Udalak 81.750 euroz lagunduko ditu peñek sanferminetan antolatuko dituzten kaleko jarduerak

Udalak 81.750 euroz lagunduko ditu peñek sanferminetan antolatuko dituzten kaleko jarduerak
Dirulaguntzei esker, txarangak, pankartak egiteko gastuak, haurrendako jarduerak eta ikuskizun herrikoiak ordainduko dituzte



Iruñeko Udalak 81.750 euroz lagunduko ditu peñek sanferminetan antolatuko dituzten jarduerak, betiere irekiak eta kalean egitekoak badira. Diruaguntza-deialdi horren bidez, honako hauek ordainduko dituzte: txarangak, pankartak egiteko gastuak, haurrendako jarduerak eta kalean eginen diren beste doako ikuskizun ireki batzuk. Halaber, musikaren egile-eskubideen gastuak ordaintzen ahalko dituzte, baita txarangek erabiliko dituzten autobusak eta garraio kolektiboa ere.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio-araubidean emanen dira, eta hilabeteko epean eskatzen ahalko dira, martxoaren 21etik aurrera (ostirala). Dirulaguntza hori jaso ahal izateko, peñek gutxienez zortzi jarduera dituen proiektu bat aurkeztu beharko dute, eta sanferminek irauten duten bederatzi egunetatik gutxienez lau egunetan egin beharko dituzte jarduera horiek. 

Elkarteak onuradun izan daitezke peña gisa eta legearekin bat eratuta baldin badaude, eta dagokien erregistroan izena emanda baldin badute.  Gainera, egoitza fiskala eta soziala Iruñean eduki behar dute, eta irabazi-asmorik gabekoak izan. Eskatzaileek estatutuetan jasota izan beharko dute deialdiaren xedeari lotutako jarduerak egitea. Dirulaguntzak jasotzeko baldintza gisa, entitateek konpromisoa hartu beharko dute diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta egin beharreko jarraipen eta egiaztapen-jarduketei men egiteko. Gainera, hizkuntzaren eta irudien erabilera ez sexista bermatu beharko da, eta gardentasun-adierazpen bat aurkeztu. 

Espedienteak izapidetu eta ebatzi ahala esleituko dira dirulaguntzak, sarrera-ordenaren arabera, eta betiere kreditu eskuragarririk badago.     Dirulaguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko dira.  Ezin izanen dira diruz lagundu zezenketetarako abonamenduak eta janari eta edariak (txarangen otorduek eragindako gastuak izan ezik).

Entitate interesdunek Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako dirulaguntzak jasotzearekin. Hala ere, bateraezinak izanen dira Iruñeko Udalak kontzeptu beraren inguruan ematen dituen beste laguntzekin. 
 

¿Te ha sido útil esta página?