Udalak 2.148 leku eskainiko ditu 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako udako jarduera eta irtenaldietarako ‘Txankletak’ programaren barruan

Udalak 2.148 leku eskainiko ditu 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako udako jarduera eta irtenaldietarako ‘Txankletak’ programaren barruan
Gainera, zinemarako mila sarrera banatuko dituzte bakoitza euro baten truke
Fitxategi
Chancletas


Uda ate joka dugun honetan, Iruñeko Udala Txankletak programa antolatzen hasi da berriz: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako askotariko jolas-jarduerak eskainiko dituzte. Hala nola piraguismoa, ibilaldiak zaldi gainean, ohe elastikoak eta akrobaziak, jolas birtualak eta laser tag jolasak, igerilekuetarako abonamenduak, zinemarako sarrerak euro baten truke eta egunpasak eskainiko dituzte. Jarduera horietan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da 14 urtetik gora izatea. Iruñean erroldatuta daudenek lehentasuna izanen dute.
Iruñean erroldatuta daudenek izena emateko epea ekainaren 9an zabalduko da, arratsaldez, eta ekainaren 15ean amaituko. Lekurik geratzen bada bete gabe, Iruñean erroldatuta ez daudenei eskainiko zaizkie ekainaren 16tik aurrera. Izena emateko NANa aurkeztu behar da ezinbestean.

Mikel Armendariz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak prentsaurrekoan eman du ekainetik irailera eskainiko dituzten jardueren nondik norakoen berri. Orotara 750 leku eskainiko dituzte jarduera hauetarako: piraguismoa Caparrosoren Errota Piraguismo Eskolan; ibilaldiak zaldi gainean Añezcar hipika klubean; akrobaziak, kirola eta jauziak Saltoka Jump-en; ohe elastikoetan salto librea Salting Iruñan; laser tag saioak taldeka Aliados Laser Tag Pamplonan, eta errealitate birtualeko jolasak Reset VR-n. Jarduera bakoitzean 125 leku egonen dira.

Sarrerak 5 euro balio du, eta ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte erabiltzen ahalko dira, baina aurrez erreserba egin behar da enpresa bakoitzean jarduera egin nahi den egunerako. Iazko eskaintzaren antzekoa da aurtengoa ere: iaz hasi ziren jolas birtualak eta laser tag saioak eskaintzen, eta aurten ere egonen da horiek egiteko aukera, eta gainera, berreskuratu egin dute Salting Iruña enpresarekin zuten elkarlana. 

Zinemarako 1.000 sarrera eta igerilekuetarako 200 abonamendu
Jarduera horiez gain, Iruñeko Udalak zinemarako mila sarrera eskainiko dizkie gazteei bakoitza euro baten truke, kultura sustatzeko. Golem Baiona eta Golem Yamaguchi zinema-aretoetarako izanen dira sarrerak, eta ekainaren 15etik irailaren 15era erabiltzen ahalko dira. Bakoitzak bost sarrera eskuratzen ahalko ditu gehienez ere, Gaztediaren Etxean, eta horiek erabili ahal izateko NANa erakutsi beharko da leihatilan.

Halaber, Etxabakoitz KKEko eta Arrotxapea KKEko igerilekuetarako 200 sarrera banatuko dituzte. 5 euro balio du bakoitzak. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Kirol eta Aisia Erakundeen Elkartearen (AEDONA) arteko elkarlanari esker eskaintzen ahalko dute aukera hori, bide eman baitu elkarteak bi igerileku sartzeko Txankletak programan.

Egunpasak
Egunpasak ere eskainiko dituzte. Hainbat tokitara eginen dituzte txangoak, eta hainbat jarduera egin: surfa, kayaka, ibilaldiak baltsan, eta egun bat Irrisarri Land abentura-parkean. Orotara 198 leku daude egunpasak egiteko, eta bakoitzak 15 euro ordaindu beharko du txango bakoitzeko.

Ekainaren 28an Donostiara joanen dira hondartzara, eta ordu eta erdiko surf ikastaro bat egiten ahalko dute, surfeko irakasle batekin taldeka. Uztailaren 19an, berriz, Irunberriko arroilara joanen dira, eta baltsan ibiliko dira Irati ibaian barrena, Irunberritik hasi eta Ledearaino. Abuztuan, berriz, Uribarri Ganboako urtegiaren txanda izanen da. Hilaren 9an izanen da hori, eta kayakean eta paddle surfean ibiltzen ahalko da. Azken irteera irailaren 6an izanen da: Irrisarri Land parkera joanen dira, eta abentura-parkera sartzen ahalko dira.

Viajes Divertis agentziak antolatzen ditu egunpasa horiek, eta joan-etorriak, ekipamendua eta gidak sarreran sartuta daude. Sarrera eskuratu ondoren, gazteek agentzia horrekin jarri beharko dute harremanetan egunpasak egiteko.

Gazte guztiendako aisialdi inklusiboa eskaintzea helburu, Gaztediaren Mahaiak eginiko eskaerari erantzunez, Udalak hainbat baliabide jarri ditu desgaitasunen bat dutenendako. Esaterako, heldu baten laguntza behar dutenek gazteendako prezio berean eskuratzen ahalko dute laguntzailearendako sarrera ere.

TXANKLETAK PROGRAMA

  • Nori zuzendua: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei.

  • Izen-emateak: Iruñean erroldatuta daudenendako, ekainaren 9tik (arratsaldetik aitzina) 15era, Gaztediaren Etxean. Hutsik gelditzen diren lekuak ekainaren 16tik aitzina eskainiko zaizkie gainerakoei.

  • Lekuak: 2.148

  • Prezioak: zinemarako, 1 euro; jardueretarako eta igerilekuetarako, 5 euro, eta egunpasak egiteko, 15 euro.

  • Jarduerak - 750 leku

    o    Piraguismoa. Caparrosoren Errota Piraguismo Eskola.
    o    Ibilaldiak zaldi gainean. Añezcar hipika kluba.
    o    Jauziak, kirola eta akrobaziak. Saltoka Jump.
    o    Ohe elastikoetan salto librean aritzea. Salting Iruña.
    o    Laser Tag. Aliados Laser Tag Pamplona.
    o    Errealitate birtualeko jolasak. Reset VR.

  • Zinemarako sarrerak (1.000 sarrera)
    o    Golem Baiona edo Golem Yamaguchi zinema-aretoak.
    o    Bakoitzak 5 sarrera gehienez ere.

  • Igerilekuetarako sarrerak (200 sarrera)
    o    Etxabakoitz KKEko eta Arrotxapea KKEko igerilekuak.

  • Egunpasak (198 leku)
     

¿Te ha sido útil esta página?