Udalak 226.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Arrotxapeko Garde eta Joaquín Lizarraga kaleetan berdegune gehiago jartzeko

Udalak 226.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Arrotxapeko Garde eta Joaquín Lizarraga kaleetan berdegune gehiago jartzeko
Hirigintza Batzordea berdeguneak sortzeko lanak ikusten izan da: 45 zuhaitz eta 1.500 zuhaixka inguru landatu dituzte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak abenduan abiatu zituen Arrotxapeko Garde eta Joaquín Lizarraga kaleetako lanak, berdegune gehiago sortu eta nagusiki urbanoak diren kaleak birnaturalizatzeko xedez. Hirigintza Gerentzia eta Batzordea eremu horretan izan dira gaur goizean, aurrez aurre ikusteko berdegune berrien diseinua: Udalak 226.596,67 euro inbertitu ditu lan horietan, BEZa barne. 

Lanen helburua da zenbait eremutan zoladura kendu eta landaredia jartzea, iragazkortasuna emateko lurrari. Nolanahi ere, helburu bera badute ere, bi obra desberdin dira. Joaquín Lizarraga kalean berdeguneak sortu dituzte, Barkazio Gurutzeko kalearen eta Juslarrocha kalearen artean. Horretarako, zoladura kendu eta lorategiak sortu dituzte. Lorategi horietan landareendako eremuak jarri dituzte, eta 26 zuhaitz handi aldatu dituzte, eta laster 1.500 zuhaixka eta landare bizikor baino gehiago ere jarriko dituzte. Espezie hauek landatu dituzte zehazki: Paulownia tomentosa, Koelreuteria paniculata eta Pyrus Calleryana “Chanticleer”.

Lanak egiteko orduan aintzat hartu dute gaur egungo lauzaren diseinua, koloretako hormigoiz egina. Eta lauza hori mantentzeko, berdeguneak modu asimetrikoan jarri dituzte, lauzaren alde banatan. Galtzada-harri drainatzailea jarri dute, eta lurrazpiko ureztatze-sistema instalatu. Berdegune bakoitza 1,80 metro sakon da, zuhaitzen eta landareen sustraiak hartzeko behar adinakoa. Balasto ofitikozko oinarria jarri dute, baina erreiaren zatirik handiena lur egituratzailez bete dute: % 65 balastoa eta % 35 landare-lurra. Goialdean sustraien aurkako geruza bat jarri dute, eta egur birrinduz osatutako lur-estalki bat ere bai. 

Garde kalean, berriz, 20 txorko handi eraiki dituzte Goiz Eder Haur Eskolaren aurrean. Zuhaitzak landatzeko eremuak dira, 1,5 x 1,5 metrokoak, eta ia bi metroko sakonera dute. Horietan, bederatzi Japoniar sofora eta Paradisuko melia (Melia Azedarach) landatu dituzte. Joaquín Lizarraga kalean bezalaxe, balastoz eta lurrez bete dute hondeatutakoa, eta goiko kapak ere kale horretako lanen ereduari jarraikiz jarri dituzte. 

Joaquín Lizarraga kalean egin dute inbertsiorik handiena, zuhaitzez osatutako bi errei eraiki baitituzte. Guztira, BEZik gabe, 157.369,71 euro inbertitu ditu Udalak: horien % 72 Joaquín Lizarraga kalean eginiko lanetarako izan dira (113.323,31 euro), eta gainerako % 27,99, Garde kalean eginikoetarako (44.046,40 euro). 

Lan horiek, ordea, ez dira berriki auzoa birnaturalizatzeko egin dituzten obra bakarrak. Maiteminduen pasealekuak eta Otsagabia kaleak bat egiten duten tokiko zelai-eremua erabat berritu dute. Inguru hori narriatuta zegoen, eta Berdeguneen Zerbitzuak lorategi bihurtu du, inguruko bizilagunak lasai egoteko toki bat izan dezaten. Horretarako, zuhaitzak, zuhaixkak, eta landare bizikorrak eta erraboildunak aldatu dituzte, eta gainera, ureztatze-sistema jarri eta bideak sortu dituzte lorategiaren barruan. Gainera, Soldadurako Lantaldeak eginiko Corten altzairuzko ehun metro zintarri jarri dituzte, guneak mugatzeko. Askotariko hiri-altzariak ere jarri dituzte. 45.000 euro baino gehiago inbertitu dituzte lan horietan, BEZa barne.

Txorko txikien ordez, zuhaitz-erreiak
Iruñeko Udalak hainbat esku-hartze abiatu ditu hiriko zuhaitz-eremuak berrantolatzeko, klima-aldaketari aurre egitea eta bero-uharterik ez sortzea helburu. Besteak beste, txorko tradizionalen ordez zuhaitz-erreiak sortzen ari dira, berdeguneak eta zuhaitzak ondoz ondo jarriz; izan ere, txorkoek barnean duten zuhaitzaren perimetroa baino ez dute hartzen. Horixe egin dute, esaterako, Gipuzkoako etorbidean, Santa Luzia eta Santos A. Ochandátegui kaleen artean: 30 zuhaitz landatu dituzte. Eremu berde gehiago izatea eta eremu horien itxura hobetzea da helburua. Lan horiek egiteko, 228.465,15 euro jarri ditu Udalak, gune publikoak birgaitzeko esparru-akordioari lotuta. Arrosadian ere, Blas de Laserna kalean, erdibitzailea eraberritu dute, eta horri esker, 21 zuhaitzez osatutako errei bat sortu dute.

¿Te ha sido útil esta página?