Iruñeko Udalak mikrosare adimentsu bat instalatuko du Autobus-geltokian, honako hauez osatua: auto elektrikoak kargatzeko gune bat –eraikinaren estalkian paratutako eguzki-panelen energiaz hornitua–, bigarren bizitzako bateriekin egindako metatze-sistema bat, eta elementu horiek guztiak kontrolatzeko sistema bat. 100kW-ko instalazioa izanen da, hiriko handiena. Ekimen honekin, Iruñeko Udalak jarraipena eman nahi dio hirian mugikortasun jasangarria eta berriztagarrien ekoizpen banatua sustatzeko helburuari. Hala adierazi du ekimena aurkezteko prentsaurrekoan Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zinegotziak.
Kasu honetan, ibilgailu elektrikoa erabili nahi da mugikortasun berria bultzatzeko, bereziki garraio publikoan, izan ere, fotolinera lurpean instalatuko da (-1. solairuan), taxi-geralekuaren ondoan, auto-mota horiek kargatze aldera. Karga-azkarreko zutoinari esker, ordu erdian ibilgailu elektriko baten bateriaren zati handi bat karga dezakete hala taxiek nola bestelako ibilgailu pribatuek.
Fotolineraren % 100 finantzatua, eta Arantzadiko argiztapen berria
Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen lanak Metalbauen Solar S.L. Enpresari esleitzea, 142.747 euroan. Jarduketa Stardust proiektu europarraren barruan dago. Hala, gastuaren % 49 Stardustek hartuko du bere gain, eta gainerako % 51, Nafarroako Gobernuak.
Europako funts berberak finantzatu ditu gaur esleitu diren Arantzadiko parkeko argiteria adimentsuaren instalazio pilotua eta bertako ingurumena kontrolatzeko sistema. Kasu honetan, Montajes Eléctricos Pamplona, S.A. enpresak eginen ditu lanak; gastua 42.821 eurokoa da, eta % 100 finantzaturik daude. Uda honetan Iruñeko Udalak proiektu europarraren barruan egindako hirugarren ekimena Ingurumen-hezkuntzari buruzko gamifikazio-tresna bat da.
Stardust proiektuaren helburu nagusiak dira, bestak beste, energia-eraginkortasun orokorra areagotzea eta parte hartzen duten hirietako bizi-kalitatea hobetzea, baita tokiko ekonomia suspertzea eta negozio-eredu berriak sortzea ere. Hori lortzeko bidea da eraikuntzaren, energiaren eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak integratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia aurreratuenak eta konektibitatea erabilita.
Jarduketa hauek ‘Go Green Iruña’ proiektuaren barnean sartzen dira, zeinak hiriak klima-aldaketari aurre egiteko garatutako jarduketa guztiak barne hartu eta datorren hamarkadarako jarduketa-ildo berriak zedarritzen baititu, haiek gauzatzeko behar diren baliabideak, adierazleak eta jarraipen- zein kontrol-xedeetarako bitartekoak baloratuz. 2019ko irailean Udalak Klima Larrialdia aitortu zuen, eta konpromisoa hartu zuen udal-eraikin guztiak energia-kontsumo ia hutseko irizpideekin bat eraikitzeko. Halaber, 2030erako Garapen Jasangarrirako helburuekin bat egin du, eta aurten berretsi du Alkateen Itunarekiko atxikimendua, non konpromisoa hartzen baitute 2030erako isuriak % 40 murrizteko, 2005ekoekin alderatuta.
270 panel fotovoltaikoz osatutako 500 m2-ko estalkia
Estalkiak 500 m2-ko azalera du, eta bertan paratuko da 400 Wp-ko 270 panel fotovoltaikoz osatutako instalazioa, zeinak ia % 20ko errendimendua izanen baitu, ekoizpen linealeko 25 urteko bermea eta gutxienez 12 urteko produktu-bermea. Instalazioa egiteko honako hauek aintzat hartuko dira: ikusizko eragina ahalik eta gehien murriztea, sistema egoki funtzionatzea eta eguzkia ahalik eta gehien aprobetxatzea.
Proiektuaren xedea jasangarritasuna bultzatzea da, eta horrekin koherente izateari eusteko asmoz, euskarri-egiturak, ekipamendu elektronikoak eta bigarren bizitzako bateriak ekoizten dituztenak Espainia iparraldekoak izanen dira, horrela instalazioa eraikitzean karbono-aztarna ahalik eta txikiena izan dadin. Halaber, aldi berean, behar izanez gero, zerbitzu teknikoa hurbilekoa izanen da.
Energia kargagunera heltzea kudeatzeko sistemak honako hauek izanen ditu: konexio elementuak, fluxuen komunikazio eta bateragarritasuna bermatuko duen kudeatzaile bat, inbertsore bat, bateria-inbertsore trifasiko bat eta kargagailu bat.
Gehieneko karga-potentzia DC-n 50kW izanen da. Kargagailu azkarrak kontrol dinamikoko sistema bat izanen du, gehieneko karga-potentzia ahalik eta handiena izan dadin hargune bakoitzean, modu dinamikoan eta denbora errealean. Instalazioaren kontrola egiteko, dibulgaziozko monitore bat paratuko da, PC txiki batekin eta behar den softwarearekin.
Ingurumen-datuak jasoko dituen argiztapen adimentsuko sistema
Stardust europar proiektuaren barruan, Iruñeko Udalak LED erako argiteriako telekudeaketa sistema bat instalatuko du, adimentsua eta puntutik punturakoa; horrez gain, Arantzadiko parkeko gune batean –150.000 m2 berdegunean– laginak hartuko dira berariazko sentsoreen bidez, bertako ingurumena kontrolatzeko. Parke osoan zehar paseoan nahiz bizikletan ibiltzeko oinezkoendako ibilbide eta bideen sare zabala dago, eta Arantzadi Arrotxapea eta Txantrea auzoekin lotzen ditu.
Hain zuzen, proiektuari esker honakoa egiten ahalko da: argiteria publikoaren argi-puntuak piztu eta itzali (noranzko biko sistema izanen da, hau da, argi-puntu bakoitzaren egoerari buruzko informazioa jasotzeaz gain, horietan jarduteko), luminarien egoera kontrolatu eta argiztapen-mailak handitzea bideetan oinezkoren bat detektatzean. Proiektuaren lehen zati honetan, gaur egun dauden LED-luminarietan eginen dira jarduketak, eta 3 argi-puntu paratuko dira parkearen barnealdeko bideetako batean; aldi berean, urbanizazio-lanen hurrengo fasea abiatuko da. Arantzadiko parkeko argiteria publikoak 9 argiztatze-zirkuitu ditu guztira, eta erreserbako beste hiru.
Parkearen lau puntutan instalatuko diren ingurumen-sentsoreen sarearen bidez airearen kalitatea kontrolatu eta kudeatzen ahalko da; horretarako, maila desberdinak eta partikula esekiak neurtuko dira; halaber, ingurune-zarataren kalitatea neurtzeko zarata-maila neurtuko da, baita uraren maila ere, ibaiaren ibilgu artifizialean urak gainezka egiten duenean. Azkenik, gerora parkean dauden zaintza-kamerei lotuko zaio, gauez segurtasuna handitze aldera.
Proiektua egiteko aintzat hartu da urak gainezka egiten duenean parkearen gune batzuetan gehieneko altuera 1,5 metro dela, gutxi gorabehera; hain zuzen, hori da luminaria-euskarrien gutxieneko altuera, uholderik egonez gero arazorik egon ez dadin kontaktu elektrikoez bezainbatean.
Energiari buruzko gamifikazio-tresna
Iruñeko Udala lantzen ari den gamifikazio-tresna energiari buruzko ikasbide berritzailea da, eta Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei zuzenduta dago. Helburua da ezagutzak bide ematea ikasleak sentsibilizatu daitezen eta energia erabiltzeko azturak alda ditzaten, CO2 isurketak murrizte aldera.
Jolasekoak ez diren ingurune eta aplikazioetan jolas-mekanikak erabiltzea da gamifikazio-tresna, eta xede dauka motibazioa, kontzentrazioa, hobetzeko grina, ahalegina, kooperazioa eta talde-lana indartzea. Hezkuntzaren esparruan, gamifikazioak ikasketa-prozesua bultzatu nahi du, jolaserako dugun aurrejoera psikologikoa baliatuz ikasteko motibazioa hobetzeko. Ikasleek ikasten dute ez jolas espezifikoetan jolasten, baizik eta jolas batean jolasten ariko balira bezala. Ikasketa jolasaren bidez ezkutatzen da, eta ikasteko giro lasaia lortzen da. Esperientziak sortzeko aukera ematen denez, parte-hartzaileak kontrol- eta autonomia-sentimendua du, eta horrela parte-hartzea eta inplikazioa sustatzen dira.
Gamifikazio-tresna Oui Play, S.L. enpresari esleitu zaio, 26.144 euroan (BEZa barne), eta aurreikuspenen arabera, 2021eko urtarriletik aitzina erabiltzen ahalko da.