Udalak 600.000 euro baino gehiago lortu ditu Estatutik Parmako bastioia zaharberritu eta zenbait hamarkadatan gotorleku-multzoa birgaitzeko egindako lanak amaitzeko

Udalak 600.000 euro baino gehiago lortu ditu Estatutik Parmako bastioia zaharberritu eta zenbait hamarkadatan gotorleku-multzoa birgaitzeko egindako lanak amaitzeko
Esku-hartzearen hasierako aurrekontua milioi 1 eurokoa da, eta aurten hasi eta 2022ra arte luzatuko da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udala aurten hasiko da Parmako bastioia eta Eskorten ingurua (behe-bastioia) zaharberritzen, Garraio, Mugikortasun eta Hiriko Agenda Ministerioak “% 1,5 kulturala” dirulaguntza-programaren bidez emandako finantzazioari esker. Gaur goizean, Enrique Maya Iruñeko Alkateak eta Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak azaldu dute Udalak dagoeneko jaso duela behin behineko jakinarazpena eta horren arabera bi instituzioek elkarlanean finantzatuko dituztela ondare-elementu horren errehabilitazio-lanak, Estatuak % 65 eta Udalak % 35.

Horrela, 1.021.723 euroko hasierako aurrekontutik, Estatuak gehienez 664.120 euro jarriko ditu eta Iruñeko Udalari gainerako zenbatekoa ordaindu beharko du, 357.603 euro. Urteko zenbatekoaren banaketari dagokionez, lanak 2021 eta 2022an zehar eginen dira, 408.689 eta 613.034 euroko inbertsioekin, hurrenez hurren. Kanpoko finantzaketa hori gehitzeko 2021erako onetsitako Udal-aurrekontua aldatu beharko da. Esku-hartze hori amaitzen denean, 2022an, hiriak Iruñeko baliabide adierazgarri bat den hori berreskuratzeko zenbait hamarkadatako zikloa itxiko du.

Parmako bastioia hiriko 5 km-ko perimetro gotortuaren zaharberritzea amaitzeko falta den harresiaren tarte bakarra da. XVI. mendean eraikia, gaur egun Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eta Ingurabideko pasealekuaren amaieraren artean dago, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren parean. Ibaiaren gaineko terraza bat da, Arrotxapeari begira dagoena eta duela zenbait urtetik zaharberritu nahi izan dena. Obra horrekin, hiriko harresi-inguruaren zaharberritzea amaitzeaz gain, San Domingoko baratzeetako orubean esku-hartze orokorrerako lehen urratsa ematen da.

Ministerioak baloratu dituen argumentuen artean dago obra horrek hiri-paisaia eta, zehazki, Alde Zaharra eta Ibai Parkea hobetzean izanen duen inpaktua, baita enplegua sortzeko eta Iruñeko turismoa ezagutzera emateko duen ahalmena ere. Eremu zehatz hori zaharberritzeak, halaber, San Fermin festetako urtarokotasuna haustea ekarriko du eta Iruñeko irudia bultzatzen jarraituko du, ondare handia duen kultur hiri gisa. Alde Zaharra eta hiriko harresi-barrutia 1968ko apiriletik aitzina “Multzo historiko-artistikotzat” hartzen dira, eta harresiak zehazki, Udalaren Interes Kulturaleko Ondasuna kategoria duten ondareko ondasunak dira, Udal Planarekin bat.

Esku-hartzea azken bastioian: egonkortzea

Parmako bastioia eta behe-bastioia (Eskortak) ongi daude bolumen eta diseinuari dagokienez, nahiz eta behe-bateriaren eremuan lur-jausiak egon diren, horma eta Zamargileen aldapatik gertu dagoen ezponda elkartzen diren lekuan. Bi eremuetako koroatzeak, zortzi kanoi-zuloak eta merloiak dira desitxuratuen daudenak, aihen-belarrek eta zuhaixka eta zuhaitz txikiek hartuta daude eta harriaren eta adreiluaren unean uneko akatsak dituzte, eta horrek eragozten du gotorlekuaren egitura erraz ikustea.

Egin beharreko lanak orokorrean Ziudadelan, bertako bastioietan, errebelinetan eta harresitutako inguruan egin izan direnen antzekoak dira. Lehendabizi, harresiaren oinarrian ezponda pixka bat beheratu beharko da, instalazio zaharretan pilatutako lur eta isurkinak kenduz, bereziki behe-bateriaren eremuan, esku-hartzerako beharrezkoa diren aldamioak jartzen utziko duen lautada bat sortzeko. Halaber, harresitik gertu dauden landareak eta zuhaitzak moztu eta garbituko dira.

Hortik abiatuta, aldamioak jarri ondoren, atala estaltzen duen landaretza osoa kenduko da eta harria eskuz garbituko da, patinaren zahartze naturala errespetatuz. Harlanduzko aulkiak berriz jarriko dira —garbiketa egin arte ezin izanen da neurtu lanaren norainokoa—, eta kaltetutako eremuak berriz eraikiko dira. Behe-bateriaren kanpoaldean konkorrak eragin dituzten sustraiek eta zuhaixkek zartatutako eremua ikusten da. Puntu horretan zati bat berreraikiko da, izkina barne, eta lurra pixka bat bat mugitu beharko da jatorrizko zimenduetara heltzeko.

Kanoi-zuloak eta parapetoak

Bastioian esku-hartzeak kanoi-zuloen eta parapetoen ertzak berreraikitzea dakar, eta horretarako, gutxienez 1,2 metroko sakonera duen lur-geruza bat kendu beharko da. Harlanduzko fabrikak Ezkaba motako harriarekin (kalkarenita) hornituko dira, akabera pitzatuarekin, dagoenaren antzekoa. Barrualdean, eta parapetoetan, errematea eskuz egindako antzinako adreilukoa izanen da, zehar-saiheska jarrita. Parapetoen barrualdean (oruberuntz begira dagoen plataformaren eremuan) aurreikusi da kanpaina arkeologiko bat egitea, kanoien sostengurako harlauza originalak eta jagoletza-postuetako elementu goratuak aurkitzeko.

Kanoi-zuloen gaur egungo hodi tolestuen metalezko babesen ordez altzairuzko barandak jarriko dira, Iruñeko beste kanoi-zulo batzuetan daudenen antzekoak, gris kolorekoak. Esku-hartzearen ondoren betetze berri bat eginen da, legarrezko geruza drainatzaileaz, xafla geotestilaz eta landare-lurraz, eta mantentze-lan gutxi behar duen belardia landatuko da. Egoera txarrean dauden antzinako morteroen hondarrak garbitu eta birrindu ondoren, harrizko fabrika berriz elkartuko da gotorleku osoan erabili den nahasketa berarekin: ura, karea, Puente la Reina de Jacatik ekarritako ibaiko hondar beltz garbitua eta Andosillako okre harea.

Jarduketa osagarriak

Proiektuaren barruan, harri-lubetaren gainean ere jardungo da, harresiaren oinarria korrontearen gainetik altxatzetik babesten duen harri-lubetaren gainean, bastioian eragiten duen ibaiaren tartean. Harlangaitzezko, harlanduxkako eta argamasako horma hori oso hondatuta dago, eta berritu eta txukundu egin beharko da. Konponbideak eta behin betiko prozedurak aurrerago zehaztuko dira Vianako Printzea Erakundeko teknikarien oniritziarekin. Jarduketa amaitzeko argiztapen konponbide berri bat eginen da, eta euri-urak husteko instalazio hidraulikoak berrituko. Horrela, harresiaren oinarrian biltegi berri bat eginen da eta baita hormigoiez mailakatutako kanalizazioa, ibai-parkearen inguruari ur-jauzian erortzen den ur-barrunba ekarriz. Azkenik, Arrotxapeko portal zaharreko bihurgunean, gaur egun desagertutakoa, erabiltzen ez den antzinako eraldaketa zentro baten eraispena aztertuko da.

Parmako bastioiaz eta bertako behe-bastioiaz gain, proiektuaren inguruan espazio publikoa osatzen duten harrizko harresi-atalak daude dira, hala nola, Nafarroako Museoa kokatzen den harresia San Domingo kalean zehar, Artxibo Nagusiaren azpian dagoen lorategiko harresia zein eraikinaren harresian dagoen horma-bularrez hornitutako horma. Atal horiek garbiketa besterik ez dute behar –espazio osoa harmonizatzeko- eta, noizbehinka, junturak berdintzea.

Iruñerako aukera bat

Hiriak duela hamarkada batzuk ekin zion bere gotorleku-ondarea zaharberritzeari. Parmako bastioiarekin amaituko da 5 km-ko “paseagarriak” diren gotorlekuen zaharberritzea, Interpretazio Zentro monografiko bat ere baduen inguru bat. 2012an lan horrek Europa Nostra Kultur Ondareari buruzko Europako Batasunaren nazioarteko saria irabazi zuen, ‘Kontserbazioa’ eta ‘Publikoaren sari berezia’ kategorietan. 2013an, Hispania Nostra erakundeak Iruña saritu zuen hiriko ibaien inguruan egindako praktika egokiengatik eta jarduketengatik, ‘Lurraldean edo paisaian esku-hartzea” kategoria barruan.

Iruñera datozen turisten % 59k  Ziudadelak eta haren harresiek erakarrita daudela adierazi dute, eta, Parmako Bastioiaren kasuan, horiei batzen zaizkie Sanferminekin (% 78), entzierroaren ibilbidearekin (% 63) eta hiriko parke eta lorategiekin (% 50) lotutako lekuak bisitatu nahi dituztela adierazi dutenak, Iruña baita hirigunean azalera berde handiena duen Espainiako hiria. Gotorleku-ondarea zaharberritzea eta kultura- eta aisialdi-hitzorduetan etengabe erabiltzea edo San Fermin festen urterokotasuna haustea eta halako ekimenak diru-balioa eta enplegua sortze dezakete, eta, gainera, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen eta hiria ezagutzera ematen laguntzen dute. Hori dela eta, Parmako Bastioia zaharberritzea eta gotorlekuak berreskuratzeari lotutako prozesu osoa hiriko plan estrategikoaren barruan (2030 Estrategia) kokatzen da; Plan horren xedea da hiriko erakargune turistiko, historiko, kultural eta berriei balioa ematea, garapen jasangarriko 2030 Agendarekin bat datorren lan-ildo bat.

¿Te ha sido útil esta página?