Udalak 133.333 PamplonUP bonuren salmenta abiatu du, 400 establezimendu baino gehiagotan % 30eko beherapenarekin erosketak egiteko

Udalak 133.333 PamplonUP bonuren salmenta abiatu du, 400 establezimendu baino gehiagotan % 30eko beherapenarekin erosketak egiteko
18 urtetik gorakoek www.pamplonup.es webgunean gehienez 5 bonu eskura ditzakete, bakoitza 14 euroan, eta haiekin 20 euroko erosketak egin
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak irailaren 10etik aurrera 133.333 ‘PamplonUP’ bonu kaleratuko ditu. ‘Gora Iruñeko negozioak!’, udal-ekimen berri honekin bat egin duten 430 saltokietan erosketak egiteko aukera ematen dutenak % 30eko deskontuarekin. 18 urtetik gorakoek www.pamplonup.es webgunean gehienez 5 bonu eskura ditzakete, bakoitza 14 euroan, eta haiekin 20 euroko erosketak egin. Bonuak salgai egonen dira irailaren 30a arte, eta erosten diren unetik urriaren 17ra bitarte trukatu ahalko dira.
 

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetan kontsumoa suspertzea da helburua, saltzaileen mozkina murriztu gabe. Horrela, COVID-19aren osasun-krisiak zigortu duen sektoreetako bat indarberrituko da, Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Zinegotzi Ordezkariak eta Inma Elcano Nafarroako Merkatarien gerenteak aurkezpen prentsaurrekoan azaldu dutenez.
 

Iruñeko Udalak 800.000 euro bideratu ditu bonuen kanpainarako, eta milioi bat euro merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako establezimenduak beren gain hartzen ari diren gastuak –espazioak osasun-neurri berriekin bat seguru bihurtzeko– diruz laguntzeko. 1,8 milioi euroko gastu hau Iruñeko Udalak egindako COVID-19 neurrien planaren barruan dago, koronabirusak osasunaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan eragindako egoerari aurre egiteko. Planaren barruan 15 neurri zehatz daude, ardatz hartuta oinarrizko gizarte zerbitzuei laguntza ematea, ekonomia eta enplegua sustatzea eta etorkizuneko mugikortasunarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzea.
 

Erosketa bakoitzean nahi adina bonu erabil daitezke

Irailaren 10etik aurrera banatuko diren 133.333 bonuek erosketak diruz lagunduko dituzte, % 30ean, horrek dendei inongo gasturik eragin gabe. 6 euroko aldea, 20 euro eta bonuak balio dituen 14 euroren artekoa, Iruñeko Udalak bonua zein establezimendutan trukatu eta horri emanen dio.
 

Bonuak 18 urtetik gorako edozein pertsonak eskura ditzake www.pamplonup.es webgunean. NAN bakoitzeko gehienez ere 5 bonu erosten ahalko dira, 70 euroan, 100 euroko erosketa-balioarekin. Kanpainarekin bat egin duten dendetan, nahi adina bonuak erabil daitezke. Ez da itzuliko erosketa-prezioaren eta bonuaren arteko aldea; beraz, tiketak trukatutako bonu guztien balio bera edo handiagoa izan beharko du beti. Ez da itzuliko erabili ez diren bonuen zenbatekoa. Itzulketarik izanez gero, establezimendu bereko beste produktu batekin trukatuko da. Bonuen salmenta irailaren 30a arte luzatuko da eta gastatu ahalko dira atxikitako negozioetan, erosten den unetik urriaren 17ra arte.
 

Bonuen erosketa egiteko, www.pamplonup.es webgunean sartu ondoren, klik egin ‘Bonuak erosi’ estekan. Datu pertsonalak sartu ondoren, zenbat bonu eskuratu nahi dituzun adieraziko da. Eskuratutako bonuak ordainketa elektronikoko pasabidearen bidez ordainduko dira, 20 euroko bonu bakoitzeko 14 euro bakarrik ordainduz. Ondoren, QR kodea duten bonuak jasoko dira, horiek dendetan irakurriko dira eta bonu bakoitzari 20 euroko balioa aplikatuko zaio. Horrela, % 30eko deskontua gauzatuko da.
 

Moda, ostalaritza, farmaziak, ile-apaindegiak, altzairuak, elektronika, liburu-dendak, lore-dendak...

Bat egin duten 430 dendak hiri guztian barna sakabanaturik daude eta webguneko mapa interaktiboa estekan kontsulta daitezke. Kategoria (33 sektore desberdin) zein kokapena kontutan harturik agertzen dira. 430 hauen artean, 87 moda dendak dira eta 20 zapata-denda, 41 taberna eta 28 jatetxe, 43 farmazia, 35 ileapaindegi eta bestelako zerbitzu pertsonalak, 23 altzariak eta etxerako ekipamendua-eletronikoa, 18 liburu-denda, 11 loradenda, 10 optika eta 10 konpontzeko lantegi.
 

Zerrenda honako hauekin osatzen da: argazki-dendak, erabilitako ondasunak eta antikuarioak, bitxi-dendak, lurrin-dendak, jostailu-dendak, etxeko ehunkiak, drogeriak, ostatuak, estezistak, musika-instrumentuak, ortopediak, fotokopiak, bidaia-agentziak, fisioterapia, ikuztegiak, dietistak, podologoak, masaje-emaileak eta gozo-dendak.
 

Zerrenda hau datozen egunotan osatuko da gaur egun dokumentuak zuzentzeko eskabidearen fasean daudenekin, beraz kanpainarekin bat egin duten negozio guztiak 476 saltoki izan litezke.
 

Kanpainaren irudia gora egiteko ideiarekin lotzen da, up ingelesez, horregatik koloretako puxikekin igotako pertsonak erakusten ditu. Sektore guztien ordezkari gisa, erosketetan ari den pertsona bat aukeratu da, liburu-denda bat bisitatzen duen beste bat, sukaldaria eta ile-apaintzailea.
 

Sektoreak lagundu, tokiko enplegua sortu eta mantentzeko

Modu honetan kontsumoak eta hiriko jarduera ekonomikoak behera egitea saihestu nahi da, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonaletako sektoreei babesa emanez, hiriaren ekonomia suspertzeko estrategikotzat jotzen baitira. Tokiko enplegua sortu eta mantentzeko gaitasuna duten esparruak direla uste da, eta pisu garrantzitsua dute Iruñeko jarduera ekonomikoetan guztira izan diren altetan.
 

Txikizkako merkataritzan, ostalaritzan eta ostatuen sektorean 3.501 alta daude eta horrek JEZeko jardueren (6.664) % 50 baino gehiago suposatzen du. Horri zerbitzu pertsonalak batzen badizkiogu (ile-apaindegiak, estetika-zentroak eta antzekoak), 459 alta gehiago batzen dizkiogu eta portzentajea % 59ra heltzen da. Gainera, tokiko aberastasuna birbanatzeko gaitasuna duten esparruak dira; izan ere, batetik, haien ustiapen-gastuetako asko alokairu eta soldatetara bideratzen dituzte, eta bestetik, ohikoa da tokiko zein eskualdeko enpresa txiki eta ertainekin lan egitea.

¿Te ha sido útil esta página?