Udala harremanetan jarri da Iruñean bakarka bizi diren 65 urtetik gorako 2.800 zahar baino gehiagorekin, konfinamenduak iraun duen bi hilabeteotan

Udala harremanetan jarri da Iruñean bakarka bizi diren 65 urtetik gorako 2.800 zahar baino gehiagorekin, konfinamenduak iraun duen bi hilabeteotan
Pertsona horien % 92k kontaktua eskertu eta ez zuten laguntzarik behar izan, % 3,2k laguntza psikologikoa izan zuten deian eta % 2,7k laguntza eskatu zuten


Anciano

Iruñeko Udala harremanetan jarri da hirian bakarka bizi diren 65 urtetik gorako 2.800 pertsona baino gehiagorekin martxoaren 16tik maiatzaren 15era bitartean, alarma-egoeran konfinaturik emandako bi hilabeteotan. Covid-19ak eragindako osasun-krisian zehar, aparteko zeregina izan dute Udalaren Gizarte Zerbitzuek; izan ere, azken asteotan, bakarrik bizi diren nagusiengana gerturatu dira, lehen mailako arreta unibertsal eta berezia emateko. Xede izan dute isolamendu- eta bakardade-egoerak ekiditea, populazio hori arretarik gabe geratzea eragin dezaketelako, pertsona horiek ez baitaude berez erantzun sozialeko ezein sistemaren pean. Hori horrela, asmoa haiek zaintzea izan da, haien osasun-egoeraz interesa agertuz, zituzten beharrak antzemanez eta abiatutako baliabideen berri emanez.

2.848 lagunekin egin zen harreman-kontaktua, eta horien % 92 (2.577) autonomoak ziren edo familiaren laguntza izaten zuten; hortaz, deia eskertu baina ez zuten inolako laguntzarik behar izan. % 3,2k (92 pertsonak) adierazi zuten alarma-egoeran bakarturik egotea zaila zela haientzat, eta dei horietan bertan jaso zuten laguntza psikologikoa, beste baliabideren batera bideratu gabe. % 2,7k laguntza eskatu zuten. 77 lagunek eskatu zuten laguntza, eta gehienei, hots, 34ri, harremanetan jarri zitzaien alarma-egoeran zehar sortu diren herri laguntza-sareekin. Horrez gain, 21 lagun kasuan kasuko auzo-unitateetara bideratu zituzten, askotariko baliabideei buruzko kontsultetarako, eta beste 15, arreta psikologikoko zerbitzuetara, Psikologoen Elkargoak edo Itxaropenaren Telefonoak eskaintzen dituztenetara, adibidez. Azkenik, 7 pertsona DYArekin harremanetan jarri zituzten, laguntza jaso zezaten erosketa egiteko edo botikak eskuratzeko, eta pertsona bati adinekoendako jantoki baterako sarrera-izapidea kudeatu zioten. Gainerakoak, % 1,6 (47 pertsona) arreta jasotzen ari ziren dagoeneko, zela kontratatutako langileen partetik zela bizilagunen partetik.

Gehienak 80 eta 89 bitartekoak, eta Arrotxapekoak eta Alde Zaharrekoak

Kontaktatutako 2.848 pertsona horien gehienak, hots, 1.209, 80 eta 89 urte bitartekoak ziren. Deitutako gainontzekoen artean, 603 ziren 90 urtetik gorakoak; 70 eta 79 urte bitartekoak, 541, eta 65etik 69ra bitartekoak, 495.

Auzo-unitateen arabera sailkatuta, Arrotxapekotik eta Alde Zaharrekotik egin ziren dei gehien, 626 eta 499 hurrenez hurren. Ondoren, Donibaneko auzo-unitatetik 362 dei egin ziren, Iturramakotik 263, Zabalgunekotik 263 eta Ermitagañakotik 254. Dezente urrunago daude beste auzo hauetan deitutakoen kopuruak: Txantrean, 184; Etxabakoitzen, 74; Mendillorrin, 58, eta Milagrosan, 25.

Udal-teknikariek osasun-egoeraz galdetzen zieten eta erabilgarri zeuden baliabideak azaltzen zizkieten

Alarma-egoera hasi zenetik, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrak aparteko prebentzio-lana egin du hirian bakarka bizi diren 65 urtetik gorakoek izan zitzaketen premiak antzemateko. Horretarako, udal-teknikariek deiak egiten zituzten, nolabait egiaztatzeko zein egoeratan zeuden pertsona horiek.

Dei horietan, erabilgarri zituzten baliabide ezberdinen berri ematen zitzaien: 65 urtetik gorakoendako jantokiak, herri laguntza-sareak zeregin desberdinetarako, DYAren laguntza erosketetarako, lagun egiteko zerbitzuak, zenbait erakundek eskainitako berariazko laguntza psikologikoa eta auzo-unitateak, Udalaren Etxez Etxeko Zerbitzua jasotzeko edo horren zerbitzu-kopurua handitzeko.

 

¿Te ha sido útil esta página?