Udalak 2006tik geldituta egon diren 175 etxebizitza babestu berrabiarazi ditu Anelier pasealekuan; Etxebizitzak berrabiarazteko, Udalak eraikuntza-enpresa obrak gauzatzera behartu du eta lurzatiak erreskatatu ditu

Udalak 2006tik geldituta egon diren 175 etxebizitza babestu berrabiarazi ditu Anelier pasealekuan; Etxebizitzak berrabiarazteko, Udalak eraikuntza-enpresa obrak gauzatzera behartu du eta lurzatiak erreskatatu ditu
Gobernu Batzarrak etxebizitzen prezioa baloratzeko koefizientea eguneratu du, enpresari hilabeteko epea eman dio proiektua martxan jartzeko eta, epe hori bete ezean, erreskatearen bidea gaitu du
Paseo Anelier


Tokiko Gobernu Batzarrak koefizientea eguneratzea onetsi du gaur goizean. Koefiziente horren bidez, Arrotxapeko Anelier pasealekuko bi lurzatitan eraiki behar ziren etxebizitzen prezioak baloratzen dira. Akordio horri esker, bi lurzatien (4-B eta 11-C deiturikoak) egoera desblokeatuko da eta 175 etxebizitza babesturen sustapena ahalbidetuko da. Bi lurzati horiek 2006an atera ziren enkantean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko, baina obrak ez ziren gauzatu. 

Formula erraza da. Udalak obra hori egiteko baldintzak eguneratu ditu, helburu soziala nabarmen hobetu du, egungo jabeari hilabeteko epea eman dio obra egiten hasteko, eta, hala egin ezean, bi lurzatiak erreskatatzeko bidea gaitu du, berriro enkantean jartzeko. Joxe Martin Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako hau adierazi du prentsaurrekoan: “egungo jabea izan edo beste enpresa bat izan, helburua da ahalik eta denbora-tarte laburrenean herritarren eskura jartzea duela 20 urte agindutako 175 etxebizitza babestuak”.

Bi lurzatiak 2007an adjudikatu ziren. Jabetzan hainbat aldaketa izan eta hainbat auziren ondoren, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak koefizientea eguneratzea onetsi zuen joan den otsailean emandako epaiaren bidez, lurzatiak besterentzeko lehiaketa publikoaren pleguetan jaso zen bezala. Hala, Auzitegi Nagusiak onartu zuen Iruñeko Udalaren eskumena dela ezartzea egungo jabeak, Grupo Palo Alto Empresarial SL taldeak, etxebizitza horiek eraikitzeko bere gain hartu behar dituen baldintzak. Udalak eskumen hori erabiliko du orain. Izan ere, sustatzaileak baldintzak onartzen ez baditu, Udalak badulurzati horiek berreskuratzeko eskumena.

Aurrekariak, duela ia bi hamarkadaz geroztik
Iruñeko Udalak lehiaketa publiko baterako deia egin zuen 2006aren amaieran, bi lursail horiek lote bakar batean besterentzeko (bata Anelier pasealekuan dago, Bernardino Tirapu kalearen alboan, mendebaldean, eraikitako bi blokeren artean; eta bestea, hegoaldean, neurri batean Arga Ibaia kalearen ondoan eraikitako etxadi bat osatuz), bertan alokairuan hitzartutako prezioko etxebizitza babestuak sustatzeko, baldin eta 15 urtez alokairu babesturako erabiltzen baziren, baina gero etxebizitza libretzat hartzeko. 2007ko apirilean, URPASA Construcciones Urbanos de Pamplona SAri 5.940.000 euroko zenbatekoan esleitu zitzaizkion, zergak barne hartu gabe, lurzorua besterentzeko prezio gisa. Etxebizitzen alokairuaren prezioa % 2,484koa zela ezarri zen, hitzartutako etxebizitzarako moduluaren arabera.

Ondoren, SAREB (Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea) bi lurzatien jabe bihurtu zen, Iruñeko Lehen Auzialdiko 4. eta 7. Epaitegiek izapidetutako hipoteka betearazteko bi prozedura zirela eta. 2019ko maiatzean SAREBen ahaldunek lurzatiak 4,1 euroan erosteko eskaintzaren idazki bat aurkeztu zuten Hirigintza Gerentziaren Erregistroan, Udalak lurzatiak erosteko eskaintza onartu edo Udalak lehentasunez erosteko eskubideari buruzko iritzia eman zezan. 

Hirigintza Gerentziak erosteko eskaintza nork egin zuen identifikatzeko eskatu zion SAREBi, erosle horrek aurkez zitzan URPASAk adjudikaziodun gisa zituen betebeharren subrogazioa baimentzeko beharrezko agiriak. 2019ko azaroan, Gobernu Batzarrak erabaki zuen SAREBi baimena ematea lurzatiak Grupo Palo Alto Empresarial SL enpresaren alde besterentzeko. Modu horretan, etxebizitza babestuak alokatzea sustatu zen, betiere lehiaketa publikoan ezarri ziren betebeharrak mantenduta.

Hilabete geroago, 2019ko abenduan, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen lurzati horietako etxebizitza publikoak babes ofizialeko etxebizitza izatea, eta alokailuaren balioa kalkulatzeko koefizientea % 3,153 izatea. Handik gutxira lurzatien salerosketa formalizatu zen.
Grupo Palo Alto Empresarial SL enpresak hainbat errekurtso jarri zituen eguneraketa horren kontra. Azkenik, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2024ko otsailean emandako epaiak Grupo Palo Alto Empresarial SL enpresa URPASA enpresaren lekuan subrogatu zuen, deuseztzat jo zuen, jakinarazpen faltagatik, Gobernu Batzarraren koefizientea berritzeko erabakia eta adierazi zuen administrazioak balioak eguneratzeko eskumena duela. 

2006ko enkantearen pleguan jasotako erreskatatze-aukera
Lursailak URPASA SAri esleitu zizkion 2006ko abenduan deitutako enkantearen pleguan honako hau jasotzen da: “adjudikaziodunak ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu (…), ezarritako moduan eta epean babestutako etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eskatzen ez badu, etxebizitza ukatuko zaio, eta proiektua aurkezten ez badu edo adierazitako epeetan eraikuntza-obrak hasten ez badira edo etxebizitzak besterentzen badira eta aurretik ezarritako berariazko debekua urratzen bada, Udalak adjudikatutako lurzatia berreskuratzen ahalko du edo, hala badagokio, besterendutako etxebizitzak berreskuratzen ahalko ditu kontratua hutsalduta eta zigor-klausula gisa salerosketaren zenbatekoaren ehuneko hogei atxikiko du.”

Era berean, honako hau adierazten da: "aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez betetzeak edo lurzatia, bertan kokatutako eraikinak edo etxebizitzak hirugarren pertsonei osorik edo zati batean eskualdatzeak Udalari eskumena emanen dio salerosketa-kontratua suntsiarazteko, eta esleipendunaren kontura izanen dira Udalak eskubide hori baliatzearen ondorioz sortutako gastu guztiak". Hori dela eta, "suntsiarazten bada, lurzorua esleitu zen prezioaren zenbatekoarekin erreskatatuko da, eta horren gainean eratutako kargen zenbatekoa eta lehen aipatutako zigorra kenduko dira".

Etxebizitza Plana: 11 hilabetetan 905 etxebizitzatarako sustapenak, horietatik 680 babestuak 
2007an lurzatien adjudikatu zirenean gertatu ez bezala, oraingo honetan eta egungo legedian oinarrituta, etxebizitzak babestuak izanen dira, izaera mugagabearekin, eta horrek Palo Alto edo hurrengo esleipenduna etxebizitza babestua bakarrik eskaintzera behartuko du.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean hartutako erabakia Iruñeko Etxebizitza Eskuragarriaren Udal Planaren barruan dago. Plan horrek datozen zortzi urteetan 1.200 eta 1.600 etxebizitza babestu artean sortzea aurreikusten du. Plan hori 2024ko otsailean onetsi zenetik, Iruñeko Udalak argi berdea eman die Arrosadia-Azpilagañan, NUPen inguruan, Beloso Goitin eta orain Arrotxapean dauden lau sustapeni. Horrekin batera, 905 etxebizitza eraikiko dira datozen urteetan. Horietatik 400 babes ofizialekoak izanen dira eta 280 alokairu eskuragarrikoak, eta horietatik 160 hirian erroldatutako gazteendako.
 

¿Te ha sido útil esta página?