Iruñeko Udalak dirulaguntzen deialdi bat ireki du lan-, gizarte- eta familia-bizitza bateragarri egiten laguntzeko; diruz lagunduko dira 0 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten edo % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonez arduratzen diren familiak. Berrikuntza gisa, deialdi honetan % 33tik gorako desgaitasuna duten 16 urtetik gorakoek ere jasoko dituzte dirulaguntzak; izan ere, etengabeko kontziliazio-programak behar dituzte, ez adin zehatz bati lotuak, eta ondorioz, dirulaguntza jasotzen ahal duten familien errentaren muga handitu eta 32.250 bitartekoa dutenek dirulaguntzak jasoko dituzte.
Deialdia Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, eta martxoaren 27ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsultatzen ahal da. Eskabideak aurkezteko epea 2025 osoan egonen da irekita. Eskabidea modu partikularrean aurkezten ahal da edo erreferentziazko gizarte-langileak aurrez egindako txostenaren bidez, baldin eta baliabidea eskatzailearendako egokitzat jotzen badu. Auzo-unitatearen bidez aurkezten ahalko da, erregistro telematikoa baliatuta.
Dirulaguntzek hainbat faktore hartuko dituzte kontuan: Haur Eskola publikoen sarean leku nahikorik ez egotea; haurrei arta etxean emateko aukera; laguntza-beharra ikastetxera zein beste baliabide batzuetara egin beharreko joan-etorrietan, edo haurrei, edo desgaitasunik izanez gero, 0 eta 12 urte bitarteko adingabeei arta emateko bestelako zerbitzuak erabiltzeko beharra, eskola-ordutegiak eta haien arduradunen lan-ordutegi edo gizarte arloko prestakuntza-jardueren ordutegiak ez direlako bateragarri.
Aurrekontua areagotu eta aitorpeneko tartea zabaltzea
Deialdiaren aurrekontua 50.000 eurokoa izanen da, eta dirulaguntzak errenta aitorpeneko tartearen arabera ordainduko dituzte, urteko diru-sarreren eta familiaren kide kopuruaren arabera. Tarte bakoitzean diru gehiago ordainduko zaie familiei, familia gehiagok jaso ditzaten dirulaguntzak: aurretik, 22.028 euro jasotzen baitzituzten. Gainera, familia moten aniztasuna (guraso bakarrekoak, ugariak eta nuklearrak) izan dute kontuan; hala, bateragarritasuna lortzeko xedez, familiek dirulaguntza ekitatibogoak eskuratuko dituzte. Familia-nukleoaren urteko gehieneko diru-sarrerak honakoak dira: lehen tartean, familiako kide bakar bat lanean ari bada,11.250 euroren eta 14.813 euroren artekoa, eta honela gorantz, laugarren tartean 24.000 euro jasotzen ahalko baitira gehienez. Familiako bi kide ari badira lanean, gutxienez 11.250, eta gehienez, 32.250 euro.
Dirulaguntzen tarteak honela daude banatuta: lehenengo tartean, dirulaguntzaren % 90 jasoko da; bigarrenean, % 70; hirugarrenean, % 40, eta laugarrenean, % 25. 2., 3. eta 4. tarteetan familia ugariek % 10 gehiago jasoko dute. Diruz lagundutako ehunekoa zerbitzuaren kostuaren gainean edo diruz laguntzen ahal den gehieneko zenbatekoaren gainean ezarriko da. Arta etxean ematen den kasuetan, hileko zenbatekoa handitu da: lehen 400 euro ziren, eta orain, 450 euro. Laguntzak baldintzak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala emanen ari dira.
0 eta 3 urte bitarteko haurrei lotutako dirulaguntzak haur-eskoletan laguntza emateko eta adingabeak etxean artatzeko baliatuko dira. 3 eta 14 urte bitarte dituzten adingabeek edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenek etxean jasoko dute arreta goizeko ikasgelara edo ikastetxera, oporraldiko bateratze-zerbitzura eta goiztiarren ikasgelara sartu bitartean; ondoren, adingabeek laguntza izanen dute zentroetatik atera eta etxera joateko, arratsaldeko ikasgeletan, asteburuetan eta jaiegunetan. Hiru kasuetan, dirulaguntza heldu arduradunen ordutegiaren arabera emanen da, betiere laguntza jasotzeko sare naturalik ez izatea aintzat hartuta.
Betekizunak
Deialdian parte hartu ahal izateko, Iruñeko egiazko auzokidea izatea eta bertan erroldatuta egotea (eskatzaileak zein onuradunak), gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunaz eta dirulaguntza jasotzen den bitartean. Betekizun hori ez da aplikatuko arrisku- edo babesgabetasun-egoera eta familia berrelkartzeen kasuetan dauden adingabeen kasuetan (kasu horietan ez da kontuan hartuko erroldatutako gutxieneko eperik).
Eskatzaileek 12 urte bitarteko haurren edo % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenen gurasoak edo tutore legalak izan beharko dute, halaber, ezin izanen dituzte deialdi honetan ezarritakoak baino bitarteko ekonomiko altuagoak eduki, ezta egoerari aurre egiteko familia-laguntzarik ere. Dirulaguntza jaso ahal izateko, arduradunek adingabeari arta ematea eragozten duen jarduera bat egin beharko dute norberaren edo besteren kontura, edo lana lortzeko prestakuntza-programetan edo gizarteratze-ibilbideetan parte hartu.
Eskaera ukatuko zaie familiei familia-ondarearen kapital higigarriak (kontu korronteko gordailuak edo eperakoak, akzioak, inbertsio- eta pentsio-funtsak, balore higigarriak, bizitza-aseguruak erreskate kasuan...) 7.000 euro baino gehiago eta kapital higiezinak (landakoak zein hirikoak diren ondasun higiezinak) 20.000 euro baino gehiago jotzen duenean. Hortik kanpo gelditzen dira ohiko etxebizitza eta horri atxikitakoak, bertako altzariak, etxeko hornidurak eta ohiko joan-etorrietarako ibilgailua; horrek guztiak batuta gehienez ere 300.000 euro joko du.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotziak honakoa azpimarratu du: “deialdiak ekarriko dituen aldaketei esker, askoz familia gehiago lagundu nahi ditugu, norberaren bizitza, lana eta familia bateragarri egitea funtsezko baita.” “Berdintasun-politiketan bateragarritasun-falta egun indarrean dagoen desberdinkeriaren eredu da, eta, horrenbestez, dirulaguntza hauei esker, desberdinkeria-egoera horiek zuzentzen dira.”