Iruñeko Udalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta UHUNeko Iruñeko zentro elkartuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Ikaskuntza-Zerbitzuko proiektuak abiatze aldera. Metodologia pedagogiko horrek ikaskuntza-prozesuak eta komunitate-zerbitzuak proiektu bakar batean uztartzen ditu, zeinetan parte-hartzaileek ingurunearen benetako beharren inguruan lan egiten ikasten baitute, hori hobetzea jomuga hartuta.
Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Enrique Maya Iruñeko alkateak, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, María Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektoreak eta Teresa Imízcoz UHUNeko zentro elkartuko Iruñeko zuzendariak. Hasiera batean lau urteko iraunaldia izanen du, eta iraupen bereko ondoz ondoko luzapenak egiteko aukera dago. Hitzarmenak ez dio gastu ekonomikorik eraginen Iruñeko Udalari, baina aurrerapena da herritarren bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzeko udal-helburuei dagokienez, unibertsitate-esparruari proposatzen baitio haien proiektu zehatzek hirian eragina izan dezatela.
Ikaskuntza-Zerbitzuak ikastetxeetan eskuratutako ezagutzak aplikatzen ditu komunitatea non kokatuta dagoen eta bertako komunitatearen arazoak konpontzeko, eta modu horretan komunitateko kideek haien bizi-kalitatea hobetzen duen zerbitzu bat jasotzen dute; aldi berean, parte hartzen duten ikasleek ezagutza akademikoak gauzatu eta haiei gizarte-eduki bat emateko aukera dute, errazago eginez ezagutza berriak eskuratzea eta gaitasun nahiz balioak garatzea. Beraz, hartu-eman bat dago hezkuntza-komunitatearen, kasu honetan, unibertsitate-komunitatearen, eta gizartearen artean, biendako onuragarria.
Hiru unibertsitateek eta Iruñeko Udalak partekatzen dituzten interesetan oinarrituta sinatu da hitzarmena, izan ere, elkarrekin bilerak egin dituzte Ikaskuntza-Zerbitzuko ekimenak modu bateratuan bultzatzeko, ikasleei hiri- eta gizarte-errealitatearen ezagutza eta analisia errazago egin eta hirian proiektuak abiatzeko aukera ematen dutenak. 2021eko apirilean Iruñeko 2030erako Hiri Agenda onetsi izanak –57 proiektu estrategikoetako batean Ikaskuntza-Zerbitzua barne hartzen du– eta hiru unibertsitateek 2030 Estrategia garatzeko Toki-itunarekin –26 gizarte-entitatek eta erakundek sinatu zuten aurtengo maiatzean– bat egiteak ahalbidetu dute hitzarmen honetan zehaztu ahal izatea lau erakundeen arteko lankidetza.
Bitartekari bana unibertsitate bakoitzean
Hitzarmena sinatu duen unibertsitate bakoitzak konpromisoa hartu du Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektuetarako bitartekari bat izendatzeko, eta hura arduratuko da zentroan jarduera koordinatzeaz. Pertsona horren egitekoa izanen da fakultateen eta sailen eskaerak bideratzea, proiektua ezartze aldera. Bitartekari guztiek osatuko dute Iruñeko Ikaskuntza eta Zerbitzu Unibertsitarioko Batzorde Teknikoa.
Ikaskuntza-Zerbitzuko edozein proiektu diseinatzean –unibertsitateek Udalari helarazi beharko diote– honako hauek zehaztu beharko dira: edukia, helburuak eta zein gizarte-premian esku hartu nahi den; zein unibertsitatek edo fakultatek koordinatzen duen; Udalaren egitekoa; ikasleek egin beharreko jarduera zehatzak; ebaluazio-metodologia; proiektuaren hasiera- eta amaiera-data, eta gizarte-entitateen parte-hartzea, besteak beste. Ikaskuntza-Zerbitzuko proiektuetan parte hartzen duten ikasleak eskola-aseguruak edo, hala badagokio, ikastetxe bakoitzak bere barne erregulazioarekin bat zehazten duen poliza osagarriak estaliko ditu, baita erantzukizun zibileko aseguru batek ere.
Proiektuen hedapena erraztea
Bestalde, Iruñeko Udalak Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorraren menpeko bi laguneko taldea osatu du proiektuak unibertsitateen eta udal-gobernuko alorren artean koordinatzeko. Udalak hitzarmen horren babesean garatzen diren proiektuak ezagutzera emanen ditu, baita hiriko beste ikastetxe batzuetako beste hezkuntza-maila batzuetakoak ere, Udalaren https://pamplonaciudadeducadora.es/programas-aps-2022/ webgunearen bidez, non eskuragarri egonen baita metodologia horretan sakontzeko informazio interesgarria.
Halaber, hitzarmenak barne hartzen du bi urtez behin Ikaskuntza-Zerbitzuko jardunaldi bat antolatuko dela, eta han aurkeztuko direla, besteak beste, garatutako proiektu adierazgarrienak.
Unibertsitate sinatzaile bakoitzeko pertsona esanguratsuez gain, hitzarmena sinatzeko ekitaldian Nafarroako Ikaskuntza-Zerbitzuko Sarearen ordezkaritza bat egon da, Udalak haiekin lankidetza-hitzarmen bat baitu indarrean metodologia didaktiko hori sustatzeko udal-ekimenetan parte har dezaten.