Iruñeko Udalak kaleak garbitzeko eta elurra kentzeko ekipamenduak berrituko ditu neguko hurrengo kanpainari begira; izan ere, egun dituen makinek “ezin dute bermatu zerbitzu-maila nahikorik”. Horrela esan dute Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak eta Patxi Fernández alor horretako zuzendariak erosketa berriaren xehetasunak azaltzeko eman duten prentsaurrekoan. Udalak 227.838,60 euro erabiliko ditu hurrengo hiru urteetan, 2022ra bitarte, makinak kontratatzeko. Zehazki hiru kamioi eta bost pick-up kontratatzea erabaki da; denak hortzez eta gatz-barreiatzailez hornituta daude.
Erosketa egin ahal izateko, FCCri urteko 8.873.099 euroan 2016ko urrian esleitutako kale-garbiketaren kontratua aldatzea onetsi du Udalak; guztira 40.970.498,70 euro jotzen du 2016ko azaroaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarteko kontratuak. Kontratuak barne hartzen ditu kaleen garbiketa eta elurra zein izotza kentzea; orain arte, enpresa esleipendunak bere langileek gidatutako udal-makinak erabiltzen zituen zeregin horretarako. Hala ere, Herritarren Segurtasunak urrian egiaztatu zuen udal-ekipamenduek ez dutela betetzen horretarako behar diren baldintzak.
Egun, Udalak zazpi ibilgailu ditu jabetzan. Bost kamioi (hiru, barreiatzaileez hornituak eta bi, hortzez) eta bi pick-up (hortzez hornituak) dira ibilgailu horiek. Gehienek 20 urtetik gora dituzte eta oso narriaturik daude. Hainbesteraino da horrela ezen horietako bakar bat dago egoera onean. Horrek guztiak, diote Alorrean, ezinezko bilakatzen du ekipamenduen funtzionamendu egokia bermatzea, Elurteei aurre egiteko plana abiatu behar izanez gero.
Kale-garbiketako kontratuaren moldaketa honen bidez, enpresa esleipenduna arduratuko da ekipamenduak erosteaz eta ibilgailuak horietaz hornitzeaz. Kontratua amaitutakoan, barreiatzaileak eta hortzak Udalarenak izatera pasako dira.
Elurteei Aurre egiteko Plana
Udalak elurteei aurre egiteko plana dauka, eta haren bidez koordinatzen ditu bideak egokitzeko eta haietan segurtasuna bermatzeko baliabideak. Plana Herritarren Segurtasuneko Alorrak koordinatzen du eta zerbitzu batzuk aritzen dira horretan, hala nola Babes Zibila, Udaltzaingoa, kale-garbiketako zerbitzua, udal-obretakoa eta lorategietakoa. FCC enpresak –hura baita kale-garbiketako zerbitzuaren esleipenduna– jarduten du planean eta giza-baliabideak jartzen ditu elurrak ohiko kale-garbiketa egitea oztopatzen duen aldietan. Orain, bere zereginei ekipamenduen hornidura ere gehitu behar zaie. Elurra garbitzeko eredu hau, halaber, bat dator beste zenbait administraziotan, hala nola Nafarroako Gobernuan, erabiltzen denarekin, non bideak mantentzeko ohiko lanak egiten dituzten enpresak arduratzen baitira neguko garbiketa-lanez.
Elurte-arriskuen aurrean, Udalak zenbait gomendio egiten ditu, hiriaren egunerokoan arazoak ekiditeko, betiere kontuan hartuta jarduera-erritmoa ezinbestez moteldu egiten dela. Hartara, nabarmendu du komeni dela beharrezko ez diren joan-etorriak saihestea, ohiko ordutegietan baino lehenago ateratzea eta ahal bada autoa hartu gabe oinez ibiltzea lehenestea. Edozein modutan, joan-etorri bati ekin baino lehen, garrantzitsua da xede dugun jarduera benetan egin behar dela ziurtatzea. Halaber, Udalak gogora dakar zerbitzu publikoek ez dutela berdin funtzionatzen elurte bat dagoenean. Garrantzitsua da herritarrek elurrak eragiten ahal dituen arazoen berri edukitzea eta agintariek emandako jarraibideei men egitea, bai eta oinarrizko eginbehar batzuk betetzea ere, hala nola etxera iristeko espaloia garbitzea edo zaborra ez ateratzea zabor-zerbitzua eten badute.