Udalak Agustindarren komentu zaharra lizitatuko du, eraikina birgaitu eta martxan jartzeko, eta laguntza emateko, osasun-aferetarako eta bizitegi komunitario gisa erabiltzeko

Udalak Agustindarren komentu zaharra lizitatuko du, eraikina birgaitu eta martxan jartzeko, eta laguntza emateko, osasun-aferetarako eta bizitegi komunitario gisa erabiltzeko
10.000 m2-ko lurzatiaren lizitazioa irabazi-asmoa duten eta irabazi-asmorik ez duten entitateek eskuratzen ahalko dute, eta lagapena 75 urterako izanen da gehienez ere
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak martxan jarri du Arantzadi inguruan dagoen Agustindar Errekoleten komentu zaharrari eta bere lurzatiari erabilera berriak emateko prozesua. Laster hasiko da gune hori kudeatzeko eta ustiatzeko jabari publikoko emakidaren lizitazioa, betiere osasun-aferetarako, laguntza emateko eta bizitegi komunitario gisa erabiltzen bada.  Nortasun juridikoa duten entitateei, irabazi-asmoekin edo gabe, ematen ahalko zaie lizitazioa, betiere Iruñerrian  gutxik edo inork eskaintzen ez duen zerbitzu bat eskaintzen badute.

Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorreko zinegotziak gaur goizean aurkeztu ditu gune horretarako udal-helburuak, eta gune hori kudeatu eta ustiatzeko baldintzak.   Udalaren proposamena honetan datza: lehiaketa libreko emakida hori 50 urtez esleitzea, epe hori beste 25 urtez luzatzeko aukerarekin. Irabazi-asmorik gabeko entitateen kasuan, Udalak ordainsari hau eskuratuko du: kudeatzaileek inguruko auzoetako auzokide, kolektibo, elkarte eta entitate aktiboekin gune horren erabilera partekatuko dute. Irabazi-asmoa duten entitateei dagokienez, urtero berritu daitekeen 46.732,83 euroko kanona ordainduko diote Iruñeko Udalari.

Agustindarren komentua Arantzadi parkean dago, udal-jabetzako gune bat da 2015etik, eta zuzkidura-erabilera izanen du.  Carlos Errozek eraiki zuen, 1967an, Fernando Redónen proiektua ardatz hartuta. Higiezinak ‘U’ formako egitura du, erdian bizitegi-area bat, eta alboetan zerbitzu osagarrietarako guneak.   2011tik ez da erabiltzen, mojak joan zirenetik, hain zuzen ere. Halaber, iazko maiatzean itxi egin zuten segurtasun- eta osasun-arrazoiengatik. Hala ere, proiektu batzuk egin nahi izan dira bertan, besteak beste, ikus-entzunezkoen Hub-a, baina azkenean ez zen egin. Lurzatiaren azalera 9.716 m²-koa da, eta horren bostena, 2.248,30 m², komentu zaharraren eraikinek osatzen dute.

Erreferentziazko gunea
Komentuaren lurzatia Arantzadi parkean dago; parke hori hiri-mailako proiektu bati dagokio, eta Arga ibaiaren ezkerreko aldeko meandroan dago. Gune hori birika berde bat izateko dago pentsatuta, eta gune naturalizatu hauek barne hartzen ditu 150.000 metro karratutan: ibai-inguruko gune naturalizatu eta bioanitzak (ibaiertzeko basoa), nekazaritza-parkea (baratzeak eta interpretaziorako guneak) eta hiri-parke bat (berdeguneak, plazak, haurrendako jolasguneak), etab.

Arantzadi parkea, berdegune bat izateaz gain, Alde Zaharra, Arrotxapea eta Txantrea lotzeko oinezkoendako eta bizikletendako gune bat ere bada. Udalaren beste helburuetako batzuk dira parkeak bere diseinuari esker ingurumen-jasangarritasuna eta -hezkuntza bultzatzeko balio dezan lortzea, espazio horren nekazaritza-erabilera tradizionalei balioa ematea eta ekonomia zirkularra sustatzea, baliabide naturalen eta energiaren erabilera minimizatuko duen ekoizpen-eredu gisa.

Agustindarren komentua birgaitzeko eta erabiltzen hasteko lizitazioa Arantzadi gunea Berreskuratzeko Planaren parte da. Iruñeko Udala Plan hori bukatzen ari da, eta haren helburu nagusia da hiriko birika berde hori berreskuratzea eta garrantzitsutzat jotzea; izan ere, gune horretako instalazioak narriatuz joan dira azken urteotan. Agustindarren komentuaz gain, gune hauek berreskuratzeko proiektuak ere martxan dira: Arraiza Etxea (artistendako bizitokia izanen da) eta Etxezuria (erabilera jasangarriko nekazaritza-gunea izanen da).  

Proposamenak aurkezteko epea eta modua 
Laster Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko da Agustindar Errekoleten komentu zaharraren lurzatia kudeatu eta ustiatzeko lurzoru eta jabari publikoko emakidaren lizitazioa. Proposamenak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, lizitazioa argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta lizitazioen oinarrietan ezarritako moduan aurkeztu beharko dira.  

Deialdian parte hartu nahi duten entitate eta kooperatibek Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dituzte proposamenak, bai eta online erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz ere. Proposamenak posta elektronikoz bidaltzen badira, posta-bulegora bidali den dataren frogagiri baten bidez egiaztatu beharko da, eta, gainera, kontratazio-organoari eskaintza bidali dela jakinarazi beharko da gerenciadeurbanismo@pamplona.es helbide elektronikora korreo bat bidaliz.

Hautatzeko irizpideak
Lizitazioan parte hartzen dutenek proposamen tekniko bat aurkeztu beharko dute proiektua azaltzeko; gainera, deskribapen-memoria bat aurkeztu beharko dute, proposamen hori parkea erabiltzeko moduekin bateratzeko. Halaber, interes publikoko jarduera zehatzen memoria bat aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, eskainiko diren produktuen eta beren prezioen zerrenda bat ere bai. Horiez gain, Iruñerrian gutxik edo inork eskaintzen ez dituen zerbitzuak eskainiko dituztela justifikatuko duten agiriak aurkeztu beharko dira. Azkenik, proposamenak barne hartu beharko ditu eraikinerako aurreikusitako irtenbide arkitektonikoak. 

Prozedura baloratzeko 100 puntuetatik 45 honako alderdi hauekin daude lotuta: proposamen arkitektonikoa eta gunea erabiltzeko moduak, baratze-guneekin bat egiteko modua eta gunerako mugikortasun-irtenbideak aintzat hartzea. Beste 25 puntu, berriz, honako hauei egonen dira lotuta: zentroa osasun-aferetarako, laguntza emateko eta zentroan gaituko den bizileku komunitario gisa erabiltzea, bizileku horren beharra aldizka egiaztatuta. Bestalde, interes publikoko beste jarduera batzuk eta baratzeen kudeaketan Gizarte Ekintzako Alorrarekin egindako elkarlana hartuko dira kontuan.  Zentroaren barne arauak ere baloratuko dira.

Gainerako 30 puntuetatik 20 proposamen ekonomikoarekin egonen dira lotuta (aurreikusitako inbertsioa, finantza-plana eta eskainiko diren zerbitzuen prezioa), eta beste 10 puntuak, irizpide sozialekin: arrazoi desberdinengatik enplegagarritasun zaila duten pertsonak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak kontratatzeko konpromisoa.   Bazter geratuko dira azken balorazioan 50 puntu baino gutxiago eskuratzen dituzten proposamenak.
 

¿Te ha sido útil esta página?