Udalak 993.000 euro inbertituko ditu Haur eta Lehen Hezkuntzako zazpi ikastetxe publikotan komunak eraberritzeko, leihoak aldatzeko eta espazio berriak egokitzeko

Udalak 993.000 euro inbertituko ditu Haur eta Lehen Hezkuntzako zazpi ikastetxe publikotan komunak eraberritzeko, leihoak aldatzeko eta espazio berriak egokitzeko
Lanak udan eginen dira San Frantzisko, San Juan de la Cadena, Sanduzelai, Hegoalde, Amaiur, Iturrama eta Gª Galdeano ikastetxeetan

 

 

Lanak egiteko zazpi proiektu hiriko zazpi ikastetxe publikotan. Iruñeko Udalak lau kontratu lizitatuko ditu datozen asteetan, guztira ia milioi bat euroko aurrekontuarekin (zehazki 993.000 euro), lanak ekainean abiatzeko asmoz, behin ikasturtea amaitutakoan. Lanak San Frantzisko, San Juan de la Cadena, Sanduzelai, Hegoalde, Amaiur, Iturrama eta Gª Galdeano ikastetxeetan eginen dira.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan obrak egiteko urtero egiten diren inbertsioetan ohiko den bezala, batez ere komunak eraberritu eta leihoak nahiz arotzeriak aldatuko dira. Oraingo honetan, hezkuntza-komunitatearendako guneak egokitzeko beste bi proiektu espezifiko ere eginen dira. San Frantzisko eskolan gimnasio gisa egokituko da 2018an patioa estaltzeko egin ziren lanetan sortu zen bolumen erabil gabea, eta San Juan de la Cadenan beheko solairuan dagoen jantokia handitu eta beste ikasgela bat sortuko da lehenengo solairuan.

Proiektu Estrategiko, Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkari Fermín Alonsok eta Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkari Fernando Sesmak xehetasunak eman dituzte Iruñeko ikastetxeetan obrak eta eraberritzeak egiteko programa honen inguruan. Alde batetik, hezkuntza-komunitateak berak antzemandako erabilera-beharrei egokitu nahi dira ikastetxeak, horretarako gune berriak sortuta, hala nola gimnasioa, jantoki handiagoa eta komun eraberrituak; bestetik, ikastetxeen egoera hobetu nahi da, arotzeria eta leiho berriak instalatuta, energia aurreztu eta modu eraginkorragoan kontsumitzeko eta ingurumena zaintzeko.

Gimnasio bat San Frantzisko eskolan

San Frantzisko eskolan gimnasio bat egiteko lanen proiektua 200.522,58 euroko aurrekontua duen kontratu baten bidez lizitatuko da, eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa izanen da. Gimnasio gisa egokituko da 2018an patioaren ia heren bat babesteko estalki bat instalatzeko egin ziren eraberritze-lanetan eraikitako bolumen bat. Eraikitako pieza hori lehenengo solairuaren altuera berarekin eraiki zuten.

Gune hori egokitzeko, San Frantzisko kaleko aldean dauden bi komun-multzoak aldatu behar dira, baita horietarako sarbidea ere; halaber, gunea modu egokian erabiltzeko behar diren instalazioak eginen dituzte bertan. Komunetako elementuak murriztuko dira, horietako bat sarbide bilakatuko baita, eraikineko bide nagusietatik heltzeko; halaber, beste komunaren parte bat instalazio-gela izanen da, eta bertan paratuko dira aireztatze- eta berogailu-elementuak.

Lan horiez gain, gunea erabilgarri uztekoak eginen dira, besteak beste, kristal bikoitzeko PVC-arotzeriako leihoak paratuko dira, egurrezko ateak eta gunean egitekoak diren jardueretarako beharrezkoa den kirol-motako zoladura. Era berean, honako hauetarako elementuak ere instalatuko dira: aireztatzea, klimatizazioa, elektrizitatea eta suteen kontrako babesa.

Jantokia handitzea San Juan de la Cadenan

San Juan de la Cadena IPan eginen diren lanetan beheko solairuan dagoen jantokia handituko da, eta ikasgela berri bat sortuko da eraikinaren lehen solairuan. Lanak bigarren kontratu baten bidez lizitatuko dira, 192.184,35 euroan, eta aurreikuspenen arabera, obrak gauzatzeko epea 4 hilabetekoa izanen da.

Patioaren fatxadan zulo bat irekiko da, egungo jantokiaren ondoan, hortik gune berrira igaro ahal izateko. Egitura berri bat eginen da, hormigoi-zapata gaineko zutabe metalikoz, altzairuzko pilarez eta txapa kolaborante forjatuz osatua. Handitzearen estalkia erabiliko da gune berria aireztatzeko kanpoko elementuak paratzeko.

Jantokiaren handitzeak ez du patioaren espazio guztia hartuko, eta patio txiki bat sortuko da igogailuaren ondoan, eta horri esker, zirkulazio-eremu horiek argiztapen- eta aireztapen-naturala izaten jarraituko dute. Ikastetxearen antolamenduan eginen diren gainerako aldaketak oso txikiak izanen dira; dena den, ikasgela berrira sartzeko pasabide bat sortuko da, idazkaritzaren eremua zertxobait murriztuz.

Komunak eraberritzea Hegoalden, Sanduzelain eta Amaiurren

Hirugarren kontratua, Amaiur eta Hegoalde Ikastoletako eta Sanduzelai Ikastetxe Publikoko komunak eraberritzekoa, 314.472,67 euroan lizitatuko da. Hiru lotetan lizitatuko da, bana ikastetxe bakoitzeko. Sanduzelaikoak 90.716,89 euroko aurrekontua izanen du, Hegoaldekoak, 142.671,39 eurokoa, eta Amaiurkoak, 81.084,39 eurokoa. Eraberritzeak gauzatzeko epea hiru hilabetekoa da.

Hegoalde Ikastolan eraikin zaharreneko beheko eta lehen solairuan dauden komunen espazioak birbanatuko dira. Egun gutxi gorabehera simetrikoak diren bi eremutan banatuta dauden bi komun-guneak espazio bakar batean batuko dira, eta bertan gune bat erreserbatuko da komun egokitu bat paratzeko. Amaiur Ikastolan, ikastetxeko komunen eraberritzearen bigarren faseari helduko zaio: eraikinaren iparreko aldean dauden komunei eraginen die, beheko solairuan eta lehen solairuan daudenei, gimnasioaren ondoan dauden eskailera-gunearen parean. Ikasleendako bi komun sortuko dira, gaur egun irakasleendako komun txiki batek eta ikasleendako beste batek okupatzen duten espazioa birbanatuz.

Sanduzelai IPan, ikastetxeko lehen solairuko komunetako alikatatuak eta zoladurak, komun-ontziak, luminariak eta mekanismo elektrikoak kenduko dira, eta kanpoko arotzerien ordez aluminiozko leihoak paratuko dira, zubi termikoaren hausturaz eta kristal bikoitzaz. Hegoalden eta Amaiurren eginen diren lanen barruan, aldaketak eginen dira alikatatuetan, zoladuretan, komun-ontzietan eta argiztapenean, eta doikuntzak iturgintza-lanetan, saneamenduan eta arotzerietan.

Leiho berriak Iturrama eta García Galdeano ikastetxe publikoetan

Laugarren kontratuan, Iturrama eta García Galdeano ikastetxe publikoetako kanpoko leihoak eraberritzekoan, 160.600,92 euro eta 125.969,41 euro inbertituko dira, hurrenez hurren. Kontratua bi lotetan lizitatuko da, bana ikastetxe bakoitzeko, eta guztira 286.570,33 euro gastatuko dira. Kanpoko arotzerien ordez (pertsianak eta sarrailak barne) aluminiozko arotzeria berriak paratuko dira, kristal bikoitzaz eta pertsianak barne.

Zehazki, Iturrama IPko ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetako leihoak aldatuko dira, eta García Galdeano IPko lehen solairukoak. Jarduketa honen bidez, Udalak ikastetxe horien inguratzailearen elementu batzuen parte bat birgaitu nahi du, baldintza termikoak, bizigarritasunekoak eta ikastetxeen erabilera hobetzeko. Kontratuaren lizitazioaren arabera, lanak gauzatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da.

¿Te ha sido útil esta página?