Udalak abian jarri du Bizikletetarako Aparkaleku Publikoen Sarea, hiru kokaleku berrirekin: Zezen-plaza, Ospitalegunea eta Txantrea

Udalak abian jarri du Bizikletetarako Aparkaleku Publikoen Sarea, hiru kokaleku berrirekin: Zezen-plaza, Ospitalegunea eta Txantrea
Lehentasuna eman zaio tokiak txandaka erabiltzeari, hileroko oinarrizko tarifa 2 euro da, eta zerbitzuan alta har daiteke www.pamplona.es/Biziz webgunean edo Nbici-Biziz aplikazioaren bidez
Irudia
Irudia
Irudia
aparcabicis

Iruñeko Udalak gaur jarri du abian Bizikletetarako Aparkaleku Publikoen Sare berria, modulu estaliak izanen dituena. Bizikleta-aparkalekuek sarbideak kontrolatzeko sistema eta bideozaintza dituzte, eta prestaturik daude mota horretako ibilgailuak aparkatzeko. Lehenengo hiru moduluak Zezen-plazan (Emilio Arrieta kalearen ondoan), Nafarroako Ospitalegunearen eremuan eta Txantreako Arriurdiñeta plazan (liburutegi publikoaren ondoan) instalatu dira. Gaur zezen-plazako aparkalekuan eginiko aurkezpenean, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak sarearen alderdi nagusiak azaldu ditu.
 

Erabiltzaileek haien bizikletak aparkatzen ahalko dituzte 24 orduz, eta astean 7 egunez. Hileroko oinarrizko tarifa 2 euro da, eta hiru aparkalekuetan aparkatzeko aukera ematen du, erabiltzailea altan dagoen hilabete bakoitzean eta nahi beste alditan, betiere gehienez ere 48 orduz jarraian. Denbora hori pasata, bizikletak aparkatuta jarraituz gero, erabiltzaileak 50 zentimo gehiago ordaindu beharko ditu ordu bakoitzeko. Halaber, aparkatze-tokien txandakako erabilera bermatzeko asmoz, erabiltzaile batek bizikleta aparkalekutik ateratzen duenean, gutxienez hamar minutu igaro beharko dira berriz ere sartu aurretik beste denbora-zatiki bat zenbatzen hasteko. Aparkaleku bakoitzak 50 leku, bizikleta elektrikoetarako 2 kargagune adimentsu eta gurpiletarako puzgailu bat dauzka.
 

Zerbitzuan alta har daiteke www.pamplona.es/Biziz  webgunean edo Nbici-Biziz aplikazioaren bidez. Argibide gehiago eskura daiteke Mugikortasuneko Zerbitzuan, 948420974 telefonoan. Txantreako aparkalekuaren kasuan, auzoko bizilagunendako tokiak gordetzea aurreikusi da, hortaz, aparkaleku mistoa izanen da, txandakakoa eta bizitegi-erabilerakoa. Egun, Udala lanean ari da auzotarrek aparkalekuaz eginen duten erabilera ezarriko duten arauak osatzeko.
 

Ate irekien egunak: gaur, urtarrilak 24 (ostirala), urtarrilak 25 (larunbata), urtarrilak 27 (astelehena) eta urtarrilak 28 (asteartea)
 

Interesa duten pertsona guztiei zuzenduta, Udalak ate irekien egunak antolatu ditu, gaur, bihar (larunbata), astelehenean eta asteartean; horietan, udal-teknikariek azpiegituren inguruko xehetasunak ezagutzera eman eta zalantzak argituko dituzte, honako ordutegian: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara Zezen-plazako aparkalekuan; 10:00etatik 14:00etara Ospitalegunekoan, eta 16:00etatik 19:00etara Txantreakoan, liburutegi publikoaren ondoan. Gainera, aparkalekuak eta haien erabilera ezagutzera emate aldera, Udalak liburuxka bat editatu eta bideo bat egin du, eta azken hori Udalaren sare sozialetan hedatuko dute. Era berean, eta Aparkaleku Publikoen Sarea bultzatzeko asmoz, alta hartzen duten lagunek zerbitzua doan erabiltzeko aukera izanen dute martxoaren 1era bitarte.
 

App-aren edo webgunearen bidez alta hartu ondoren, erabiltzaileak aparkaleku guztietara sartzeko aukera izanen du alta hartzean emanen zaion sarbide-kode baten bitartez, hura markatuz sarrerako botoietan, edo telefono mugikorrean instalatutako app-aren bitartez. Aparkalekuak aluminiozko egituraz eta polikarbonato gardeneko paramentuz eginak dira, eta argiztapen artifiziala eta bateria osagarri bat ere badute, hutsegite elektrikoren bat egonez gero funtzionatzen jarraitzeko. Gardentasuna eta argiztapena lagungarri dira erabiltzaileen eta ingurunearen segurtasunerako. Hainbat hilabetez Nafarroako Liburutegi Nagusian eta Aldapako San Fermin festetan Basotxoan kokatutakoen antzekoak dira.
 

Hiriko guneen eskariei erantzuna eman eta sarea osatzen joan
 

Zezen-plazaren inguruko aparkalekua Arrieta kalearen inguruetan jarri da, Alde Zaharrera zein Zabalguneetara joaten direnei eta, gerora, Labriteko igarobide jasangarrian ibiliko direnei zerbitzua emate aldera. Nafarroako Ospitalegunean instalatu dena Viñaburu Botikariaren kaletik hurbil dagoen eremu batean jarri da, Protomedikatoaren plazan (lurpeko aparkalekuaren gainean). Hor kokatuz ospitaleetako langileei eta kontsultetara edo bisitan joaten direnei eman nahi zaie zerbitzua. Azkenik, Txantreako aparkalekua liburutegi publikoaren ondoan paratu da, eta loturik dago eginen den Labriteko igarobide jasangarriarekin, zeinak San Kristobal kaletik jarraituko baitu Atarrabiako etorbideraino, aparkalekuaren kokaleku den Arriurdiñeta plazatik oso hurbil.
 

Mugikortasun Zerbitzua, besteak beste, hirian honelako beste aparkaleku batzuk jartzeko aukera aztertzen ari da, txirrindularien eskura izanen den sarea sortze aldera.
 

Intelligent Parking SL enpresak instalatu ditu gaur abian jarri diren hiru egiturak; izan ere, hura da esleipenduna sarbide kontrolatua duten txandakako aparkaleku estali eta bideozaintzadun hauek hornitu, instalatu, kudeatu eta horien mantentze-lanak egiteko lizitatu den esparru-akordioan. Aurrekontuak 97.908 euro jo ditu (79.500 euroan hiru aparkalekuak eta 18.408 euroan 2020ko abendura arteko kudeaketa eta mantentze-lanak). Aurreikuspenen arabera, sarea kudeatu eta mantentzeko lanen kostua erabiltzaileek ordaindutako tarifekin estaliko da.
 

Lau auzo-aparkaleku, eta batzuetan badira toki libreak
 

Horiez gain, jada abian diren lau auzo-aparkaleku daude, Alde Zaharrean (Descalzos eta San Anton kaleetan), Arrotxapean (Urzainki kalean) eta Milagrosan (Guelbenzu zeharkalean). Aurreneko bietan toki guztiak beteta daude; izan ere, eskaera egin zuten auzotarrei esleitu zitzaizkien erabilera-emakidarako deitutako prozeduretan. Dena den, itxaron-zerrenda dago, eta bajarik izanez gero, esleipen berriak egiten dira.
 

Arrotxapekoak 170 toki ditu, eta Milagrosakoak 158, eta oraindik ere badira toki libreak. Aparkaleku bakoitzak haurrendako 8 toki ditu. Bizikleta uzteko toki bat eskatu ahal izateko, beharrezkoa da toki bat erreserbatu nahi den aparkalekua zein auzotan egon eta horretako etxe batean erroldaturik egotea, adinez nagusia izatea, eta 14 eta 17 urte bitarte edukiz gero, aitaren edo amaren baimena aurkeztea. 14 urtetik beherakoentzat, gurasoek edo legezko tutoreek eskatuko dute lekua. Helduendako tokietan, urteko tarifa 60 euro da, eta haurrendako, 30. Tarifa murriztuko bi mota daude, diru-sarreren arabera. Argibide gehiago nahi izanez gero, movilidad@pamplona.es posta elektronikora jo daiteke.

¿Te ha sido útil esta página?