Iruñeko Udalak irabazi-asmorik gabeko entitateentzako laguntzak hirukoiztu ditu, iazko 36.000 eurotik aurtengo ekitaldiko 120.000 eurora, haur eta gazteen parte-hartzea sustatzera bideratutako proiektuak egin ditzaten aisialdi eta denbora libreko guneetan.
Deialdiaren oinarriak 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, maiatzaren 11koan, eta Udalaren webgunean eskuragarri daude (www.pamplona.es). Eskabideak ekainaren 11ra arte aurkez daitezke, ahal dela, telematikoki esteka hau jarraituz Egoitza Elektronikoan. Aurrez aurre ere egin daiteke, Udalaren edozein erregistrotan.
Deialdiaren xedea da 0 eta 17 urte bitarteko adingabeen artean harremanak eta bizikidetza bultzatzeko programak laguntzea, halako moduan non gizarte-kohesioa hobetuko baita eta adingabeen inplikazio aktiboa sustatuko baita entitateek antolatutako jardueren diseinuan. Halaber, adierazpena, sormena, parte-hartzea, pentsamendu irekia, autonomia eta erantzukizuna garatuko dituzte, horiek guztiak hartuta askatasunean eta elkartasunean hazteko oinarrizko printzipio gisa. Azkenik, genero-ikuspegia berariaz txertatuta izan beharko dute.
10.000 euro bitarteko laguntza entitate bakoitzeko
Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du, bai banaka parte hartzen badu, bai entitateen talde baten barruan. Entitate bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoak ezinen du gainditu aurkeztutako proiektuaren osoko aurrekontuaren % 80, ezta 10.000 euro ere. Dirulaguntza defizitaren ehuneko bat izanen da, eta proiektuak lortutako puntuazioak bezainbeste joko du; horrela, gehieneko puntuazioa (100 puntu) eskuratzen duten proiektuek defizitaren % 100 jasotzen ahalko dute (ez da ezein kasutan izanen proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 80 baino handiagoa), eta gutxieneko puntuazioa (60 puntu) lortu dutenek defizitaren % 60 jasoko dute. Ehuneko horietatik beherako dirulaguntzak ematen ahalko dira balorazioaren beraren ondorioz eta aurrekontuaren eskuragarritasunaren arabera.
Proiektuei 10 puntu bitarte emanen zaie entitatearen ibilbidearen eta gaitasunaren arabera, eta 90 puntu bitarte, kalitate teknikoagatik. Proiektu zehatzak izan beharko dute, eta ez bakarrik jarduera isolatuak, haurrei zein nerabeei, oro har, irekita egon behar dute, eta ezein kasutan ere ez da egonen ez banakako ez taldeko diskriminaziorik edo bazterkeriarik sexu, arraza, ideologia edo erlijioa dela bide, halako moduz non proiektuaren edozein gauzatze-fasetan sartzen ahalko baitira parte-hartzaile gehiago. Iruñeko Udalaren programekin elkarlanean gauzatuko dira, eta COVID-19aren egungo krisitik eratorritako neurriak kontuan hartu beharko dituzte.
Elkartasuna, genero-berdintasuna eta aztura osasungarriak sustatzea
Proiektuen edukiak honako alderdi hauek barne hartu beharko ditu: jarduerak metodologia partizipatiboetan oinarritzea eta sentsibilizazio-jarrerak sustatzea hainbat balio kontuan hartuta, hala nola elkartasuna, adiskidetasuna, konpromisoa, genero-berdintasuna eta aztura osasungarriak. Halaber, elkartegintza eta boluntariotza sustatu beharko dituzte, eta kontuan hartu beharko dute elkarteen eta erabiltzaileen arteko koordinazioa eta lankidetza, auzoetan proposamen bateratuak eta koordinatuak eskain daitezen. Azkenik, proposatutakoak eta garatuko den testuinguruak koherenteak izan beharko dute.
Deialdian parte hartzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: legearekin bat eratuta egotea; irabazi-asmorik gabekoak izatea; helbidea Iruñean izatea; estatutuetan ageriko helburu gisa izatea gizarteko arta eta esku-hartzea haur eta nerabeen sustapen eta prebentzioaren esparruan, eta proposatutako helburuak erdiesteko gaitasuna izatea. Beste betekizun batzuk dira Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmenik edo kontraturik sinaturik ez edukitzea eta nahitaez izatea erantzukizun zibileko asegurua.