Udala programa batean elkarlanean ari da, adingabeak haien kargura dituzten berrogeita hamar bat familia zaurgarriei elikadura jakin bat bermatzeko

Udala programa batean elkarlanean ari da, adingabeak haien kargura dituzten berrogeita hamar bat familia zaurgarriei elikadura jakin bat bermatzeko
Zerbitzu hori ‘La gota de leche’ elkartearekin eta Nafarroako Elikagai Bankuarekin elkarlanean egiten da

 

 

Iruñeko Udalak, ‘La gota de leche’ elkartearen bidez, astero elikagaiak banatzen dizkie berrogeita hamar bat familiari. Familia horiek zaurgarritasun egoeran daude, adingabeak dituzte haien kargura eta Udalaren gizarte zerbitzuen erabiltzaileak dira. Baliabide honek Nafarroako Elikagai Bankuarekin elkarlanean ematen diren beste batzuk osatzen ditu, saskian haurtxoei eta adingabeei zuzendutako produktuak daudela bermatuta, familia mota horien beharretarako egokiagoa den maiztasunarekin.

Pandemiaren ondorioz eman zen oinarrizko elikagai eskaeren gorakadari erantzuteko abiatu zen zerbitzu hau, Gizarte Zerbitzuetako Alorrak ikusi baitzuen Udalak, Nafarroako Elikagai Bankuarekin elkarlanean, erantzuten zituen beharrek errefortzua behar zutela, familia zaurgarrienei zegokienez. ‘La gota de leche’ elkarteak ematen duen zerbitzua adingabeak ardurapean dituzten familia-unitateentzat da, baldin eta gutxienez 0 eta 12 urte bitarteko adingaberen bat badute eta errenta bermatua edo gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko beste prestaziorik jasotzen ez badute.

Momentuz, Udalak zaurgarritasun egoeran dauden eta Udalaren gizarte zerbitzuen erabiltzaile diren 58 familia bideratu ditu baliabide honetara. Zerbitzu honek astero 60 familiari arreta emateko gaitasuna du, eta hari esker familia-unitatearen kide guztien elikadura-beharrak % 90ean ase daitezke, sei hilabetez. Epe hori igarota, ez dute berariazko laguntza mota hori jasotzen jarraituko, eta Nafarroako Elikagai Bankuarekin elkarlanean aritzen diren ohiko banaketa-entitateetara bideratuko dira.

Familia zaurgarrienei lehentasuna emateko irizpide batzuk

Zerbitzu hau martxan jartzeak lehentasuna emateko irizpide batzuk dakartza berekin. Irizpide horiek praktikan jarriko dira eskatzaile kopurua elikagaiak banatzeko gaitasuna baino handiagoa denean. Lehenik eta behin, ezarritako profila betez, ‘On egin’ entitatearen laguntza jasotzen duten eta haien etxebizitzetan janaria prestatzeko aukera mugatuta ez duten familia-unitateei emanen zaie arreta. Lehentasunezko bigarren irizpidearen barruan sartzen dira babesgabetasun egoeran egon eta Udalaren haurtzaroko programen arreta jasotzen duten adingabeak dituzten familiak.

Horrez gain, eta ‘La gota de leche’ elkarteak bizitzako lehen urteetako beharrak asetzeko berariazko produktuak dituenez, lehentasunezko arreta emanen zaie 0 eta 3 urte arteko adingabeak beren kargura dituzten eskatzaileei. Familia ugariak eta familia-unitate guraso bakarrak ere lehenetsiko dira, hurrenkera horretan.

¿Te ha sido útil esta página?