Udala otsailean hasiko da  San Pedro multzoan zaharberritutako 15 udal-etxebizitzak banatzen aterpe-premia egoeran dauden herritarrei

Udala otsailean hasiko da  San Pedro multzoan zaharberritutako 15 udal-etxebizitzak banatzen aterpe-premia egoeran dauden herritarrei
Udalak 615.302 euroko inbertsioa egin du zaharberritze-lanetan, hiru sortatan banatuta

Iruñeko Udala otsailean hasiko da  aterpe-premia egoera larrian dauden herritarrei San Pedro multzoan zaharberritutako 15 udal-etxebizitzak banatzen. Udalak 615.302 euroko inbertsioa egin du eta lanak udal teknikarien zuzendaritzapean egin dira. Lanak hiru sortatan esleitu zitzaizkien Servicios Inserlantxo S.L.ri, Belate Servicios Integrales S.L.ri eta Ingeman S.A.ri.
 

Herritarren Aferen Batzordea etxebizitzak bisitatzen izan da gaur goizean. Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroletako Zinegotzi Ordezkariaz gain, Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Zinegotzi Ordezkariak ere parte hartu du topaketan, alor hori arduratu baita zaharberritze-lanez. Haiekin batera, lanen ardura zuten udal-teknikariak izan dira eta baita Iruñeko Udaleko Etxebizitza Bulegokoak ere. 
 

15 etxebizitza horiek beheko, lehen eta bigarren solairua duten eraikinetan daude.  Geometriari dagokionez ia karratuak dira eta banaketa bera dute guztiek: komuna, sukaldea, hiru logela eta egongela. Etxebizitzek 69 m2ko azalera dute gutxi gorabehera, 2,70 metroko altuera (2,40 metro sabai aizuneko guneetan). Etxebizitzak 1948koak dira eta haietan ez zen zaharberritze lan garrantzitsurik egin. Hori horrela, instalazioak eta ekipamenduak garai hartakoak ziren.  Zeramikazko edo terrazozko zoladura zuten; sukaldean eta komunean pareta erdirainoko baldosa zeramikoak zeuden, eta gainerako geletan parket kolatua eta igeltsua edo paper pintatua, ekonomika eta modelo zaharreko lozazko sanitarioak; barneko eta kanpoko arotzeriak zurezkoak ziren, instalazio elektrikoa pareten kanpoaldetik egina eta ez zuten berokuntzarik.
 

Sukaldeak eta komunak erabat zaharberritu dira eta gela guztiak egokitu

Honako lan hauek egin dira: sukaldeak eta komunak erabat zaharberritu dira eta zoladurak bere horretan utzi edo berritu dira, zuten kontserbazio-egoeraren arabera. Etxebizitza guztietako paretak eta sabaiak margotu dira eta barneko zein kanpoko arotzeria aldatu da, zurezko ateak eta pvczko kanpoko arotzeria jarriz. Instalazioei dagokienez, instalazio elektrikoa, iturgintzakoa, saneamendu-sareak eta hur hotzaren eta beroaren hornikuntzarako sareak berritu dira. Gas-galdara instalatu da, berokuntza eta ur beroa sortzeko. Azkenik, etxebizitza bakoitzean konponketa-lan txikiak  egin dituzte, bizigarritasun-baldintza egokietan egon daitezen.
 

Lanak egiteko etxebizitzetako altzari eta sukaldeko elektrotresna guztiak hustu dira, paretetako paperak eta moketak kendu dira eta komuna eta atondoa eta egongela eta esekitokia bereizteko zeramikazko trenkadak, zein dutxa barnekoa, eraitsi dira. Sukaldera sartzeko ate bikoitzak ere desagertu egin dira eta haien ordez ate bakarra jarri da, eta sukaldeko eta komuneko lurreko eta paretetako pareta-lauza guztiak pikotxaz jo dira. Diseinu berrian, esaterako, komuna eta atondoa bereizten dituen trenkada korridorekoarekin lerrokatuta dago, sabai-aizunak daude korridorean eta komunean, alikatatu modernoak, pareta osoa estaltzen dutenak jarri dira sukaldeetan eta komunetan, parket flotatzailea eta ate eta argi berriak. Sukaldeek goiko eta beheko altzariak eta beharrezkoak diren elektrotresna guztiak dituzte: hozkailua, labea, bitrozeramikazko plaka, ke-kanpaia eta arropa-garbigailua.
 

Beste 9 etxebizitza, okupatuak ez izateko neurriak dituztenak, birgaituko dira aurten

Lanak egin ahala zenbait neurri hartu ziren birgaitutako etxebizitzak legez kanpo okupa ez ditzaten. Bideozaintzako sistemak ezarri ziren eta horrek jendea sartzen zela atzematea ahalbidetu zuen eta Udaltzaingoari deitzea.   Bertan bizi ziren bizilagunak hil edo lekualdatu izanagatik hutsik gelditu diren etxebizitzak hormaz estali dira.
 

Une honetan Iruñeko udalaren asmoa da datorren apirilean birgaitze-jarduketa berriei hasiera ematea San Pedro multzo horretako beste 9 etxebizitzetan, 2019an onetsitako Finantzaz bezainbatean Jasangarriak diren aurrekontuei lotuta. San Pedro multzoko eraikin oso bat birgaitu nahi da, oztopo arkitektonikoak ezabatu eta eraginkortasun energetikoa hobetze aldera. Orain artekoan ez da inoiz udal-etxebizitzetan fatxadetako isolamendua hobetu eta igogailuak jartzeko lanik egin; hori horrela, etorkizunean multzoko gainerako eraikinen birgaitzeetara hedatu nahi da eredua. 
 

129 etxebizitza birgaituta aterpe-premiako erabileretarako.

Iruñeko Udaleko Etxebizitza Bulegoak, Descalzos kalea, 47-53, kudeatzen ditu zaharberritutako etxebizitza guztiak.  Udalaren Etxebizitza Bulegoak 129 etxebizitza birgaitu ditu gaur-gaurkoz, eta Iruñean aterpe-premian dauden pertsona edo familien eskura jartzeko. Birgaitutako etxebizitza guztiak esleituta daude  edo esleitze-bidean eta etxebizitza bakoitzean familia-unitate bat bizi da, kide bakarrekoetatik hasi eta kide ugarietarainokoak, etxebizitza motaren arabera.
 

Udalaren doako zerbitzu hau 2016ko maiatzean abiatu zen, eta jendeari arta eta argibideak ematen dizkio, aurrez aurre zein 948420095 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Helburua da etxebizitzarik ez edukitzeagatik gizarte-larrialdian dauden pertsonek eta familiek aterpe duin bat izatea egoerak irauten duen bitartean eta euren etxebizitza eduki edo beste baliabide bat eskura izan arte.  Aterpe-larrialditzat jotzen diren egoerak honako hauen ondorio izan daitezke: etxegabetze-prozesuak, badintza duinik ez izatea, bizitokia den etxebizitza moldatzen aritzea, jende pilaketa edo larrialdiko neurria justifikatzen duten bestelako kausak.
 

Etxebizitzen esleipena udal ordenantzarekin bat

Etxebizitzen esleipena aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko udal-ordenantzan ezarritakoarekin bat egiten da, non ezartzen den Udalak eskaeretarako erregistro bakar bat sortuko dela  eta baremo bat, eskatzaileei etxebizitzak esleitzeko.   Balorazio-batzordeak Ordenantzan legearekin bat ezarritako zenbait alderdi hartzen ditu kontuan: premia-egoera, eskatzaileen maila ekonomikoa, familia-unitateen beharra, diru-sarreren egonkortasuna, osasuna (mendekotasun-maila) eta diskriminazio positiborako beste zenbait inguruabar.
 

Alokairura bideratutako udal etxebizitzak eskatu ditzakete aterpe-premian dauden pertsonek eta familia-unitateek, baldin eta ezarritako baremoan adierazitako gehieneko diru-sarrerak gainditzen ez badituzte eta hirian erroldaturik badaude, edo, benetako bizilekua bi urtetik hona Iruñean dutela frogatu baldin badezakete. Udaleko webgunean( www.pamplona.es) baremoa kalkulatzeko formulario bat dago, interesdunek simulazio bat egin dezaten beren datuak sartuta.

¿Te ha sido útil esta página?