Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du 2019rako Lan Eskaintza Publikoa, guztira Iruñeko Udaleko alor ezberdinetako 135 lanpostu barne hartzen dituelarik. 135 lanpostu horietatik 50 berritze-tasakoak dira, eta 85 egonkortze-tasei loturik daude, udal-administrazioan bitartekotasuna murrizte aldera. LEP honetan jasotako lanpostu guztiak gehienez hiru urteren buruan deitu beharko dira.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Anaut Giza Baliabideetako zuzendariak xehetasunak eman dituzte 2019ko LEParen gainean, zeinak legegintzaldiak enplegu publikoaz bezainbatean zedarritutako ildo-estrategikoei eusten baitie. LEP honek, 2016az geroztik onetsitakoek bezala, helburu hauek ditu: bitartekotasuna murriztea; egungo beharrekin bat datozen lanpostuak finkatzea; udal-administrazioa sendotzea, gizarte-zerbitzu, ahalduntze, eta jasangarritasunaren sektoreetan, besteak beste; eta, azkenik, herritarrei aukera ematea enplegu publiko bat eskuratzeko. Hori horrela, 2015az geroztik 300 bat lanpostu egonkortzearen alde lan egin da, horrek bitartekotasuna murriztea dakarrelarik; 70 lanpostu berri sortu dira Gizarte Ekintzako eta Gizarte Ahalduntzeko behar berriei erantzuteko, eta enplegu publikoa indartu da, Haur Eskoletan eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, esaterako.
Zehazki, 2016-2019ko aldian 303 lanpostu onetsi dira LEPetan, eta hori Iruñeko Udaleko plantilla –Haur Eskolen Erakunde Autonomoa barne– osatzen duten 1.719 lagunen % 17,62 da. 303 lanpostu horiek udal-administrazioan dagoen behin-behinekotasunaren % 50i lotzen zaizkio. Legegintzaldi hasieratik, eta maiatza arteko aurreikuspenaz, 2016 eta 2019 artean onetsitako LEPetako 303 lanpostuetatik 222 deituko dira, hots, lanpostu horien % 73.
Berritze-tasako 50 lanpostu
2019rako onetsitako Lan Eskaintza Publikoan berritze-tasako 50 lanpostu daude, eta loturik daude, batez ere, funtzionarioek aurreko urtean hartutako erretiroei. Lanpostu jakin bakoitzaren arabera, legeak bide ematen du lanpostuen % 100 (pertsona bat, erretiratutako pertsona bakoitzeko), % 115 edo % 75 berritzeko. LEPean sartzen diren lanpostuen ezarpenak ez dauka zerikusirik erretiratutako pertsonak hutsik utzi duen lanpostu zehatzarekin; aitzitik, Udalak ahalmena dauka zer lanpostu eskainiko duen erabakitzeko, beharren arabera. 2019ko LEP honetan sartu diren lanpostuak Iruñeko Udaleko sindikatuen ordezkariekin negoziatu dira.
Azkenean, 50 lanpostu sartu dira. Horietako 36 Iruñeko Udaltzaingoari daude atxikirik: 23 udaltzain-lanpostu, lehen mailako 5 udaltzain-lanpostu, 7 inspektoreorde-lanpostu eta inspektore-lanpostu bat. Halaber, gizarteratzeko goi-mailako teknikarien 6 lanpostu finkatu dira, eta 2 soziologo-lanpostu. LEPa, berritze-tasari dagokienez, honako lanpostu hauek osatzen dute: community manager bat, informatika-sistemetako arduradun bat, tributu-ikuskatzaile bat, mugikortasun-teknikari bat, obra publikoetako ingeniari tekniko bat eta industria-ingeniari tekniko bat.
Enplegua egonkortzeko 85 lanpostu
LEPak enplegua egonkortzeko 85 lanpostu hartzen ditu barne, baita ere. Lanpostu horiek beteta daude edo behin-behinean bete dituzte funtzionarioek ala behin-behineko langileek gutxienez azken hiru urteetan (2018ko abenduaren 31an) Eskaintza publikora ateratzen dira, hain zuzen, alde batetik bitartekotasun hori murrizteko, eta, bestetik, zeregin jakin horretan aritzeko lanpostua eskuratu dutenek betetako lanpostu egonkorren alde egiteko.
Horien artean, gizarteratzeko goi-mailako teknikarien 10 lanpostu daude, legelarien 5 lanpostu, bateraezintasuna duten erdi-mailako tituludunen 5 lanpostu, erdi-mailako tituludunen 5 lanpostu gizarte laneko osagarriarekin, desinfekzioko eta mantentze-lanetako ofizial profesionalen 5 lanpostu eta ehorzle laguntzaileen beste 5. Horiei beste hauek gehitu behar zaizkie: Joaquín Maya Musika Eskolako espezialitate eta instrumentu ezberdinetarako 12 lanpostu, alor ezberdinetako 10 zerbitzuburu-lanpostu, mandatarien, mantentze-lanetako edo Animaliak Hartzeko Zentroko arduradun izateko lanpostu bana, eta beste batzuk, psikologo, euskara-itzultzaile, arkitekto tekniko, arkitekto edo Zuzenbidean lizentziadun lanpostuetan aritzeko.
2019rako deialdiak
Agintaldian zehar guztira deituko diren 222 lanpostuetarako 2019a giltzarria izango da, horien erdien deialdiak urte horretan egitea aurreikusi baita. Lanpostu hauetarako deialdia egitea aurreikusi da: Haur Eskoletarako 91 hezitzaile-lanpostu, gizarteratzeko goi-mailako teknikarien 19 lanpostu eta gizarte-laneko osagarria duten erdi-mailako tituludunen 17 lanpostu. 222 lanpostu horien barruan daude 50 udaltzain-lanpostu eta Udaltzaingoko 15 kabo-lanpostu –hein batean deituak–; horien barruan daude, baita ere, ekonomialari eta partaidetzako-teknikari aritzeko launa lanpostu, zeinen deialdiak abian baitira jada.
Iruñeko Udalak 2019rako dituen aurreikuspenen arabera, lanpostu hauen deialdia egingo da, maiatzean, beranduenez: legelarien 5 lanpostu, tributu-ikuskatzaileen 4 lanpostu, euskara-itzultzaileen 3 lanpostu, musika-hizkuntzako 3 lanpostu, Musika Eskolako koru-taldeko irakasle-lanpostu bat, berdintasuneko teknikarien 2 lanpostu, gazteriako beste 2, euskara-teknikariaren lanpostu bat, eta Osoko Bilkurako idazkari lanpostua.