Udalak 635 lan jaso ditu 2024ko Sanferminetako Kartel Lehiaketarako, azken 30 urteetako parte-hartzerik handiena

Udalak 635 lan jaso ditu 2024ko Sanferminetako Kartel Lehiaketarako, azken 30 urteetako parte-hartzerik handiena
Epaimahaia hurrengo egunetan bilduko da eta, 10 kartel finalistak aukeratu eta gero, herri bozketa apirilaren 22an hasiko da

carteles SF

Iruñeko Udalak guztira 635 lan jaso ditu aurtengo Sanferminetako Kartel Lehiaketarako. Hala, gutxienez 1994. urteaz geroztik izandako markak hautsi dira parte-hartzean. Orain arte, 2004ko 622 kartelak zeuden lehen postuan, ondoren, 1997ko 620ak, 2002ko 616ak eta 2022ko 601k. Apirilaren 16an bilduko da epaimahaia herri-bozketan parte hartuko duten hamar originalak aukeratzeko. 

Aurten azken hautaketa herri-bozketaren bidez egiten den hamabosgarren urtea izanen da. Parte hartzeko joerari eutsi zaio 2008tik, prozesuan zenbait gauza aldatu badira ere: aukeratu beharreko kartel kopurua (bost, ekimenaren lehen urtean; zortzi, hurrengo urtean, eta 2022tik aurrera, hamar), bozketetarako egun kopurua (10-24 egun, eperik luzeena 2011n), etab.

Kasu honetan, bozketak apirilaren 22tik (astelehena) maiatzaren 1era (asteazkena) eginen dira, eta lan finalistak eta dagozkien plika-zenbakiak www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu udal-webguneetan argitaratuko dira. Beti bezala, lehiaketan parte hartzea anonimoa da eta horrela mantendu behar da lehiaketaren fase guztietan. Hala, parte hartzaileek ezin izanen dituzte kartelen irudiak zabaldu (hautatuak izan edo ez), ezta egileak nor diren esan ere, harik eta kartel irabazlearen aurkezpen ofiziala egiten den arte.

Parte hartu duten 635 karteletatik 608 hainbat autonomia-erkidegotatik datoz eta 27, atzerritik; zehazki, Italiatik, Frantziatik, Kubatik, Serbiatik, Mexikotik, Argentinatik, AEBetatik, Andorratik, Perutik, Kolonbiatik eta Letoniatik. Nafarroako 343 lan jaso dira (182 Iruñekoak), eta 265, hainbat probintzietatik, besteak beste, Madril (41), Gipuzkoa (31), Valentzia (21), Bartzelona (20), Bizkaia (16), Araba (10), Zaragoza (9), Sevilla (9), Alacant (8), Errioxa (7), Cadiz (7), Asturias (5), Tarragona (5), Burgos (4) eta Toledotik (4). Adinari dagokionez, lehiaketara aurkeztutako kartel gehienak 30-49 adin tarteko pertsonek bidali dituzte (guztira, 270), ondoren 50 urtetik gorakoak datoz (186 kartel), 19-29 adin tartekoak (141) eta 18 urtetik beherakoak (38). Sexuaren arabera parte-hartzaileak honela bereizi dira: 352 gizon, 279 emakume eta “beste bat” aukera hautatu zuten 4 pertsona.

Hurrengo egunetan aukeraketa eginen duen epaimahaia epaimahaiburu batek eta sei epaimahaikidek osatuko dute. Epaimahaiburua Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria izanen da. Epaimahaikideak, Javier Manzanos Garayoa Udaleko arte plastikoetako teknikaria eta kanpoko bost aholkulari tekniko izanen dira: Verónica Eguaras Alcántara Arte Ederretan lizentziaduna, artista plastiko eta bisuala eta Iruñeko Arte Eskolako irakaslea; Idoia Iribertegui Iriguibel Arte Ederretan lizentziaduna, ilustratzailea eta irakaslea eta Tiza elkarteko ordezkaria; Virginia Jönas Urigüen Visual Comunicación enpresan proiektuen garapeneko zuzendaria eta Nafarroako Komunikazio-enpresen elkarteko ordezkaria; Aizpea Lasa Villa Arte Ederretan lizentziaduna, artista plastikoa eta ilustratzailea, eta Javier Morón Belso diseinatzaile grafikoa, Franziska estudioko kidea eta 2007ko Sanferminetako kartelen lehiaketako irabazlea. Idazkaria Lidia Aguerri Hermoso de Mendoza Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko ofizial administraria izanen da.

Kartel irabazlea Iruñeko Udalaren esku geldituko da, zeinak eskuratuko baititu beretako bakarrik, mugarik gabeko epean eta mundu mailan lan saridunari dagozkion esplotazio-eskubide guztiak, eta libreki erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko du.

¿Te ha sido útil esta página?