Iruñeko Udalak gomendatzen du San José hilerrirako bisitak, Domu Santu eguna dela-eta, asteburutik kanpo egitea. Oraingo osasun-krisiaren egoera kontuan hartuta denboran ahalik eta gehien banandu nahi dira bisitak, pertsona kopuru handiak aldi berean pilatu ez daitezen. Hori horrela, gogora ekartzen da Hilerriaren irekiera-ordutegia dela 08:00etatik 19:00etara, azaroaren 2ra arte, eta 08:00etatik 18:00etara, azaroaren 3tik aitzina.
Jende-metaketarik gerta ez dadin kontrolatzeko, 2.000 laguneko gehieneko edukiera ezarri da hilerriaren barrurako. Sartu eta irteten diren pertsonak zenbatzeaz gain, sarrera-kontroletan gorputzaren tenperatura hartuko dute (37,5º zentigradotik gora dutenak ezin izanen dira sartu) eta maskara jantzita doazela egiaztatuko dute. Jendea bakarrik ate nagusitik sartuko da, eta irten, betiere, ibai aldeko atetik.
Halaber, bisitak gehienez ere familia-nukleo bereko 4 laguneko taldeetan egiten direla kontrolatuko da. Bisita gehienez ere ordu betekoa izanen da. Aipatu inguruabar horiek guztiak barrutiaren barruko aldean ere kontrolatuko dira, bai eta pertsonen artean 1,5 metroko tartea gordetzen dela ere. Xede horretarako, Udalak Babes zibileko 10 laguntzaile kontratatu ditu.
Halaber, gel hidroalkoholikoak jarriko ditu sarreretan eta barrutian banatuta. Komunak irekita egonen dira eta ohiko erabilerako plataformak eta eskailerak erabiltzen ahalko dira, iturriez gain, azaroaren 1ean izan ezik. Domu Santuen egunean, azaroaren 1ean (igandea), ezin izanen da hilerrira loreekin sartu. Orobat, debeku da Hilerriaren barruan erre, jan, edan eta zeremoniarik edo bestelako ekitaldirik egitea.
2.500 hileta-zerbitzu baino gehiago 2020an
2020 urte hasieratik gaur egun arte San José hilerriak 2.583 hileta-zerbitzu eman ditu guztira. Horien % 78,5 errausketak izan dira, % 13,1, nitxo-ehorzketak, eta gainerakoak, bestelako ehorzketa-lanak. Zehazki, urriaren 27ra arte 2.162 errausketa egin dira, 363 nitxo-ehorzketa, 191 panteoi-ehorzketa eta 37 lur-ehorzketa.
Iruñeko hilerriak 128.000 metro koadro ditu, eta lekua dago lurreko 4.000 ehorztokirako eta 4.000 panteoirako, 1.800 kolunbariorako eta 800 errauts-kolunbariorako, eta, horrez gain, 16.500 nitxo inguru daude.
Aldaketak zirkulazioan
Urriaren 30 eta 31n eta azaroaren 1ean, oinezkoek bakarrik erabiltzen ahalko dute Hilerrirako sarbidea Nafarroa etorbidetik, Donibane Kirol Elkartearen ondotik. Hiru egun horietan, 08:00etatik 20:00etara, zirkulazioa moztuko da Nafarroa etorbideko biribilgunean –Donibane Kirol Elkartearen ondoan–, Orkoien eta Biurdana kaleen arteko bidegurutzeko biribilgunean –Julio Caro Baroja-La Granja BHIren ondoan– eta Miluzeko errepidean, Barañaindik gertuen dagoen sarbidetik aurrera. Nolanahi ere, pertsona eta, batez ere, ibilgailu ugari ez dabiltzan orduetan, Udaltzaingoak ibilgailuen zirkulazioa baimenduko du Orkoien eta Biurdanako biribilguneetan eta Miluzeko errepidean.
Hala nahi dutenek Nafarroa etorbideko biribilgunearen ondoko behin-behineko aparkalekuan –Donibane Kirol Elkartearen eta Biurdanako parkearen artean–aparkatzen ahalko dute, sarbidea Nafarroa etorbidetik izanen delarik. Horrez gain, Hilerritik gertu dauden Donibane auzoko bideak aparkatze arautuko eremuak direnez, bertan txandaka aparkatzeko toki ugari egonen dira.
Sarbide librea izanen dute taxiek, loradenda-enpresetako ibilgailuek (Udaltzaingoak emandako txartelarekin) eta minusbaliotasun-txartela indarrean duten ibilgailuek, betiere txartelaren titularra ibilgailuan badoa. Ibilgailu horiek Hilerriaren inguruetan aparkatzen ahalko dute ordu betez gehienez ere.
Halaber, justifikatutako arrazoia edo aldi baterako ezgaitasun fisikoa –behar bezala egiaztatua– duten pertsonek Udaltzaingoan eska dezakete ibilgailu bakar baterako baimena hilerriaren inguruetaraino sartzeko. Eskaera horiek astelehenetik ostiralera egin daitezke, 08:30etik 14:30era.