Udala harresien guneko ezpondak garbitzeko eta hobetzeko lanak egiten ari da, Alde Zaharreko birika berde eta faunaren babesleku gisa berreskuratzeko

Udala harresien guneko ezpondak garbitzeko eta hobetzeko lanak egiten ari da, Alde Zaharreko birika berde eta faunaren babesleku gisa berreskuratzeko
Mantentze-lanik gabeko guneetan esku hartzen ari dira, hondakinak eta espezie inbaditzaileak kendu eta landarediaren egoera hobetzeko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak martxoaren erdialdean hasi zituen Arga ibaia eta harresien iparraldea bereizten dituzten ezpondak garbitzeko lanak eta horietako batzuetan landareak kentzeko lanak.   Hala, lau astez, mantentze-lanak egiteko udal-kontrataren bost langile arituko dira lanean: hondakinak eta landare-espezie inbaditzaileak kenduko dituzte, eta landarediaren egoera hobetuko dute. Lanak Taconera parkearen parean hasi zituzten, eta Media Luna parkeraino arituko dira. Halaber, toki hauetan eginen dituzte esku-hartzeak: Zamargileen kalean (egun gune horretan egiten ari dira lanak), Ingurabideko pasealekuan, Nafarroako Artxiboko atzealdean eta Barbazán Apezpikuaren ingurabidean. 

Kale eta inguru horiek guztiak berdeguneak dira, eta aukera paregabea eskaintzen dute Alde Zaharrean birika berdeak eta babesleku naturalak sortzeko. Hala ere, gaur egun utzikeriak jota daude gune horiek.  Une honetan kontrolatu gabeko isurien gune bat da, mota guztietako hondakinez, ailantoz eta beste landare-espezie inbaditzaile batzuez betea. 

Ezpondetan bizi diren animaliak habiak jartzen eta kumeak hazten hasi aurretik bukatu nahi dituzte lanak; izan ere, animalia-espezie ugari bizi dira bertan: txoriak, anfibioak, narrastiak, karraskari txikiak eta kiropteroak, besteak beste. Berdeguneen Zerbitzua balorazio-azterketa bat garatzen ari da, aurrerantzean Udalak egin ditzan gune horietako ohiko mantentze-lanak. Hala, etorkizunean berriz hondatzea saihestuko da. 

Ezponda berdeek bero-uharteei aurre egiten diete
Ibai inguruko ezpondak Azpiegitura Berde eta Urdineko Planaren eta Hiri Drainatze Jasangarriko Estrategiaren parte dira, Runa 2025 proiektuaren barruan. Planaren bidez, hiriko azpiegitura berdeak eta urdinak bateratu eta sustatu nahi dira, ibaiak ardatz hartuta.  Planaren helburu nagusia sare koherente eta jasangarri bat sortzea da, eta hari esker, ibai-inguruneak hiri-bilbearekin konektatu eta biodibertsitatea eta klima-aldaketari aurre egiteko erresilientzia hobetuko dira. 

Lehenik eta behin, garbiketa-lanak eginen dituzte: harresietako pasealekutik botatako hondakin guztiak kenduko dituzte. Lanak hasi zituztenetik, mota guztietako hondakinak bildu dituzte: poltsak, botilak, kristalak, maletak, arropa, oinetakoak, obra-hondakinak, baita altzariak ere.   Jokabide horiek Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantzaren kontra doaz; izan ere, ordenantza horretako 11.2 artikuluan “berdeguneetan zaborrak, hondakinak, (...) botatzea” debekatuta dagoela adierazten da, eta artikulua betetzen ez bada, zehapenak ezarriko dira.   

Biodibertsitatea areagotzea
Gainera, detektatutako ailanto ale guztiak kentzen ari dira. Ailantoa (Ailanthus altissima) zuhaitz-espeziea arrisku handia da tokiko ekosistemendako, eta ospe txarra du; izan ere, eremu zabalak kolonizatzeko gai da, eta, beraz, landare-espezieen kopurua biziki murrizten da.  Horren ondorioz, ailantoak kolonizatzen dituen ekosistemetan biziki murrizten da biodibertsitatea. Lanetan, aurkitzen dituzten ale guztiak kentzen dituzte, eta, gainera, teknika naturalak erabiltzen dituzte landare horiek berriro hazi ez daitezen. 

Beste helburu bat da mantentze-lanak egitea eta landare mota jakin batzuk hautatzea; izan ere, landare-espezie horiei esker, Iruñeko guneak birika berde bihurtzen dira. Lurraren arrasean dagoen landare-tapizaz gain, dagoeneko finkatuta dauden eta berez hazten diren zuhaitzak izanen ditu guneak, batez ere lizarrak eta astigarrak, baina baita zuhaixkak eta landare igokariak ere. Moztu eta kendu beharreko landareak ongi hautatzea funtsezkoa da gune horiei onura egiten dieten beste landareak hazten laguntzeko, eta, gainera, adarrak erortzea edo haustea saihesten da.   

Kendutako aleak eta kimuak zatitu, eta tontor txikietan pilatzen dituzte, eta horri esker, babeslekuak sortzen dira hainbat espezietako animaliek beren kumeak haz ditzaten. Izan ere, gune horietan hegazti-espezie ugari bizi dira: amilotx urdinak, kaskabeltzak eta txantxangorriak; era berean,  anfibioak, narrastiak, katagorriak, lursaguak eta beste karraskari txiki batzuk eta saguzarrak ere bizi dira bertan. Halaber, ezponda horiek bisoi europarra –ibaien ibilguen inguruan bizi den espezie bereziki babestua– berreskuratzeko laguntza-puntu bat izaten ahal dira. 
 

¿Te ha sido útil esta página?