Udalak 34 baimen emanak ditu gauez salgaien zamalanak egin ahal izateko, eta nabarmendu du derrigorrezkoa dela berariaz horretarako sortutako protokoloa errespetatzea

Udalak 34 baimen emanak ditu gauez salgaien zamalanak egin ahal izateko, eta nabarmendu du derrigorrezkoa dela berariaz horretarako sortutako protokoloa errespetatzea
Hainbat bilera eginen dituzte enpresa banatzaileekin, hobeto ezagutarazteko protokoloa bera eta hor ezarritako neurriak
acceso casco antiguo

Iruñeko Udalak salgaien zamalanak gauez egiteko protokolo bat jarri du abian, eta enpresa banatzaile baimendu guztiek bete behar dute. Udalak 34 baimen emanak ditu, batez ere hiriko supermerkatua produktuz hornitzen dituzten banaketa-enpresei. Protokoloa eguneratu egin dute, eta emandako baimenen ebazpenean erantsi dute, protokoloa betetzea derrigorrezkoa dela azpimarratzeko.

Iruñeko Udala banaketa-enpresekin bilduko da: protokoloaren nondik norakoak ahalik eta hobekien jakinaraziko ditu, eta protokoloa garatze aldera, hobekuntza posible batzuk txertatzen ahal ditu. Protokoloa eguneratu egin dute, eta espaloietan barna salgaiak garraiatzeari buruzko zehaztapen hau txertatu dute: “espaloietan zamalanak egiterako orduan, lodiera nahikoa duten kautxuzko tapizak, gomazko tapizak, tapakiak edo antzekoak erabili beharko dituzte, transpaletak eta kaiolak lauzen gainetik mugitzeko orduan ahalik eta zarata gutxien egiteko”.  

Salgaien zamalanak gauez egiteko protokoloaren barruan zehaztapen batzuk ezartzen dira salgaiak prestatzeari eta zamalanei buruz, eta zamalanetan diharduten langileen zereginaren inguruan; besteak beste, neurri hauek bete behar dira: ibilgailu bakoitzaren baldintzak eta bideetako egoera aintzat hartuta balizak eta argiztapena seinaleztatzea, zamalanak kamioiaren motorra itzalita dagoenean egitea, udal-mugartetik atera bitarte ibilgailuetako hozkailu-ekipamendua deskonektatzea, eta establezimenduetan sartzerako orduan ahalik eta zarata gutxien egitea, batez ere ateak irekitzerako orduan edo metalezko pertsianak igotzerakoan.  

Zamalanetan diharduten langileek txaleko islatzailea eraman beharko dute, eta kamioi-gidariek debekatuta dute klaxona edo irratia erabiltzea, ausarkeriaz gidatzea eta bortizki azeleratzea.   Halaber, beste neurri hauek bete beharko dira: zamalanak egiteko elementuen gurpilak zaratarik ez egiteko materialez osatuta egonen dira, kamioiaren atzeko parteko lurzorua intsonorizatuta egon beharko da, eta behin zamalanak bukatuta, ahalik eta denbora gutxien igaroko da kamioia martxan jarri eta handik joan bitarte. Halaber, zamalanen eremua garbi utzi beharko da.     

Iruñeko Udalak protokoloa betetzearen garrantzia azpimarratu nahi du, funtsezkoa baita gauez herritarrei eragozpenik ez sortzeko.  Protokoloa betetzen ez bada, Iruñeko Udalak baimenak kentzen ahal ditu, baita zigorrak jarri ere. Dena den, une honetan argibideak ematea eta enpresekin elkarlanean aritzea lehenesten da, eta hori funtsezkoa da zamalanetan diharduten langileen eta bizilagunen harremana hobetzeko, zamalanak errazteko eta establezimenduen inguruan bizi diren bizilagunen atsedenari mesede egiteko.  
 

¿Te ha sido útil esta página?