Iruñeko Udalak urtea amaitu baino lehen ekinen dio Sanduzelaiko hirigintza-garapen berria bultzatzeari, Arga ibaiaren pasealekuaren ondoan, obra-lizitazioa epe horren barruan argitaratzea aurreikusi baita. Jarduketak ia 12.000 m2 hartuko ditu eta horien gainean 5.000 m2-tik gorako plaza bat eraikiko du, non jolasgune eta egonleku batzuk kokatuko baitira. Argaren pasealekuari lotuta egonen da eta diseinu berriak bidea emanen du etxebizitza-eremutik lehenik plazara eta gero pasealekura iristeko, jarraian, bulebar batean barna, gune ireki batera iristeraino, zeina Gridillas udal-etxeak eraistearen ondorioz sortuko baita. Gune honetako berdeguneak berrantolatuko ditu, eta horiek guztira 5.000 m2 eginen dute. Hartara, auzoko eremu hau guztiz itxuraldatuko da, Juan José Echeverría Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak azaldu duen bezala.
Obra gauzatzeko balioetsitako aurrekontuak 2.000.000 euro baino gehixeago jotzen du. Udaberrian has litezke gauzatze-lanak. Erredaktatutako bi hirigintza-proiektutan jasota dagoenarekin bat, diseinu berriak eremu hau lehengoratu eta biziberritu nahi du, eta Arga ibaiaren parkean txertatu. Apustu garbia egiten du espazio zabalak sortzearen alde, kaleen altuera berean garatzen ditu espazio berriak, egungo desnibelak ezabatuz irisgarritasuna errazte aldera, zuzenean lotzen du eremua ibai-parkearekin eta patinodromoa desagerrarazten du. Salva doktorearen eta Sanduzelai kaleek, ibai-parkeak, patinodromoak eta Nafarroa etorbideak zedarritzen dute jarduketa-eremua.
Plaza, parterrez, jolasgunez eta egonlekuz hornituta
Luzetarako-zerrenden sistema bat erabili da plaza diseinatzeko, eta zerrendetan hainbat espazio kokatuko dituzte, hala nola zolatutako eremuak, parterreak, lorategi-guneak, egonlekuak, jolasguneak etab. Zolatutako aldean, tamaina handiko (2x10m) bost lorategi-gune sortuko dituzte, non zuhaitzak, zuhaixkak eta soropila landatuko baitira, ondoko hirigintza-guneetatik gailen agertuko diren landaretza-irlak sortuz. Horrez gain, parterre handi bat (6x30 m) eraikiko dute, bananondoez inguratuta, jolasguneen eremu handiaren eta kirol anitzeko pistaren hegoaldean. Zolatutako eremu hau –hormigoi aurrefabrikatutako errauts koloreko lauzez zolatua, non, plaza erakargarri egite aldera, boli eta korten tonuak txertatuko baitira– pasabide bat ere izanen da ibai-parkearen berdegunerantz joateko. Gridillas txaletak zutik jarraituko du, baina bere itxitura desmuntatu eta zolatutako eremu batez inguratuko dute.
Haurren jolasguneetan zenbait elementu instalatuko dituzte, tamaina eta modelo ezberdinetakoak, hala nola zabuak, etxetxoa, saski-txirrista, piramideak eta sareak, eta zorua erorikoen kontrako kautxu bereziaz zolatuko dute. Ondoan, tamaina txikiko kirol anitzeko pista bat paratuko dute, hesi batez inguratuta eta ertzeetan sare goratuez hornituta, non posible izanen baita futbola, mini futbola, saskibaloia, boleibola eta taldeko beste kirol batzuk praktikatzea. Hegoaldean helduentzako gimnasio bat paratuko dute, makinez horniturik, gihar-multzo bakoitzari (zangoak, besoak, bizkarra...) berariaz zuzendutako ariketak egiteko, eta parkour hiri-kiroleko eremu bat, jauziak eta akrobaziak egiteko prestatua. Kirolgune honen zorua goma aglomeratuko txirbilaz zolatuko dute, erorikoetan kolpeak arintzeko. Plazaren iparreko eta hegoko mugetan eta egonlekuetan mota ezberdinetako eserlekuak jarriko dituzte, bizkarraldez hornituak eta bizkarralderik gabeak, bai eta bizikletak aparkatzeko euskarriak ere.
Plazak 70eko urteetan eraiki ziren patinodromoaren eta jolasgunez hornitutako egonlekuaren tokia beteko du. Egun bananondoen sare sarri bat dago, iparraldera itzal trinkoa sortzen duena. Horietako 7 ale kenduta, gainerakoek bere horretan segituko dute; 7 horiek sortze berriko belardian birlandatuko dituzte. Espazio berriak lotura edukiko du, oinez, inguruetako kale eta sarrera-gune guztiekin, espazio jarraitu batean barna, oztopo arkitektonikorik gabe, bide erraz eta irisgarrien bitartez. Plazan jarduteko aurreikusi den aurrekontuak 1.601.541,52 euro jotzen du, BEZa kanpo.
Oinezkoen bulebar bat, plaza berriaren eta Gridillas etxeen orubearen artean
Hirigintza-garapen berriak barne hartzen du, baita ere, udal-biltegi gisara erabiltzen diren Gridillas etxeen espazioa, hegoko aldea hartzen duena, lorategi-eremuaren eta zolatuaren arteko mugaraino, eta bertan berriz ere diseinatu dute Sanduzelai eta Santa Bizenta Maria kaleen elkargunea. ZNO-1 eremuaren esparruari dagokio. Kasu honetan, diseinu berriaren proposamenaren arabera, oinezkoen bulebar gisara edukiko du jarraipena Santa Bizenta Maria kalearen trazadurak, ibilgailuen zirkulazioa murriztuta. Espazio horizontala da, inguruneko puntu guztien elkargune, egonlekuez eta pasealekuez hornituta dagoena. Lotuta dago zuzenean eta modu irekian Argaren parkearekin, halako moduz non, proiektuaren arabera, biderkatu egiten baita eremu libre eta auzoaren haizebide gisako pertzepzioa.
Diseinua, materialak, zoladurak, hiri-altzariak eta argiztapena plaza berrian erabilitakoen antzerakoak dira. Egonlekuak parterre handi bat edukiko du, zuhaitzez eta zuhaixkez hornitua, eta txikiendako jolasgune bat. Esparrua urbanizatzeko lanek berekin ekarriko dute inguruko kaleetan ere jardutea, kanalizazioak eraiki behar baitira elektrizitatea eta argia Landa doktorearen kaletik bideratzeko; izan ere, bertan daude kokaturik transformazio-zentroa eta argiteriako aginte-gune bat. Kontrata-aurrekontuak 584.606,77 euro (BEZa kanpo) jotzen du.
Proiektuek kontuan hartu dituzte auzotarren iradokizunak
Proiektuak erredaktatzean kontuan hartu da Erdiguneren diagnostikoa, non auzotarren ekarpenak jaso baitziren antzinakoena den Sanduzelai auzoko koadrante honentzat. Parkearen kasuan diagnostikoak, besteak beste, txiki eta nerabeen gune bilakatzeko eskatzen zuen, baina baita adinekoak eta haien atseden-guneak eta pasealekuak ere kontuan hartzeko. Kirol eta jolasguneak ere eskatzen ziren, adin ezberdinetakoek erabiltzeko egokituak, edo oinezkoek lehentasuna edukitzeko sarbideetan.
Cima Ingenieros SLUk eta Sergio Murillo Saldíasek izenpetu dute VI. Unitate Integratuaren (Sanduzelai) ZNO-1 unitatearen urbanizazio-proiektuaren erredakzioa. Kontratua 56.000 euroan esleitu zitzaien (BEZa kanpo); horietako 28.000 euro proiektuaren erredakzioari dagozkio eta gainerakoak obra-zuzendaritzari. Jarduketa-eremuak barne hartzen dituen lurzati ezberdinen lege-ezaugarriak kontuan harturik, hirigintzako izapidetze ezberdina eskatzen baitute, bi proiektu erredaktatu dira, eta horiek aldi berean garatuko dira. Bat ZNO-1ren inguruneari dagokio eta egungo patinodromoa hartzen du funtsean. Bigarrena ZNO-1rena (Gridillas etxeak) da eta hiru fase ezarri ditu obretarako: eraikinak eraistea, orubea urbanizatzea eta geroan eraikitzekoa den garajea urbanizatzea.