Iruñeko Udalak 115 jarduerako programa bat prestatu du Eguberriez gozatzeko Iruñeko kale eta espazio publikoetan adin guztietarako kultura, musika eta artearekin. Musika askotariko agertokietan, argi-performanceak, sormen-lantegiak eta instalazio interaktiboak, besteak beste, data horietan ohikoak diren adierazpen eta jarduera tradizionalak ikuspegi garaikide batekin uztartzen saiatuko dira.
Aurten, lehenengoz, 'Islak' proposamen esperimentala eszenaratuko da Karlos III.aren etorbidean, Suakai kolektiboaren eskutik. Murgiltze-esperientzia horrez gain beste hainbat proposamen izanen dira, hala nola, ‘Bestelako Argiak’ programaren seigarren edizioa Ziudadelan, gehienez ere 10 sortzailek parte hartuko duten haur eta familiendako arte-lantegiak eta Eguberrietako musika-eskaintza, 10 kontzertuko zikloarekin elizetan, bi ikuskizunekin Baluarten eta Gayarre antzokian eta gabon-kanta tradizionalekin eta koru-musikarekin kaleetan barna. Proposamen horiei Civivox sareak txikienendako eginen dituenak batuko zaizkie, musika ardatz duten ikuskizun eta lantegiekin, bai eta hiriko liburutegi publikoen sareak haurrendako eginen dituen jardueren eskaintza ere.
Gaur goizean aurkeztu dute programa María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Ivan Carmona Suakai taldeko zuzendari artistiko eta ‘Islak’ instalazioaren arduradunak. Udal-programa gaur arratsaldean abiatuko da, 20:00etan, Baluarte Batzar Jauregi eta Auditorioko areto nagusian, ‘Denboraren ikuspegia’ izeneko Iruñeko Sinfoniettaren kontzertu batekin, zeinak omenaldia egin nahi baitio talde horren 30 urteko ibilbideari.
Islak
‘Islak’ soinu-esperientzia interaktibo bat da, Suakai kolektibo artistikoak sortua 2020an Talentu Artistikoaren Sustapenaren saria jaso ondoren. Proposamena Karlos III.aren etorbidean, Entzierroaren monumentuaren ondoan instalatutako karpa batean eginen da, abenduaren 27tik (astelehena) urtarrilaren 9ra (igandea) bitarte, goiz eta arratsaldez. Jarduera doakoa da baina sartzeko internetetik erreserba egin behar da www.pamplonaescultura.es edo www.suakai.com webguneen bidez.
Murgiltze-esperientzia horrek askotariko estiloetako artista eta taldeak uztartzen ditu: musika klasikoa, rocka, jazza, tradizionala. Ikusleak, talde mugatuetan, 350 musikari baino gehiago zuzentzeko Edukiera mugatuko emanaldiak eginen dira 30 minuturo egunero, goizez eta arratsaldez, urtarrilaren 1ean eta 6an salbu, zeinetan 17:00etatik 21:00etara eginen diren, eta urtarrilaren 5ean, proposamena goizez eginen da (10:00etatik 15:00etara).
‘Bestelako argiak’ programaren VI. edizioa
‘Bestelako argiak’ programak berriz ere bideo-proiekzioak eskainiko ditu Ziudadelako barrutian, abenduaren 17tik (ostirala) urtarrilaren 9ra bitarte. Esparru horretan Zinética Jaialdiko lau film labur egonen dira ikusgai, jatorri desberdinetakoak: Erresuma Batua, Espainia, Brasil eta Errusia. Diziplina anitzeko jaialdi horrek, dantzaren, ikus-entzunezko hizkuntzaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen ditu, hainbat esperientzia artistikori bide emanez. Labearen kanpoaldea, Armada etorbideari paraleloan dagoen mihisea, poterna bat eta Lidia Biurrun aretoaren (ezkontza zibilen aretoa) ingurua izanen dira begiztan bata bestearen atzetik emanen diren proiekzioen agertokiak.
Ohikoa den bezala, Ziudadelan ere ikusgai egonen dira ‘Koppo’, argia eta kolorea oinarri duten instalazio interaktiboak, Fermín Izkok eginak, eta gotorlekuetara sartzeko tuneletan jarriko direnak. Era berean, Fernando Molina arkitekto eta artistak bigarren urtez argi-instalazio bat sortu du barrutiko belardietan. Proposamena ‘Dentro’ da, arkitektura iragankorra eta Land Arta uztartzen dituena, eta 17:30etik 20:30era bitarte ikusgai egonen dena.
Sormen garaikideko lantegiak familiendako
Ziudadelan, Arte Garaikidearen dinamizazio gune gisa, Eguberrietan familiei eta 5 eta 11 urte bitarteko haurrei ere gune bat bideratuko zaie, artistekin eginen diren sormen-lantegien sorta baten bidez, Chincheta Brunak diseinatu dituenak ‘Imprevisible’ izenburupean. Jarduera parte-hartzaile horiek Arma Aretoko beheko solairuan eginen dira abenduaren 27tik 30era bitarte. Jardueretan hainbat artista eta sortzailek parte hartuko dute, hala nola, Carmen Salgado Amado, Patricia Ejea, Alicia Otaegui, Teresa Sabaté, Blanca Razquin, Alberto Odériz, Virginia Santos, Marijose Recalde eta Blas Campos.
5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegiak abenduaren 27an, 28an, 29an eta 30ean eginen dira, 11:30etik 13:00etara (3 euro pertsona bakoitzeko, aldez aurretik izena emanda). Familiendako jarduerak, bost urtetik gorakoendako, heldu batek lagunduta, data berdinetan eginen dira, baina 17:30etik 19:30era. Azken horietarako sarrerek prezio ezberdinak izanen dituzte izena ematen duten familiako kide kopuruaren arabera (www.pamplonaescultura.es webgunea kontsultatu).
Lantegien bi modalitateetarako izen-emateak 010 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bitartez edo 948420100 zenbakian egin daitezke.
Civivoxak eta liburutegiak, txikiengan pentsatzen
Civivox sareak, halaber, haurrengan pentsatu du, ikuskizun, kanpaldi, lantegi eta zinema emanaldiak eskainiz, zeinek Eguberriotan ardatz bat izanen baitute: musika. Programatuta daude musika-lantegiak Beatriz Pomés eta Belén Otxotorenaren eskutik (Kondestable, Zabalguneko eta Milagrosako Civivoxak, abenduak 27, 28 eta 29, 10:00etatik 12:30era bitarte); lego piezen bidez konpositore handien irudiei helduko dieten lantegiak bost Civivox zentrotan, DISCOVERBRICKS-en eskutik, eta sormen-saioak Marta Azagrarekin Mendillorriko Civivoxean eta Juslarrocha Civivoxean.
Mendillorri, Kondestable, Iturrama eta Sanduzelaiko Civivoxetan lau ikuskizun puntual eginen dira: dantza garaikidea Larumbe Danza taldearekin (abenduak 27); Beethovenen ‘Fidelio’ operan oinarritutako ipuin-kontalaria, musikaz lagundurik, Pasadas las 4 konpainiaren eskutik (abenduak 30); antzerki musikala Schuberten musikarekin, La Maquina teatroren eskutik (urtarrilak 2) eta clown-a Lapso Produccionesen zuzeneko musikarekin (urtarrilak 4). Mendillorrin, Kondestablen, Iturraman eta Sanduzelain eginen dira, hurrenez hurren, denak 18:30ean, eta prezioa 3 euro da eserlekuko. Jardueretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da www.pamplonaescultura.es webgunearen bitartez, 010 telefonoan eta aurrez aurre zentro bakoitzean.
Urtarrilaren 4ra bitarte Txantreako, San Frantziskoko eta Etxabakoitzeko liburutegi publikoek 5 eta 13 urte bitarteko haur eta nerabeendako eskaintza indartuko dute, askotariko edukietako 10 lantegi eskainita, doan, oporretako egunetako goizetan. Jarduerak egonen dira gaztelaniaz eta euskaraz, abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra bitarte. Liburutegi sarean, halaber, aurreikusita daude ipuin-kontalarien saioak, ikuskizunak, haurrendako antzerkia, zinema eta erakusketak urtarrilaren 9ra bitarte.
Musika sabai garaien azpian
Eguberrietako udal-programazioan ohikoa den bezala, aurten ere koru-emanaldiak eginen dira Iruñeko kaleetan barna, eta kontzertuak, hala elizetan nola beste hainbat agertokitan. Gaur arratsaldean, Baluarten, Sinfonietta Akademikoak bere hogeita hamar urteko ibilbidearen omenez urteurren-kontzertu bat emanen du 20:00etan, eta La Pamplonesak, igandean, abenduak 19, 12:00etan, musika eta dantza ikuskizun bat eskainiko du maila handiko dantzariez lagunduta –Carmen Larraz, Martxell Rodríguez, Jon López eta Martín Los Arcos– Gayarre antzokian.
Iruñeko elizetan, San Lorentzon hasita, abenduaren 18an, larunbatarekin, eta beste zazpi tenplutan barna abenduaren 30era bitarte, jaiegun horietan beren programa propioak mantentzen dituzten musika-talde profesionalen emanaldiak ikusteko aukera izanen da. Hiriko tenpluetan eginen diren 10 kontzertuetarako sarrerak libreak izanen dira leku guztiak bete arte, aldez aurretik gonbidapena hartuta eliza bakoitzeko atarian (gehienez ere bi gonbidapen, pertsona bakoitzeko), kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik.
Taldeak, laukoteak, koruak eta orkestra bat eta gospel-koru bat izanen dira protagonista egunero 20:00etan eginen diren emanaldietan, abenduak 24, 25 eta 29 salbu. Beste ordutegi batean eginen den kontzertu bakarra abenduaren 28an, asteartearekin, izanen da, San Ignazio elizan, eta 19;30ean hasiko da.
Eguberrietako girotze-musika Iruñeko kaleetan
Ohikoa denez, kaleak ere musikaren gune izanen dira, izan ere, gabon-kantak eta beste hainbat konposizio entzunen dira arratsaldeetan Iruñeko erdiguneko hainbat tokitan eta Irunlarrea eta Martín Azpilcueta kaleetan (abenduak 23), López pilotalekuan eta Mendillorribeitin (abenduak 27) eta Txantrean (abenduak 30).
Abenduaren 18tik hasita, larunbatarekin, abenduaren 30era bitarte, 18:00etatik aurrera, bederatzi abesbatzaren eta ensembleren gaualdiak izanen dira, eta horietako batzuk Udaleko talde artistiko ez-profesionalen katalogokoak dira. Emanaldien artean, Joaquín Maya Udalaren musika-eskolako ikasleekin saio bat eginen da (abenduak 2), eta beste bat Iruñeko Orfeoiarekin (abenduak 27).
Emanaldien ibilbideei, datei eta ordutegiei buruzko xehetasun guztiak www.pamplonaescultura.es eta www.pamplona.es udal-webguneetan kontsulta daitezke, eta Iruñeko Udalak editatutako liburuxketan, hala eguberrietako programazioari buruzkoetan, nola zehazki ‘Bestelako Argiak’ programari buruzkoetan.