Udalak 7 neurgailu jarri ditu bizikleten trafiko-bolumena erregistratzeko hiriko bidegorrien sareko puntu garrantzitsuetan

Udalak 7 neurgailu jarri ditu bizikleten trafiko-bolumena erregistratzeko hiriko bidegorrien sareko puntu garrantzitsuetan
Abian jarri den lehenengo astean 11.775 bizikleta igaro direla erregistratu da, lanegun bakar batean
Carriles bici

 

Iruñeko ziklo-sareak bizikleten iragatea erregistratzeko zazpi puntu dituen sistema estreinatu du. Puntu horiek une bakoitzean toki horietatik igarotzen diren ibilgailu kopurua ezagutzea ahalbidetzen dute. Funtzionamenduan egon den lehen astean zazpi neurgailuetatik lanegun batean11.775 bizikleta iragan direla kontabilizatu da; horrek esan nahi du erregistroak dituen toki bakoitzetik batez beste 1.982 ziklista pasa direla. Egoeraren benetako irudia erakusten duten kopuruak lortze aldera, ezaugarri ezberdinak dituzten eta hiriko hainbat auzotan banatuta dauden tokiak hautatu dira.

Zirkulazio-neurgailuak kokatzeko hautatutako puntuak honako hauek dira: Gipuzkoa etorbidea, Cuatrovientos zubian; Baiona etorbidea; Navas de Tolosa kalea; Gaztelugibel, Erruki Etxearen parean, eta Txantreako Eguesibar kalea. Halaber, bi erregistro-puntu jarri dira Pio XII.aren etorbidean, bat hiritik ateratzeko noranzkoan, Nafarroako etorbidearekin bat egin aurretik, eta bestea, hiriko erdigunerako noranzkoan, Gaztelugibel kalearekin gurutzatzen den tokian. Horien guztien artean, lehenengo astean joan-etorri gehien izan dituen puntua Navas de Tolosa kalekoa izan da, zeinetik batez beste 2.943 bizikleta iragan direla erregistratu baitita egun bakoitzeko. Bertako bidegorria 2020an gauzatu zen, eta jarraipena ematen dio jarraipena ematen die Alde Zaharraren, Zabalguneen eta Pío XII.aren arteko bizikletendako ibilbideei, eta datuek erakusten dute lehentasunezko ibilbide sare bat dela.

Neurtzaileak funtzionamenduan egon diren lehen astean bizikletaren erabilera-ohiturei eta puntu bakoitzeko iragateei buruzko datuak bildu dira. Egiaztatu da, esaterako, garraiobide hori asko erabiltzen dela eguneroko joan-etorrietan, kopuruak astean zehar altuagoak baitira asteburuetan baino. Halaber, erabilera-puntako uneak hautematen dira pertsonak beren lantokietara edo ikasketa-lekuetara joan ohi diren eguneko uneetan.

Ziklisten mugikortasuna sustatzeko ekintzen ebaluazioari esker Iruñeko Udalak denbora-tarteetan neurtutako eta puntu zehatzetan kokatutako datuak izanen ditu, etorkizunean egin beharreko ekintzak bideratze aldera. Bidegorrien sarearen monitorizazio-adimendunak, halaber, hirian bizikletaren erabileraren bilakaera ezagutzeko balioko du, sarea handitzen jarraitzeko eta haren loturak hobetzeko, eskaera handiena duten ibilbideei lehentasuna emanez.

Bizikleta sustatzea ‘Go Green Iruña’ Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako estrategiaren lehentasunezko ekintzetako bat da, eta hainbat ekintza estrategikoren bidez gauzatzen da; horien artean bidegorri-sarea zabaltzea eta hobetzea nabarmentzen da, eta haren erabilera hemendik aurrera neurtuko da.

Zirkulazioaren bi noranzkoak neurtzea ahalbidetzen duen monitorizazioa denbora errealean

Bizikletak zenbatzeko sistema hori Anteral enpresa nafarrak hornitu du. Enpresa horrek Iruña Smart Labs topaketen 2019ko edizioan parte hartu zuen, eta antzeko gailu batzuk probatu zituen, zeinak Iruñean erabili izan baitira zirkulazio-fluxuak aztertzeko.

Bidegorrien neurgailuak erreiaren monitorizazio ez inbaditzailea ahalbidetzen duten radarrezko gailuak dira, bidegorrian zirkulatzen duten bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zenbaketa zehaztasun handiz egitea ahalbidetzen dutenak. Farolen paldoetan instalatutako gailuek badute radar sistema bat eta kutxan dagoen prozesagailuaren eta datuak jaso eta prozesatu eta informazio-kudeaketa plataforma batera iraultzen duen kanpoko ordenagailuaren arteko konexioa ahalbidetzen duen 3G eta 4G konektibitateko modulu bat. Gainera, bateria bat ere badute, gauez kargatzen dena, argiteria publikoak tentsio elektrikoa duenean, eguneko 24 orduetan etenik gabe funtzionatu ahal izateko.

Udalaren eskura jarri den web-plataformak informazioa denbora errealean eskuratzeko eta txostenak eta estatistikak lortzeko aukera ematen du, bizikleta bidezko mugikortasuna ezaugarritzeko eta ondorioak atera ahal izateko. Teknologia gai da mugitzen ari diren ibilgailuak abiadura positiboan (urrunduz) eta negatiboan (hurbilduz) detektatzeko; horri esker, erreiaren bi noranzkoetan zirkulatzen duten bizikletak barne hartzen ditu, bi noranzkokoa den kasuan, eta, noranzko bakarreko erreien kasuan, bizikleta bat kontrako noranzkoan doala antzeman dezake.

 

¿Te ha sido útil esta página?