Udala hiriburuko 60 eskola-inguruneetan dauden oinezkoen 386 pasabideetan ari da lanean, segurtasuna hobetze aldera

Udala hiriburuko 60 eskola-inguruneetan dauden oinezkoen 386 pasabideetan ari da lanean, segurtasuna hobetze aldera
Aurten, 350.000 euro inbertitu dira lehentasunezko puntuak hobetzeko, eta lanean jarraituko da eskola-ingurune guztietan jardun arte

 

 

Iruñeko Udala hiriburuko eskola-ingurune guztietan jarduten ari da oinezkoen pasabideak hobetu eta horrela eremu horietan segurtasuna handitzeko. Helburu hori udal-politiken lehentasunetako bat da legegintzaldi honetan, eta, puntu bakoitzaren segurtasuna baloratu ondoren, lanak lehentasunezko puntuetan hasi dira, eta Iruñean mugatutako 60 eskola-inguruneetako bakoitzera iritsiko dira. Aurten, xede horretara, guztira, 350.000 euro bideratu dira.

Hobetu eginen dira Iruñeko ikastetxeren baten inguruan dauden oinezkoendako 386 pasabideak, ikusgarritasuna, argiztapena eta seinaleztapenari dagokionez, ikasleen eta egunero laguntzen dieten pertsonen segurtasuna hobetzeko. Lehenbiziko urratsa da Iruñeko eskola-ingurune guztiak hobetze aldera, eta pixkanaka egiten ari dira, Udaleko Herritarren Segurtasunerako alorrak egindako azterlan batek hautemandako arrisku-mailaren arabera.

Eskola-ingurune bakoitzaren egoera aztertzeari esker, Udalak lanak lehenetsi eta horiek abiatu ahal izan ditu balorazio txarrena zuten eta, beraz, arrisku handiena eskaintzen zuten eremuetan. Modu horretan, dagoeneko bukatu dira jarduketak honako ikastetxe hauen inguruneetan: San Cernin/ El Huerto (Allozko eta Urdazubiko Monasterioen kaleak eta Barañain etorbidea), Jesusen alabak (Zuñiga eta Mendigorria kaleak) eta Ana Mª Sanz (Milagro eta Magdalena kaleak). Halaber, dagoeneko jarduketak gauzatzen ari dira Virgen del Camino (Imarkoain kalea) eta Esclavas del Sagrado Corazón (Zuñiga eta Mendigorria kaleak) ikastetxeetako inguruneetan; eta datozen asteetan, lanak eginen dira Mendillorri I ikastetxean (Ardanaz Kontzejuaren kalea), Mendillorri II ikastetxean (Erantsus Jaurerriaren kalea), Santísimo Sacramento ikastetxean (Abejeras eta Serafín Olave kaleak) eta Buztintxuriko Ikastetxe Publikoan.

Eskola-ingurune bakoitzeko arrisku-maila zein zen ondorioztatzeko, Herritarren Segurtasuneko Alorrak algoritmo bat erabili du, funtsezko alderdi hauetan oinarritzen dena: pasabideen ikusgarritasuna, seinaleztapena eta argiztapena, galtzada gurutzatzeko zabalera, ingurunearen edukierak, semaforoen eta oinezkoen guneen egoera eta banaketa. Halaber, kontuan hartu da ikastetxe bakoitzaren berariazko egoera eta bere instalazioetara egunero bertaratzen diren ikasle kopurua zein horien adina.

Iruñeko eskola-ingurune guztiak hobetzea, legegintzaldi honetako politiken lehentasunetako bat

60 eremu horietan egiten hasi diren jarduketek, betiere helburu izanda ikasleen eta haiek laguntzen dituztenen segurtasuna handitzea, xede dute oinezkoen ikusgarritasuna hobetzea eta bidegurutzeak hesien bidez babestea, zirkulazioa baretzeaz gain. Zentzu horretan, aldaketa eraginkorrenetako bat espaloiak handitzea izanen da, aldi berean oinezkoen pasabideen luzera murriztea eragiten baitu. Gainera, egoteko eta jolasteko eremuak sortzen ari dira eskola-inguruneetan, lehen ibilgailuak aparkatzeko erreserbatuta zeuden eremuak ordezkatzeko.

Gauzatzen ari diren jarduketetako batzuen xedea da, halaber, eskola-inguruneetan ibilgailu motordunen kopurua murriztea, joan-etorriak bide seguruagoen bidez egitea errazteko, hala nola, bizikletaz edo patinetez. Horrela, hezkuntza-barrutietan eta inguruetan mota horretako ibilgailuendako gune seguruak erreserbatzen ari dira. Horrez gain, inguruko kaleetan ibilgailu motordunen aparkalekuak eta zirkulazioa mugatuko dira, eta bereziki, ikastetxeetako sarreren inguruetan. Zaintza errazteko eta ikasleen sarrera eta irteeretan bide-araudia zorrotz betearazteko, jarduketek aurreikusten dute oinezkoen eta ibilgailuen arteko gune seguruak eta bizikidetzakoak bermatzen dituzten seinaleak instalatzea.

¿Te ha sido útil esta página?