagusietako Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamenduan. Edonola ere, eta egungo osasun-krisiaren aurrean, Udalak baimen hori etetea erabaki du, eta, hartara, partikularrei ez zaie erosle gisa sartzen utziko merkatu horietako instalazioetara. Erabaki horren indarraldiak iraunen du alarma-egoeran zehar koronabirusa kontrolatzeko hartzen diren neurrien arabera.
 

Mercairuñako Fruta eta Barazki Merkatuak handizkarien lizentzia duten 10 titular ditu gaur gaurkoz, eta Arrain Merkatuak, 6. Jarduera ia egunez egun desberdina den arren, egunean 75 tona fruta, barazki eta patata ekartzen dituzte instalazioetara, batez beste, eta 9.500-10.000 kilo arrain gutxi gorabehera. Alarma-egoeran egoteak ez dio eragin produktu horien hornidurari, eta osasun-krisiaren aurreko jardunari eutsi diote. Astelehen, asteazken eta ostiraletan egoten da jardun handiena fruta eta barazkiei dagokienez. Bestalde, arrainari dagokionez, astearte eta ostiralak dira jardun handieneko egunak.

¿Te ha sido útil esta página?