Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak goizean onetsi du Txantrea auzoko eremu bat –Doneztebe, Lesaka, Elo, Mendigorria, Etxarri-Aranatz kaleak eta San Kristobaleko tarte bat– berriz urbanizatzeko proiektua. Proiektuaren muina da zoladura eta kale horietako sareak erabat eraberritzea, eta etxadi desberdinetako bidegurutzeak berrantolatzea, oinezkoendako pasabideak sortuz, hala maila berekoak nola beheratuak Argi publiko eta hiri-altzari berriak paratuko dira, eta lorategiak, sortuko diren egoteko guneetan, eta finkatuko diren plaza zuhaitzdunetan ere.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Joxe Abaurrea Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkariak proiektuaren ezaugarrien berri eman dute, xehe-mehe, Gobernu Batzarrean onetsi ostean. Lanek 1,7 milioi euroko aurrekontua dute, eta Udalak eta Nafarroako Gobernuak batera finantzatuko dituzte, Tokiko Inbertsioen Planaren barruan. Zehazki, eta joan den otsailean onetsitako aurrekontu-aldaketaren ostean, Iruñeko Udalak 1.034.676 euro bideratuko ditu lan hauetara. Gainerakoa, 665.322 euro, Nafarroako Gobernuaren eskuetatik iritsiko da. Aurreikusitakoaren arabera, lanak publikoki lizitatuko dira apirilaren lehen hamabostaldian; posible litzateke lanak uztaileko bigarrenean abiatzea, eta horiek gauzatzeko epea bost hilabetekoa izango dela kalkulatu da.
Aldi berean eta betiere Udalak garatuko dituen lanekin koordinaturik, Iruñerriko Mankomunitateak argiteria- zein saneamendu-sareak goitik behera eraberritzeko lanak ere egingo ditu. Proiektu horren aurrekontuak milioi erdi euro inguru jotzen du, eta hortaz, jarduketa osorik, zeinean hiru erakundeek parte hartuko baitute, 2,2 milioi eurora iritsiko da.
Jarduketa hau Txantrea auzoa berrurbanizatzeko proiektu zabalago baten separata gisa sortu da; proiektu zabalago horren barruan daude Milagro kalea eta María Ana Sanz ikastetxearen ingurunea, San Kristobal kalearekiko zirkulaziorako zein oinezkoendako loturak eta Ezkaba kaleko esku-hartzeak, Mendigorria eta Etxarri-Aranatz kaleen artean.
Antzeko proiektuak aipaturik –Sanduzelaiko Erdigune, Milagrosako Edusi edo Arrotxapeko Oscoz multzoa–, Iruñeko alkateak esku hartzearen garrantzia azpimarratu du, “60ko hamarkadako azpiegiturez horniturik, saneamendu- eta urbanizazio-azpiegituraz bezainbatean Txantrean gabezia handienak dituen eremu bateko” arazoak arindu nahi baitira haren bidez. Alkateak erakundeen eta Udaleko alorren arteko elkarlana eskertu du, lan horren ondorioa izan baita proiektu hau abiatzea.
Zirkulazioan eta oinezkoen segurtasunean hobekuntzak
Proiektua goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, eta kaleen egungo sekzioa bere horretan mantendu nahi du, batetik, oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazio-eskema bera mantenduz eta, bestetik, San Kristobal, Mendigorria eta Etxarri-Aranatz kaleetako hegoaldean dagoen jarduketa-eremuan zoladura, espaloi eta zintarri guztiak ordeztuz.
Barneko kaleetan, hots, Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetan, oinezkoen joan-etorriak eta segurtasuna hobetzeko aldaketak proposatu dira. Une hauetan, kaleek 1,5 – 2 metroko espaloiko bi sekzio dituzte 7 metroko galtzadaren alboetan, eta horrek ibilgailu-errei bat eta ilaran edo zeharka aparkatzeko bi lerro hartzen ditu barne. Aparkatzeko eremu horietan bertan edukiontzi multzoak daude, etxe-uharteen arabera banaturik.
Barneko kale horietan, proposamenak galtzada murrizten du, 4 metrora, bi alboetan ilaran aparkatzeko eremu bana jarriz eta espaloiaren zabalera 3,5 metrokoa izan arte zabalduz. Galtzada eta aparkatzeko tokiak zintarriaren behe-aldeko mailan aurreikusi dira, oinezkoen eremua babesteko. Oinezkoen komunikazio eta segurtasun hori hobetzeko proposatu da Doneztebe eta Lesaka kaleen erdian oinezkoen pasabide goratuak espaloiaren maila berean jartzea, barneko plazetako ibilbideak eta San Kristobal kalearen ondoan dagoen plaza lotuz. Mendigorria eta Etxarri-Aranatz kaleetako bidegurutzeetako oinezkoen pasabideen zabalera ere murriztuko da, espaloien lerrokatze berriekin bat.
Sareak osorik berritzea eta egoteko eremu berriak
Txantrea auzoko eremu honetako jarduketa-proiektuak beste esku-hartze batzuk hartzen ditu barne, zuzkidura eta horniketarekin edo berdeguneekin zerikusia dutenak. Eremu berrietan egoteko lekuak jartzen dira, oraingoak baino zabalagoak, Etxarri-Aranatz eta Mendigorria kaleetara joaten diren espaloien eta eraikinen artean sortuta. Eremuak krema koloretako galtzada-harrizko zoladuraz, altzari berriez eta zuhaitzez hornituko dira.
Halaber, bide batez, hoditeria orokorrak eta saneamendu-harguneak, gorotz- zein euri-motakoak, berrituko dira, baita ur-horniketa ere (lan horiek Iruñerriko Mankomunitateak egingo ditu). Era berean, badagoen argiteria publikoko instalazioa, hiri-altzariak, lorategiak eta ureztatze-sistema ere berrituko dira. Azkenik, oztopo arkitektonikoak kentzeko araudia beteko da, beharrezko beheraguneez eta hiri-osagaien berrantolaketaz.
Egun, ukituriko kaleetan horniketa-sare orokorra lurperatuta dago, gorotz- zein euri-urak jasotzeko adarrak bezala. Badauden horniketa-hoditeriak espaloien azpian kokatzen dira; behe-tentsioko sarea zein gas naturalekoa gehienetan etxebizitza-eraikinen fatxadetan daude, eta berogailu-sarea lurperatuta dago. Hiriko argiteria eraikinen fatxadetan dago.
2012an bertan behera utzitako berregokitze-lanak berreskuratzea
Txantrea auzoa 50ko hamarkadaren hasieran sortu zen, Iruñeko Udalak emandako diru-laguntza baten bidez eskuratutako lursailetan. Auzoa altxatu zuten langileak bertako lehen auzokideak izan ziren; izan ere, bere prestazioaz eta lanaz obren kostuaren zati bati aurre egiten zioten. Erabiltzearen erabiltzeaz urteetan zehar narriatzen ari ziren eremu batzuk berrurbanizatzeko eta egokitzeko hainbat jarduera egin dira auzoan azken urteotan.
1999an Alemanes zonaldean egin zen berrurbanizazio berria, eta Andrés Gorricho kaleko espaloietan lanak egin ziren. 2002an Txantreako plazaren urbanizazio-proiektua gauzatu zen osasun-etxearen aurrean, baita espaloiak berritzeko proiektu bat ere; hori dela-eta, bereziki Andrés Gorricho, Magdalena eta San Kristobal kaleetan aritu zen. 2005ean Mugazuri kaleko urbanizazioan espaloiak berritu eta egokitu ziren, 1999an hasitako lanak bigarren fase horretan burutuz. 2006an espaloien zoladura berritu zen, 2002ko lanetan barne hartu ez ziren San Kristobal kaleko hainbat etxe-uhartetan; bazeuden berdeguneen mantentzea hobetu zen eta hainbat bidegurutze berrantolatu ziren, eta oinezkoen pasabideetako zintarrietan beheraguneak sortu. 2010ean lan horiek burutu ziren San Kristobal kaleko beste eremu batzuetan.
2009an, Enplegurako Toki Inbertsioaren Funtsaren kargura, auzoko kaleak berrurbanizatzeko proiektua gauzatu zen Urrutia, Obieta, Aieka, Aguilar, Oibar eta Arguedas kaleetan zein Esprontzeda zeharkalean, eta Ezkabaren zati batean. 2011ko lehen seihilekoan, esku-hartzea auzoko beste zonalde batean burutu zen, Irunberri, Larrasoaña, Lakuntza, Miranda-Arga, Uharte-Arakil, Goizueta, Milagro kaleek eta Gares plazak zedarrituta. Jarduketa horiek guztiak osatu izan dira, gehienetan, ur-horniketan, euri-uretarako eta saneamendurako sarean zein hiriko argiterian azpiegiturak berrituz. 2012tik ez zegoen berriro programatuta horrelako jarduketarik.
Orain egiten ari diren eta datorren urtean –Etxalar, Cintruénigo, Kaseda eta Artaxoa kaleetan zein Esprontzeda zeharkalearen zatian– jarraitzea aurreikusi diren lanen xehetasunak auzokideei azalduko zaizkie, zehatz mehatz, ekainerako antolatutako batzar batean.