Udalak 14 ikastaro eskaintzen ditu herritarren partaidetza bultzatzeko: besteak beste, jendaurrean hitz egiten irakatsiko dute, eta adinekoendako etxebizitza kolaboratiboen funtzionamendua azaldu

Udalak 14 ikastaro eskaintzen ditu herritarren partaidetza bultzatzeko: besteak beste, jendaurrean hitz egiten irakatsiko dute, eta adinekoendako etxebizitza kolaboratiboen funtzionamendua azaldu
Apirilaren 28an zabalduko dute maiatzeko eta ekaineko ikastaroetan izena emateko epea
escuela de participación


Apirilaren 28an hasiko da Herritarren Partaidetzako ikastaroetan behin-behinean izena emateko epea; ikastaroak maiatzean eta ekainean eginen dira, eta batez ere adinekoei zuzenduak dira, bai norbanakoei eta bai kolektiboei eta elkarteei. Bi hilabete horietan doako 14 ikastaro ezberdin eskaintzen dira, 2 ordutik 36 ordura bitartekoak, egun bakarrean edo elkarren segidako saioetan egitekoak; halaber, iraupen luzeko ikastaroak egiteko aukera dago (120 ordu): hilabete bakoitzean modulu bat eginen da, ikasturte osoan zehar.

Ikastaro horietako edozein osorik eginez gero bertaratze-ziurtagiria eskuratuko da. Behin-behinean izena emateko online inprimaki bat bete beharko da egin nahi den ikastaro bakoitzeko, eta https://participa.pamplona.es/eu/ webgunean sartuta egin ahal izanen da. Ikastaro bakoitzean behin-behinean izena emateko epea hura hasi baino bi aste lehenago itxiko da, eta une horretan jakinaraziko zaie izena eman duten guztiei ikastaroan onartuak izan diren ala ez. Ikastaroren batean eskainitako lekuak baino eskaera gehiago badira, teknikariek ikastaro bakoitzaren berariazko irizpideen arabera hautatuko dituzte parte-hartzaileak, betiere Iruñean erroldatuta daudenei eta Iruñeko gizarte- eta kultura-elkarteetako kideei lehentasuna emanez.

Ikastaroak maiatzaren 6tik ekainaren 28ra bitarte eginen dira, udal-gune hauetan: Zentro elkarlanerako gunean (kale Nagusia 2, 2. sol.), Geltokin, Txantreako Salestarrak Zentro Komunitarioan, Ziudadelan eta Calderería kaleko udal-aretoan. Ikastaroak etengabeko prestakuntzatzat hartuko dira. Aldi honetako gaiak honako hauek dira: boluntariotza eta herritartasun aktiboa; parte-hartze sozial antolatua: elkartegintza; herritarren antolakundeen eta erakunde eta sare komunitarioen garapena, hiru irizpide orokor hauek aintzat hartuta: parte hartzeko gizarte-trebetasunak bultzatzea, parte hartzeko trebetasun teknologikoak eta boluntariotza.

Gainera, modulutan eskaintzen ez diren beste ikastaro batzuetan parte hartzeko aukera dago maiatzean eta ekainean; besteak beste, eduki hauek landuko dituzte ikastaro horietan: indarkeriarik gabeko komunikazioa, jendaurrean hitz egiteko maila desberdinetako teknikak, lankidetza-sareak eta mezenasgoa, diseinua Canva erabilita, Visual thinking eta sorkuntza kolektiboa. Horrez gain, adinekoendako etxebizitza kolaboratiboekin lotutako edukia eskainiko da, adinekoendako etxebizitza kolaboratiboen proiektuen oinarriak ezagutzera emateko. Era berean, aurrera doaz talde-jarduna bideratzeko oinarrizko eta maila ertaineko ikastaroak. https://participa.pamplona.es/eu webgunean eskuratzen ahal da ordutegiei eta edukiei buruzko informazio guztia.

Hauek emanen dituzte ikastaroak bi hilabete horietan: Franziska Rautenberg psikologoak (Alemaniako FU-Berlingo Unibertsitateko tituluduna eta terapeuta sistemikoa familia eta bikoteekin Euskadi eta Nafarroako Familia Terapia Eskolan), Belén Galindo Lizaldre, Diana González González, Sara Larripa eta Mercedes Corretge Arrastia komunikazioko espezialistek eta Sandra de Rivas Hermosilla Sormen Osoan, Ekintzailetzan, Gizarte Dinamizazioan eta Kultura Biozentrikoan adituak. Halaber, beste hauek parte hartuko dute: Unai Esparza Ezkurrak (Gizarte Mentoretzako Kideak programako kidea), Maialen Escalada Navaridasek (Etxekonak bat kooperatibako ordezkaria) eta Maite Velasco Garcíak eta Mª Carmen Isturiz Agudok (Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Sozietateko kooperatibistak).

¿Te ha sido útil esta página?