Udalak aldaketa digital pertsonalizatuaren aldeko apustua egin du txikizkako merkataritzan Europako CORE lankidetza-proiektuaren bidez

Udalak aldaketa digital pertsonalizatuaren aldeko apustua egin du txikizkako merkataritzan Europako CORE lankidetza-proiektuaren bidez
Iruñeak, beste zazpi kiderekin batera, parte hartzen du Interreg - POCTEFA programako funtsak jaso dituen mugaz gaindiko proiektu honetan
Digitalización comercios

 

Iruñeko Udala parte hartzen ari da CORE (txikizkako merkataritza lehiakorra) mugaz gaindiko lankidetzako proiektuan, zeinak Europako FEDER Funtsetako finantziazioa jaso baitu Interreg - POCTEFA programaren bidez. CORE proiektuak aldaketa digital pertsonalizatuan laguntzeko sistema bat planteatzen du, betiere denda bakoitzak duen teknologia-heldutasun mailaren arabera. Iruñeak, besteak beste, proiektuan engaiatuko diren 50 denda erakartzeko konpromisoa hartu du, egokitzapen eta aldaketa digitala lortuta lehiakor izaten jarrai dezaten.
 

CORE (txikizkako merkataritza lehiakorra) proiektuak Gipuzkoako Merkataritza Federazioa du buru; eta honako hauek, bazkide: Iruñeko Udala, AENKOMER Arabako Merkataritzako eta Zerbitzuetako Enpresariak, Paueko, Bearneko eta Atlantikoko Pirinioetako Chambre de Commerce et D´Industrie, Toulouseko Chambre de Commerce et D´Industrie, Toulouseko Udala, Kataluniako EURECAT fundazioa eta Atlantikoko Pirinioetako École Supérieure de Technologies Industrielles Avancés. Proiektuaren aurrekontu orokorra 1.290.776 eurokoa da eta horietako 122.699,21 euro Iruñeko Udalak jarriko ditu. Programak dirulaguntza jaso du Interreg - POCTEFA bidez, aurrekontu orokorraren % 65 estaltzen duena.
 

Gizartearen digitalizazioak aukera handiak eskaintzen ditu, baina aldi berean erronkak planteatzen dizkio txikizkako merkataritzari, hirietan ohikoena denari. Kontsumitzaileen erosketa-azturak aldatu dira hala informatzeko eran eta dirua gastatzean erabakitzeko eran nola erosketa egiteko aukeratutako bideetan. Horregatik, garrantzitsua da merkataritza-sektoreko ETEan, txikizkako merkataritza delakoan, aldaketa digitala egitea, horrela lehiakor izaten jarraitzeko.
 

Interreg V-A Espainia – Frantzia – Andorra (POCTEFA 2014 – 2020) programak mugaz gaindiko eremuan ekonomia- eta gizarte-integrazioa mantendu eta indartzea du helburu. Hori lortzeko, lankidetza-proiektuak sustatu eta finantzatzen ditu, Espainia, Frantzia eta Andorrako bazkideen artean, zehazten den lurraldean egitekoak. Europar Batasunak finantzatzen du programa, 178 milioi euroko aurrekontuarekin, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren bitartez (FEDER).
 

Proiektuaren faseak:

Interreg - POCTEFAko deialdiak lehentasunezko sei ardatz ditu, eta gaikako zazpi helburu. CORE proiektua berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatzeko zehaztutako ardatzean dago, bi helburu zehatzen barruan, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko eta ETEen lehiakortasuna hobetzeko.
 

CORE, aurreikusita dagoenaren arabera, 2020ko urtarriletik 2022ko martxora gauzatuko da, sei alditan banaturik. Landa-lana eta metodologia-diseinua eginen dira lehenik, eta horretarako merkatuan dauden irtenbide teknologikoak aztertuko dira, merkataritzari aplikatutako aldaketa digitalen jardunbide egokiak bilduko dira eta parte hartzeko prozesuak antolatuko dira (4.0 Laborategiak) merkatariekin eta merkatarien elkarteekin, horrela, proposatutako tresnak sektorearen errealitatera doitzen direla bermatzeko. Bigarren urratsean plataforma bat garatuko da heldutasun digitala aztertzeko; eta norberari egokitutako ibilbideak diseinatuko dira merkataritzako ETEen aldaketa digitalerako.
 

Hirugarrenik, prestakuntza- eta gaikuntza-saioak eskainiko zaizkie proiektuan parte hartzen ari diren entitateetako langile teknikoei, eta zenbait ekintza eginen dira merkatari parte-hartzaileak erakartzeko eta hautatzeko. Laugarrenik, irtenbide digitalen pilotajea eginen da: merkatari parte-hartzaileek aldaketa digitalerako proposamenak jasoko dituzte, diagnostikoen emaitzei egokituak, eta irtenbideak inplementatzeko laguntza jasoko dute. Bosgarrenik, komunikazio-plan bat diseinatuko da, proiektua ezagutarazteko diagnostikoa eta aholkularitza digitala jaso litzaketen ETEei. Azkenik, proiektuaren kudeaketa eta jarraipena kanpoko laguntza teknikoaren bidez eginen da, proiektuko buruaren ikuskaritzapean.
 

Iruñeko Merkataritzako Plan Estrategikoan proposatutako lan ildoa

Halaber, proiektu hau Iruñeko Merkataritzako Plan Estrategikoan (2018–2022) txertaturik dago. Planak bost ardatz estrategiko zehazten ditu, 15 ekintza-ildotan eta 50 jarduketa-neurritan banatuta, hiriko txikizkako merkataritza bultzatu eta planean jasotzen diren helburuak erdiesteko. Ekintzailetza eta lehiakortasuneko ardatzak barne hartzen du merkataritza teknologikoki egokitzen laguntzeko jarduketa-ildoa. CORE proiektuan parte-hartzea ekarpen erabakigarria izanen da planean azaltzen diren 50 neurri horietako batzuk ederki gauzatzeko.
 

Iruñeko Udalak, CORE proiektuaz bezainbatean, konpromisoa hartu du, 50 dendaren engaiamendua antolatu eta koordinatzeko aldaketa digitalerako diagnostiko-, coaching- eta ibilbide-prozesuan parte har dezaten, prozesu horiek gauzatzeko laguntza teknikoa kontratatzeko, eta proiektuaren Komunikazio Nagusiko Plana kontratatu eta ikuskatzeko. Halaber, Udalak parte hartuko du proiektuko bazkideen bileretan, prestakuntza-saioetan eta jardunbide egokiak trukatzekoetan; 4.0 Laborategietan parte hartzeko bi saio antolatuko ditu 2020an, baita 2022rako aurreikusitako bazkide-topaketa ere.

¿Te ha sido útil esta página?