Iruñeko Udalak 5.439.774 euro bideratuko ditu 2018an Iruñeko biztanle guztiek aukera izan dezaten kirol-jarduerak eta jarduera fisikoak egiteko. Aisialdian garrantzia duen elementu gisa sustatu nahi da ariketa fisikoa egitearen ohitura, ongizate soziala eta psikikoa lortzeko bide ona delako. Hala azaldu dute gaur, prentsaurrekoan, Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta Kiroleko udal-teknikari Ernesto Goñik. Ia 5, 5 milioi euro horietatik, 3.733.374 kirol-instalazioetako inbertsioak kudeatzeko erabiliko dira, eta 1.706.400 jarduerak sustatzeko. Bestalde, Kirol unitateak aurreikusitakoaren arabera, 700.000 euroko diru-sarrerak lortuko dira Udal Ordenantza Fiskaletan ezarritako prezio publikoen ordainketekin.
Iruñeko Udalak haren jabetzakoak diren instalazioak jartzen ditu herritarren eskura; honako hauek, besteak beste: zortzi kiroldegi estali, non okupazioa denboraldi honetan % 75ekoa baita eta Udaleko 22 funtzionamendu-laguntzaile lan egiten baitute; bi kirolgune, non iaz egunero erabiltzeko ia 60.000 sarrera eta epe ezberdinetarako 9.000 abonamendu saldu baitziren; hiru futbol-zelai; eta atari zabaleko hainbat instalazio. Udalaren Kirol Ekintza Planak barne hartzen ditu biztanle-sektore desberdinei zuzendutako kirol programak, non 2.850 bat lagunek parte hartzen baitute; eta diru-laguntzak emateko lau deialdi handien barnean ematen diren laguntza ekonomikoak, 1,4 milioi euroan.