Udalak 2.507 ikuskapen egin ditu ostalaritza-establezimenduetan eta 96 akta egin dira zarata altua dela eta egindako arau-hausteengatik; terrazetan ere 213 ikuskapen egin ditu eta 114 zehapen jarri

Udalak 2.507 ikuskapen egin ditu ostalaritza-establezimenduetan eta 96 akta egin dira zarata altua dela eta egindako arau-hausteengatik; terrazetan ere 213 ikuskapen egin ditu eta 114 zehapen jarri
Turismo Bulegoak 1.574 lagunen 1.163 eskari artatu ditu, horietatik 612 nazioartekoak ziren, eta hiriko hotelen okupazioa % 89,8koa izan da

Iruñeko Udalak, uztailaren 6tik 13ra bitarteko gauetan, Alde Zaharreko eta Zabalguneko 400 ostalaritza- eta aisialdi-establezimendu baino gehiago kontrolatu ditu haien jarduera-lizentzietan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, eta arreta berezia jarri du zarata-mailetan eta eskatutako neurri zuzentzaileetan. Uztailaren 13ko gauera arte, 2.507 ikuskapen egin dira, eta horietatik 1.833tan (%73) dena ongi zegoen. 96 akta egin dira lizentzian ezarritako jardueren baldintzekin lotutako arau-hausteengatik, guztiak musika ozen eta instalazioak irekita edukitzeagatik. 

Egun hauetan 213 ikuskapen egin dira terrazetan, eta 114 zehapen jarri dira hainbat arau-hausterengatik. Aipatzekoa da, aurtengo jaietan, ostalaritzako establezimenduen okupazio bolumena %200etik gora igo dela establezimendu bakoitzeko mahaikide kopuruan, urteko batez bestekoarekin alderatuta, eta erreserben zifra hirukoiztu egin dela.

Jaiegunetako, udal-instalazioetako eta erabilera publikoko guneetako higiene- eta osasun-baldintzak bermatzeko kontroletan eta ikuskapenetan, saneamendu-hartuneak aztertu dira barretan, txosnetan eta beste gune batzuetan, hala nola Foruen plazan, Gurutzeko plazan, Antoniuttin, O-ko Andre Maria plazan eta Runa parkeko Feria-lekuan, baita Trinitarioesko feriako langileen aparkalekuan, Runa parkeko Feria-lekuan, Arantzadi Kirol Hirian eta Sanduzelaiko Kirol Hirian ere.

Saltokietan eta salmenta-postuetan elikagaien segurtasuna eta osasun-araudia betetzen dela bermatzeko, uztailaren 6tik 13ra bitarte 95 ikuskapen egin dira establezimenduetan eta elikagai-postuetan. Lehenbiziko egunetan, Antoniuttin, Basotxoan, Taconeran, Errekoleten plazan eta O-ko Andre Mariaren plazan jarritako postu guztiak ikuskatu ziren, baita Runa parkean jarritako postuak ere.

Jarduketen ondorioz, 159 akats antzeman dira, batez ere,  instalazio eta tresnetan, elikagaien higieneari buruzko prestakuntzarik ezari lotuak, elikagaien manipulazio okerra eta gabeziak kontserbazioan eta trazabilitatean. Ikuskapenetan, 16 kilo elikagai konfiskatu dira, ezaugarri organoleptikoetan alterazioak zituztenak eta, beraz, kontsumitzeko egokiak ez zirenak. 

Bisitari-kopuruak eta hotel-okupazioak gora egin du

Iruñeko Turismo Bulegoak (San Saturnino kalea) 1.574 pertsona artatu ditu, 962 bertakoak (%61,12) eta 612 nazioartekoak (%38,88), eta 1.163 eskari egin dituzte guztira. Turismo Bulegoak egindako arta-kopurua % 16 murriztu da 2025arekin alderatuta, orduan 1.873 lagunen 1.439 eskari artatu baitziren. 

Tokiko bisitariei dagokienez, gehienak Nafarroatik datoz (352 bisitari,%36,59); ondoren, Madrildik, 103 bisitarekin (%10,71); Bartzelonatik, 89 bisitarekin (%9,25); eta Gipuzkoatik, 85 bisitarekin (%8,84). Mugaz gaindi, Akitania Berritik etorri da bisitari gehien, 125 (%20,42), eta Frantziako gainontzeko lekuetatik, 79 (%12,91), Estatu Batuetatik, 63 (%10,29), Italiatik, 51 (%8,33) eta Erresuma Batutik, 48 (%7,84).

Hotelen okupazioaren aurreikuspena gainditu da, izan ere batez besteko okupazioa % 89,8koa izan da eta hasiera batean % 81,7koa izanen zela aurreikusi zen. Sektoreak bilakaera positiboa izan du, eta azken orduko erreserbak neurrizkoak izan dira; horrek baieztatzen du Iruñeko egonaldiak aldez aurretik antolatzen direla. 

Berdeguneetan jasotako hondakinak

Asteartera arte 11.060 kilo hondakin jaso dira hiriko berdeguneetan, eguneko 1.310 kilogramo batez beste. Bolumen osoak 2025ekoa gainditzen du 1.060 kilotan: % 10,6 handitu da. Egunen arabera, eguneko hondakin-bolumen handienak honako egun hauetan erregistratu ziren: uztailaren 7an (1.740 kilo), uztailaren 12an (1.660 kilo), uztailaren 11n (1.600 kilo) eta uztailaren 13an (1.540 kilo). 

Eraso sexistak

Eraso sexistei dagokienez, asteleheneko 06:00etatik astearteko 06:00etara bitarte hiru eraso erregistratu dira ukituengatik, eta hiru pertsona atxilotu dituzte ustezko egileak direlakoan.

Objektu galduen bulegoa

Gaur goizera arte, Objektu galduen bulegoan mota guztietako 915 objektu jaso dira. Bulegoa 24 orduz egon da zabalik uztailaren 6tik. Horietatik, 252 objektu itzuli zaizkie legezko jabeak direla egiaztatu duten pertsonei. Jasotako objektuen artean honako hauek daude: 48 telefono mugikor, 25 iPhone, 29 betaurreko, 6 erloju, 351 ditu-zorro eta NAN eta 26 poltsa (gerriko poltsak, bizkar-zorroak etab.). Hauek dira orain arte bildutako objekturik bitxienak: kirol-makil batzuk eta nikotinazko txaplata batzuk. Gainera, Iruñerriko Hiri Garraioko enpresak itzuli duen haurrendako mugikor txiki bat ere jaso dute.

¿Te ha sido útil esta página?