Udalak 636.000 euro inbertituko ditu San Pedro multzoko sei etxebizitzako bloke bat barrutik zaharberritzeko; igogailuaz eta inguratzaile termikoaz ere hornituko du eraikina

Udalak 636.000 euro inbertituko ditu San Pedro multzoko sei etxebizitzako bloke bat barrutik zaharberritzeko; igogailuaz eta inguratzaile termikoaz ere hornituko du eraikina
Sei etxebizitza horiek eta eremu bereko beste hiru –lizitazioa egin da horiek ere barrutik zaharberritzeko– aterpe-premiak asetzeko erabiliko dira
ayuntamiento

Tokiko Gobernu Batzarrak bi kontraturen lizitazioa onetsi du astearte honetan, Arrotxapeko San Pedro multzoko udal-etxebizitzetan berrikuntza-lan ezberdinak egiteko. Etxebizitzak aterpe-premiak asetzeko erabiliko dira gero. Kontratuetako bat 636.439,37 euroz hornituta dago, eta xede dauka oztopo arkitektonikoak kentzea, inguratzaile termikoa hobetzea eta 26 zenbakiko atariko sei etxebizitzetan barne-erreformak egitea. Beste kontratuak 142.452,37 euroko aurrekontua dauka, eta 40 zenbakiko hiru udal-etxebizitza barnetik erreformatzeko erabiliko da.
 

Aurreikusita dagoenaren arabera, apirilean has daitezke Finantzaz bezainbatean Jasangarriak diren 2019ko inbertsioei lotutako jarduketa horiek. 2015.az geroztik, udal-etxebizitzak birgaitzeko lanak egiten ditu Udalak, gero horiek Etxebizitza Bulegoan txertatu eta bertatik aterpe-premiak asetzeko esleitzeari begira. Halaber, Udalak asmoa dauka Nafarroako Gobernuak isolatzaile termikoa birgaitzeko, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko eta barneko birgaitze-lanetarako ematen dituen dirulaguntzak eskatzeko, eta horrela gastu horren parte bat ordaindu.
 

Jarduketak 26ko atarian
 

Gaur egun, bete gabe eta kontserbazio-egoera eskasean daude San Pedro multzoko 26ko atariko etxebizitzak. Blokean, sei etxebizitza daude, solairuko bi. Bakoitzak 61 m2 ditu, hiru logelatan, egongelan, sukaldean eta komunean banatuta. Etxebizitza batean izan ezik, gainerakoetan erreforma txikiak egin izan dituzte 40ko urteetan eraiki zirenetik. Ez dago ez berokuntzarik ez ur beroko galdararik pisu bakar batean ere. Uraren eta elektrizitatearen hartuneak zaharkiturik daude, eta gasarena fatxadaren goiko aldetik doa, hegalaren azpitik, eta kanpotik jaisten da etxebizitza bakoitzera.
 

Lan hauetan hiru jarduketa eginen dituzte: oztopo arkitektonikoak kentzea, eraikinaren isolatzaile termikoa instalatzea eta etxebizitzak barnetik zaharberritzea. Bi lan mota eginen dituzte oztopo arkitektonikoak kentzeko. Batetik, eraikinera sartzeko koska kenduko dute eta, bestetik, igogailu bat instalatuko dute ezker eskuko etxebizitzen komunek betetzen duten azaleran. Isolatzaile termikoari dagokionez, egoki isolatuko dituzte eraikinaren fatxada guztiak, beheko solairuko zorua, estalkia, bigarren solairuko sabaiaren forjatua eta etxebizitzen artekoak. 80ko urteetan paratu zuten isolatzaile termikoa kenduko dute fatxada egurastua instalatzeko. Kanpo-arotzeriak kendu eta aluminiozkoak jarriko dituzte, bai eta, sukaldeko leihoen tokian, altzairuzko azpiegitura batzuk ere, arropa hedatzeko tresneria begi-bistatik kentzeko.
 

Azkenik, etxebizitzak guztiz berrituko dituzte: adreilu soileko trenkadak bota, haien ordez adreilu hutsekoak eta pladurrekoak jarri eta espazioak berrantolatuko dituzte. Aldaketak batez ere ezker eskuko etxebizitzetan nabarituko dira; izan ere, igogailua komunaren tokian jartzeak guztiz aldatuko du espazioen banaketa. Komuna sukaldean birkokatuko dute, eta sukaldea, sarrera ondoko logela batean. Hortaz, etxebizitza horiek 3 logela izatetik 2 izatera igaroko dira. Halaber, instalazio elektrikoa, urarena eta gasarena egokituko dituzte indarreko arauekin bat. Obrak gauzatzeko epea sei hilabetekoa da.
 

San Pedro Multzoko hiru udal-etxebizitza zaharberritzeko lanak
 

Aurrekoaz gain, Udalak hiru udal-etxebizitza zaharberritzeko lanei helduko die. Horiek ere Arrotxapeko San Pedroko multzoan daude, 40ko atariaren 1. eskuin, 1. ezker eta 2. eskuineko pisuetan. Gaur goizean onetsi da zaharberritze-lan horien lizitazioa, 142.452,37 euroan, 2019an onetsitako Finantzaz bezainbatean Jasangarriak diren Inbertsioei lotuta. Lanok lau hilabetetan zehar eginen dira.
 

Etxebizitzak 1948koak dira eta haietan ez dute erreforma garrantzitsurik egin. Hortaz, garai hartakoak, dira instalazioak zein ekipamenduak, hala nola instalazio elektrikoa, zeina kanpoko azaleran barna baitoa, eta ez dute berokuntzarik. Oinarria karratua da eta azalera 69 m2-koa, bainugelan, sukaldean, hiru logeletan eta egongelan banatuta. Oro har, sukaldeak eta bainugelak guztiz berrituko dituzte. Zoladurak kontserbatu edo aldatuko dituzte, orain duten kontserbazio-egoeraren arabera; horma eta sabai guztiak pintatuko dituzte, barne-arotzeriak aldatu eta kanpoan aluminiozko arotzeriak paratuko dituzte. Instalazioei dagokienez, instalazio elektrikoa, iturgintzakoa eta saneamendukoa berrituko dituzte. Gas-galdara bat paratuko dute, berokuntza eta ur beroa sortzeko. Azkenik, etxebizitza bakoitzean konponketa-lan txikiak  eginen dituzte, bizigarritasun-baldintza egokietan egon daitezen.

¿Te ha sido útil esta página?