Udalak 1974tik 1977ra bitartean udaltzain sartu ziren Iruñeko Udaltzaingoko lehen 12 emakume agenteak omenduko ditu

Udalak 1974tik 1977ra bitartean udaltzain sartu ziren Iruñeko Udaltzaingoko lehen 12 emakume agenteak omenduko ditu
50 urte Udaltzaingoan emakumeen lehen promozioa egin zenetik erakusketa Kondestablearen jauregian ikusgai dago otsailaren 24ra arte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Amparo Bejarano Cebrián, Inmaculada Etayo Larrainzar, María José Goñi Quintana, María Dolores Sarabia Moraza, María Jesús Zudaire Goyena, María Ochoa Van Dalen, Juana Arana Arrieta, María Socorro Tellechea Irurzun, Ana María Beaumont Moriones, Ana Merchán Carmona, Maribel Barangua Mayora eta Teresa Guarde Garrido dira Iruñeko Udaltzaingoan sartu ziren lehenengo hamabi agenteak. Emakume horiek 1974 eta 1977 artean kidegoan sartu izanak mugarri bat ezarri zuen Udaltzaingoan.

Gaur goizean hamabi udaltzain horiek Iruñeko Udalaren esker ona jaso dute, otsail honetan emakumeak Udaltzaingoan sartu zirenetik mende erdi bete denean. 73 emakume daude gaur egun Kidego horretan, hau da, kidegoa osatzen dutenen % 17,5. Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Antonio Sánchez López Udaltzaingoaren burua izan dira omenaldiaren buru, Endika Alonso Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzarako zinegotziarekin, Aitziber Campion Herritarren Partaidetzarako eta Euskararako zinegotzi bereziarekin eta Juan Manuel Gil Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendariarekin batera. 

Ekitaldian izan dira, halaber, Udalbatza, Alicia Echeverría Jaime Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Rashid Mohamed Vázquez Funtzio Publikoko zuzendari nagusia eta Salvador Díez Zapata Barne zuzendari nagusia, biak Nafarroako Gobernukoak. Joaquín Galve Sauras Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea eta Patxi Vera Donázar Nafarroako Arartekoa ere bertan ziren. Horiez gain, 20 udaltzainez osatutako Nafarroako hainbat Udaltzaingoetako ordezkaritza bat ere izan da.

Omenduei –bi kasutan zuzeneko senide banak ordezkatuta–, Udaletxearen fatxadaren zilarreztatutako erreprodukzio bat eman zaie opari gisa. Ekitaldian, Joaquín Maya Udal Musika Eskolako hiru ikasle helduk osatutako hari-hirukote batek parte hartu du.

Oroimenezko erakusketa
Iruña izan zen, 1974an, Kordoba eta Madrilen atzetik, emakumeak udaltzaingoan eginkizunak bete zitzakeela pentsatu zuen estatuko hirugarren hiria. Kondestablearen Jauregian une honetan atzera begirako erakusketa bat dago: 50 urte Udaltzaingoan emakumeen lehen promozioa egin zenetik. Bertan, zuri-beltzeko eta koloretako argazkiak, prentsako elkarrizketak, eta hainbat agiri biltzen dira, horien artean txartel profesionalak, aktak, baldintza-agiriak eta izendapenak. Material horien iturri dira, besteak beste, Iruñeko Udal Artxiboa edo Diario de Navarra edo San Fermín aldizkaria bezalako hedabideen hemerotekako argitalpenak.

Erakusketa, ezkaratzean dagoena, gaztelaniazko eta euskarazko 18 panelek osatzen dute. Panel horietan, kidegoaren barruan emakumeen funtzioek edo erantzukizunek izan duten bilakaerari buruzko informazioa jasotzen da, bai eta beste alderdi historiko batzuei buruzko informazioa ere, hala nola uniformearen aldaketei buruzkoa. Erakusketan badira eboluzioa agerian uzten duten hainbat objektu ere, hala nola, poliziaren identifikazio-plakak, defentsak (borrak), gerrikoak, hebillak edo lehen garaietako emakumeen txanoa. Konparazio gisa,erakusketan, ekipamenduko beste objektu batzuen artean, egungo uniformez jantzitako maniki bat ikus daiteke.

Baina erakusketako informazioaren barruan, beren unitate edo zerbitzuetako eginkizunetan aitzindariak izan ziren emakumeak ere ikusarazten dira: Maria Jesús Zudaire Nafarroako lehen sarjentua; Elena Navaz Pérez Iruñeko gala-eskoltako lehen emakumea edo Andone Poyo Iruñeko Udaltzaingoaren moto-unitateko lehen emakumea.

50 urte Udaltzaingoan emakumeen lehen promozioa egin zenetik erakusketa otsailaren 24ra arte egonen da ikusgai, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

¿Te ha sido útil esta página?