Iruñeko Udalak 93.000 eurora arte igo du 2022ko deialdiaren zenbatekoa, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek enpresak sortu ditzaten diruz laguntzeko Urtean zehar, laguntzak hiru ebazpenetan eman dira, interesdunek proiektuak zehaztu ahala aurkeztu zitzaten. Lehenengoan, 7 eskaera aurkeztu ziren, eta 13.119,83 euro jaso zituzten: bigarrenean, 17 eskaera jaso ziren, eta horietatik 14k, guztira, 25.638,42 euro jaso zituzten; hirugarrenak, zeinak deialdiari amaiera ematen baitio, 35 eskaera jaso ditu, eta horietatik 28k 52.195,44 euro jasoko dituzte. Eskaerari erantzun ahal izateko, Udalak 33.000 euroan igo du 60.000 euroko hasierako zenbatekoa.
Jasotako eskaerak (59), % 75 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, orduan 33 izan baitziren. Adinaren arabera, 49 onuradunetatik 9 (% 18,37) 18 eta 24 urte bitartekoak dira; 21 (ehunekorik handiena, % 42,86), 25 eta 30 urte bitartekoak; eta 19 (% 38,78), 31 eta 35 urte bitartekoak. Sexuari dagokionez, 28 emakumeak dira (% 57,14) eta 21, gizonak (% 42,86). Pertsona horiek ekimen-mota ezberdinak aurkeztu dituzte, hala nola onlineko salmenta, etxez etxeko laguntza zerbitzuak edo logopedia, psikologia, okindegia, mugikorrak saldu eta konpontzea, ile-apaindegia, lurrindegia, nutrizioa eta dietetika, dantza, fisioterapia, podologia, onlineko prestakuntza, ebaketa eta jantzigintza, kirol-ekitaldiak, abokatutza eta arkitektura teknikoa, besteak beste. Enpresa horien bidez, 74 lanpostu sortu dira, iazko deialdian, berriz, 42. Gehienak (43), autonomoak dira; hala ere, hiru mikrokooperatiba eta 3 sozietate mugatu ere sortu dira.
Deialdian gehienez 2.000 euro aurreikusten dira pertsona fisikoendako eta 3.000 euro, pertsona juridikoendako. Dirulaguntza horien onuradunek enpresa-jarduerari 18 hilabetez eutsi behar diote, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartu eta ordutik aitzina, eta jarduera etenez gero, dirulaguntza itzuli beharko dute, betiere etetea ezinbesteko arrazoiek eragin ez badute.
Gazte ekintzaileei laguntzea
Laguntza ekonomikoak emateko deialdia egiteaz gain, Iruñeko Udalak gazte ekintzaileei ematen dien laguntza Enpresaburu Gazteen Elkarteak (EGE) emanen dien aholkularitza-zerbitzuarekin osatuko du. Zerbitzu horren xedea da 8 orduko aholkularitza espezializatua ematea enpresak gehien behar duen arloan. Azaroan eta abenduan, azterlan bat eginen da laguntza gehien behar dituzten arloak zehazteko, hala nola finantzak, salmentak, dirulaguntzak, mentoretza eta komunikazioa. Zerbitzu hori La Bajeran emanen da (kale Nagusia 59), Iruñeko Udalak Enpresaburu Gazteen Elkarteari jarduerak egiteko utzi dion lokalean.
Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta 140 enpresa gaztek baino gehiagok osatzen dute. 21 urte daramatza enpresa gazteek ekonomia- eta gizarte-ehunaren garapenean duten eginkizuna babestu eta aitortzeko lan egiten.
Ekintzailetzako bi kasu
Laguntza horiek aurkezterakoan, bi onuradun hauen testigantzak biltzen zituen bideo bat proiektatu da: Ainhoa Hermoso eta Fernando Rodrigo.
Iaz, Fernando Rodrigok (28 urte) autoenpleguan murgiltzea erabaki zuen, eta ile-apaindegi propioa ireki zuen. Neurri batean, gurasoek bultzatuta egin zuen; ama ile-apaintzailea da eta aita, autonomoa. Aldez aurreko ezagutza horrek autonomo eta Iturrama auzoko Fernando Rodrigo HAIR Saloneko buru bihurtzera bultzatu zuen, Ramiro Mata eskolan bere prestakuntza osatu eta hainbat ile-apaindegitan bere karrera profesionala garatu ondoren. Halaber, sektoreko hainbat sari eman dizkiote Rodrigori.
Bestalde, Ainhoa Hermosok bere izena daraman estudio propioa irekitzea erabaki zuen, gorputza zaintzeko jardueren arloan. Bertan, hainbat eskola ematen ditu, hala nola ballet fita, hipopresiboak, bizkar osasuntsua eta kulturismo-entrenameduak. Madrilgo Mariemma Dantzako Errege Kontserbatorio Profesionalean jaso zuen prestakuntza, eta, orain, Ainhoa Hermoso (25 urte) Taxoare kaleko estudio baten buru da; bertan, irakasle lana egiten du, osasuna eta dantza uztartuz.
Biek jaso dituzte Udalaren gazte ekintzaileendako laguntzak, bakoitzak 2.000 euro, eta horrek negozioa martxan jartzen lagundu die.