Iruñeko Udalak 157.000 euro bideratuko ditu Carmen kaleko udal-jantokiko gosari-, bazkari- eta afari-zerbitzuetarako, gaur Tokiko Gobernu Batzarrean onetsi den kontratuaren lehen luzapenarekin bat. Kontratua Tallunce SL enpresari esleitu zitzaion eta luzapena urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa izanen da.
Aurrekontua guztira 13.687 bazkari, 13.687 afari eta 9.581 gosari emateko kalkulatu da. Kopuru horiek eguneko 50 afari- eta 50 bazkari-zerbitzuri dagozkie, baita 35 gosariri ere. Hala ere, kopuru horiek ez dira itxiak. Izan ere, egunero udal-jantokiak behar dituen menuak enkargatuko ditu, eta gehiago ala gutxiago izan daitezke, betetze-mailak hala eskatzen badu. Menu kopuru zehatza bezperan jakinarazten da.
Zerbitzuek gora egin zuten alarma-egoera bitartean
Normalean janaria jantokian bertan zerbitzatzen den arren, osasun-krisiaren ondorioz hartutako neurriak kontuan hartuta, tuperren bidez ematea aukeratu zen, etxera eraman ahal izateko, hartara erabiltzaileen segurtasuna bermatuta. Egoera hori une hauetan mantentzen da, osasun-krisia dela-eta. Aurten dagoen elikagai-eskari osoari erantzun ahal izateko, Udalak eguneko zerbitzu kopurua areagotu behar izan du, zenbaitetan 80 laguni ere zerbitzu eman dielarik. Une hauetan, elikagai-eskatzaileen artean familia-unitateak daude.
Udal-jantokia auzo-unitateetan eta/edo gizarte zerbitzuetan egiten den lana osatzen duen gizarte ekintzako baliabide bat da. Pobrezia-egoera endemikoak edo egiturazkoak eta norbere kabuz moldatzeko zailtasunak arintzeko berariazko tresna lagungarria da, baita deserrotzea edo gizarte-bazterkeria eragin edo larritu ditzaketen egoerak arintzeko ere. Udalaren gizarte-zerbitzuek diseinatutako gizarteratze prozesuak laguntzeko eta lan ekintzetarako tresna ere bada.
Menu orekatua, elkarbizitzarako gune batean
Urte osoan zehar ematen da zerbitzua, sanferminetan salbu. Kontratuak eskariari erantzuna eman nahi dio, menu orekatu eta beharretara egokitua emanez, eta aldi berean egunero elkarbizitzarako gune bat eskainiz. Bazkaria eta afaria honako hauez osatua daude: lehen platera, bigarrena, postrea, ogia eta kafea esne eta azukrearekin. Gosaltzeko, gutxienez fruta-ale bat dago, esneki bat eta ogia, opil bat edo zerealetatik eratorritako produktu bat.
Enpresa esleipenduna arduratzen da menuak egiteaz, elikagaiak erosteaz eta bere instalazioetan menuak eta dieta bereziak manipulatu, landu eta/edo prestatzeaz. Elikagai elaboratuak erabiltzaileek horiek kontsumitu arte behar bezala kontserbatu eta mantentzeko sistemak erabiliz prestatu beharko dira. Enpresa ere menuak udal-jantokira eramateaz arduratuko da.