Iruñeko Udalak aurten 1,4 milioi euroko partida bat du hiriko eremu zaurgarrietan dauden eraikinetan hiria berroneratzeko jarduketak diruz laguntzeko. Kontzeptu horrek barne hartzen ditu 60ko hamarkadan ‘izaera soziala’ zuten etxebizitza gisa eraiki ziren eraikinak, egun eremu berriekin edo etorkizuneko garapenekin mugatu eta, ondorioz, inguruneak baino hiri-kalitate maila baxuagoa dutenak. Nahiz eta ‘auzo zaurgarriak’ kontzeptua 2011n sortu zen, egia esan, Udala etengabe aritu da mota horretako eraikinetan lan egiteko inbertsio-ahalegina egiten, zeina Etxabakoitzeko Urdanoz etxe-multzoari 2000. urtean emandako laguntza-ildoarekin hasi baitzen.
Gaur egun hala kalifikatuta daude Urdanoz etxe-multzoa, Oscoz etxe-multzoa (Arrotxapea), Santa Engrazia, Sanduzelaiko parke berritik hurbilen dagoen eremua, Sarrigurengo errepidean dauden Diputazioaren etxeak deitutakoak eta San Migel kolonia (Txantrea). Haiei gehitu behar zaizkie San Pedroko etxebizitzak (Arrotxapea), Udalaren jabetzekoak direnak, eta zeinetan etengabe ari baitira jarduketak egiten, horiek etxebizitza sozial gisa alokatzeko.
Horietan guztietan, hala energia-eraginkortasuna nola irisgarritasuna hobetzeko irizpideetan oinarrituta egin behar dira birgaitzeak. Une hauetan 32 eraikin daude jada obretan edo proiektu-fasean: Gridillas Etxeetako etxe-uhartean (4) eta Sanduzelaiko hainbat multzotan (4), Oscoz etxe-multzoan (8) eta Sarrigurengo errepidean (6) eta beste 10 San Migel kolonian (Txantrea). Hala kalifikatutako 70 eraikinetatik 18tan guztiz amaitu dira obrak (Trenbideko kalea, Agur Maria zeharkalea, Lezkairu eta Sanduzelai).
Lankidetza publiko-pribatua hiriaren onerako
Azken zazpi urteetan Iruñeko Udalak 1.908.583 euro bideratu ditu mota horretako jabetza pribatuko etxebizitzak birgaitzen laguntzeko, lankidetza publikoko erakustaldi bat eginez, zeinak aldi berean bi helburu betetzen baititu: bizilagunen komunitateek, eta finean jabeek, beren etxebizitzen eta bizi-kalitatearen hobekuntza nabarmena lortzen dute, eta Udalak finkatuta dagoen hiri-ehuna hobetzen du, hiria araudira eta hiri moderno bati buruzko itxaropenetara egokituz, eta hori guztia eraikinen energia-kontsumoa murriztea xede duten ingurumen-jarduketekin lotuta.
Sistema laguntza ekonomikoak ematean oinarritzen da, inguratzaile termikoan, irisgarritasunean, energia-eraginkortasunean (halaber, baldintza jakin batzuetan, gas-galdara indibidualak aldatzea) eta eraikinaren funtzionaltasuna edo egitura egokitzeko obrak egiteko, eta horietan babesteko moduko aurrekontuaren ehuneko bat (% 25etik %40ra bitartekoa, obrak zertan eragiten duen) diruz laguntzen da, betiere etxebizitza bakoitzeko gehienezko muga batekin. Baina, gainera, Udalak komunitateen eskura jartzen du, gehienez ere 120 egunez, aldamioak lagatzeko zerbitzu bat, eta mailegu ‘bigunak’ eraikinaren birgaitze-prozesuari aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten jabe edo erabiltzaileentzat.
Akordioan oinarritutako sistema bat
Nahiz eta aurtengo aurrekontu-aurreikuspenak 1,4 milioi euro jotzen duen, kaltetutako eraikinen bizilagunen komunitateak dira erritmoa zedarritzen dutenak, izan ere, obrak egin baino lehen, Esku-hartze Orokorreko Proiektu (PIG) bat onartu behar dute, zeinetan, eraikinetako jabeen parte hartzearen bitartez, birgaitzean aplikatuko diren eraikuntza-konponbideak finkatzen baitira, besteak beste, fatxada-eredu homogeneo bat eraikin multzo batentzat.
Behin Udalak eta Nafarroako Gobernuak Esku-hartze Orokorreko Proiektu hori onartzen dutenean, agiria eraikin bakoitzeko birgaitze-proiektuetarako oinarri gisa balio du eta kaltetutako jabekideen erkidegoendako laguntzen agertoki optimoa sortzen dute.
Ondoren, komunitate bakoitzarekin izenpetutako hitzarmenek, birgaitzeari ekiteko garaian, baldintzatzen dituzte eman beharreko laguntzak, dirulaguntzen ehunekoak, gauzatzeko epeak, ordainketen egutegia, eta abar. Udalak jabe pribatuei ematen dien bultzada ekonomiko hori Nafarroako Gobernutik eta Espainiako Gobernutik datozen laguntza-ildo orokorrei batzen zaie.
‘Eremu zaurgarrietako’ eraikinen birgaitze-egoera
|
Trenbideko kalea 2-4 |
2 eraikin, lanak amaituta |
|
Agur Maria zeharkalea |
5 eraikin, lanak amaituta 4tan |
|
Lezkairuko zaldua |
11 eraikin, lanak amaituta |
|
Sanduzelai (Gridillas Etxeetako etxe-uhartea) |
7 eraikin, lanak amaituta 1ean, 1 egiteko bidean, eta 3tan, proiektuak aurkeztuta |
|
Sanduzelai (16 etxebizitza-multzoak) |
12 eraikin, 3 obretan, 1ean proiektua onartuta |
|
Oscoz etxe-multzoa |
8 eraikin, 8ek proiektuak aurkeztu dituzte |
|
Sarrigurengo errepidea |
10 eraikin, 6k proiektuak aurkeztu dituzte |
|
San Migel kolonia |
11 eraikin, 10 obretan daude |
|
Urdanoz etxe-multzoa |
2010ean 4 eraikin birgaitu gabe gelditu ziren, horietako 1 2021ean birgaitu da |