Gipuzkoako etorbideko zuhaitz-bidea 300 bat metro luze da, eta Santa Luzia eta Santos A. Ochandátegui kaleen artean dago, hiriaren erdigunerako noranzkoan. Iruñeko Udala amaitzen ari da inguru horretako lanak: 30 zuhaitz, eta zuhaixkak eta landare bizikorrak landatu dituzte bidegorriaren ondoan. Hirigintza Gerentzia eta Batzordea bi etxadi hartzen dituen zuhaitz-bide berria ikusten izan dira gaur goizean.
Azaroan hasi zituzten lanak, eta horiei esker, zuhaitz lerroak konpondu ahal izan dituzte, egoera kaskarrean baitzeuden. Urbanizazioan zuhaitzen bi lerro jartzea pentsatu zuten hasieran, baina proposamenak ez zuen biderik egin, ez baitzegoen ez nahikoa tokirik, ez zuhaitzak garatzeko baldintza egokirik ere. Lehendik zeuden txorkoetan zuhaitzak landatzea ere pentsatu zuten, baina ez zen irtenbide eraginkorra; aitzitik, alferrikako kostua litzateke, eta ez legoke arrazoi teknikorik eta ingurumenarekin lotutakorik hori egiteko.
2021ean hasi ziren zuhaitz-bidea egiten, eta bederatzi tokitan landatu zituzten zuhaitzak, Buztingune Zentro Komunitarioaren aurrean; tarte horretan izan ezik, bide guztia hutsik zegoen, zuhaitzik gabe, eta oso egoera kaskarrean. 2021eko landaketek emaitza onak eman zituztela ikusita, etxadi osoan zuhaitzak landatzea erabaki zen, eta zuhaitz-bidea zabaltzea, Buztintxuriko Osasun Zentroak hartzen duen etxadiraino.
Monkaval Soluciones Ingeniería SLren esku utzi zuten lan horien nondik norakoak zehazteko ardura, 2024an. Lanak, berriz, Obras y Servicios Tex SL enpresak egin ditu, eta 228.465,15 euroko aurrekontua izan du horretarako, eremu publikoak birgaitzeko esparru-akordioarekin lotuta.
Tilia Tomentosa espezieko zuhaitzak
Zuhaitz-bidea 1,74 metro zabal eta 1,28 metro garai da, eta drainatzeko sistema bat du azpian. Iruñeko Udalaren Lorategi Zerbitzuaren araudiak ezarritako estandarrei jarraikiz, egitura handiko materiala erabili dute zorua egiteko, % 65 balasto ofitikoz eta % 35 kalitate ertaineko landare-lurrez osatua. Txorkoak ezartzea aurreikusten zuten tokietan bi geruza ezarri dituzte: sustraien aurkako geruza bat, legar ofitikozkoa, eta zurezko lur-estalki bat; geotestil bat ere jarri dute bi geruzak bereizteko. Txorko bakoitzean Tilia Tomentosa espezieko zuhaitz bat aldatu dute.
Zuhaitz-bidearen azpian, hondo-hondoan, drainatzeko sistema bat jarri dute euri-uren sareari lotuta, bi helburu lortzeko: zuhaitz-bidearen hondoa drainatzea eta sustraiak aireztatzea. Euri-uren putzuak galtzadaren beste aldean daude, eta beraz, bi kolektore txiki egin behar izan dituzte galtzadaren azpian. Lan hauek segida eman diete 2021ekoei: bai ureztatzeko lerroari eta bai zoladurari. Ureztatzeko lerroa lehendik zegoen kutxatila batean hasten da, eta ureztatze sistema doitzeko elektrobalbulak ere bazeuden. Nolanahi ere, galtzadaren alde batetik bestera eraman behar izan dute sistema, osasun zentroak hartzen duen etxadian dagoen ureztatze sistemarekin konektatzeko. Hormigoi drainatzailezko galtzada-harriak jarriko dituzte inguru osoa ondo drainatzen dela ziurtatzeko.