Udala eta Nasuvinsa elkarlanean arituko dira 65 urtetik gorakoendako alokairuko 32 apartamentu eta zentro komunitario bat hartuko dituen eraikin bat eraikitzeko, Azpilagañan

Udala eta Nasuvinsa elkarlanean arituko dira 65 urtetik gorakoendako alokairuko 32 apartamentu eta zentro komunitario bat hartuko dituen eraikin bat eraikitzeko, Azpilagañan
Proiektuak Zure-tokia du izena, eta auzoan integratutako jubiloteka bat ere hartzen du barne, zuraz eta passiv delako estandar jasangarriekin bat egindakoa

Iruñeko Udalak eta Nasuvinsa sozietate publikoak elkarlanean abiatuko dute Zure-tokia: etxebizitza kolaboratiboen proiektu bat, Azpilagañan, 65 urtetik gorakoendako alokairuko etxebizitzez osatua. Asmoa da 32 etxebizitza sustatzea Altzania Errekaren kaleko 18aren eta Manuel Turrillas plazaren elkargunearen inguruan dagoen lursail batean; Udalak Nasuvinsari lagako dio eremu hori, proiektua diseinatu, eraikitze-inbertsioa egin eta gero alokairua kudea dezan. Eraikin horretan ere Azpilagaña auzorako zentro komunitario bat eta jubiloteka bat egongo dira, bi-biak Udalaren jabetzakoak izango direlarik.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Miguel Larra Gizarte Eskubideetako lehendakariordeak eta José María Aierdi Nasuvinsa enpresa publikoko kudeatzaileak esperientzia pilotu honen xehetasunak aurkeztu dituzte goizean. Ekimenaren abiapuntua planteamendu soziala da, etxebizitza eskuratu ahal izateko formula berriak eskaini nahi dituena, halako formulak ezen erantzuna eman beharko baitiete bai arkitektura zein jasangarritasunaren arloko egungo erronkei, bai oraingo gizartearen zahartze aktiboaren beharrei. Eraikin horren ezaugarri nagusietako bat da jada errotutako hiri-antolamenduan txertatzen dela, eta horrek bertan biziko diren adinekoei erraztuko die auzo-bizitzarekin bat egitea, zerbitzu eta gune komunak partekatuz.

Zehazki, apartamentu-multzoa Altzania Errekaren kaleko 18an eraiki gabe dagoen lursailean kokatuko da, Manuel Turrillas plazaren inguruan. Udalak 75 urterako lagako du lursaila, eta horren truke zera irabaziko du hirirako: guneen lagapena eraikinaren beheko bi solairuetan (bi azalera, kota ezberdinek ematen duten mailen arteko desberdintasuna) eta sotoaren zati batean, gune horiek auzoko zentro komunitario gisa eta jubiloteka bat egiteko erabiliko dituelarik. Guztira 500 metro koadro baino gehiagoko azalera erabilgarria baliatu ahalko du auzoko bizitza dinamizatzeko (jubilotekarako, 280 m2 erabilgarri; eta zentro komunitariorako, 265 m2). Proiektu honek jarraipena eman nahi die, hala alkateak nola Gobernuko lehendakariordeak azpimarratu dutenez, Iruñean sortzen ari diren gizarte-baliabideei eta herritarrek parte hartzeko, elkarbizitzan aritzeko eta ahalduntzeko zabaldu diren zerbitzu eta guneei, eta aldi berean adinekoei bide bat eskaini hiriko bizitzan eta gizarte-ingurunean integraturik egoten jarrai dezaten. 

Etxebizitza irisgarriak eta moldaerrazak
Apartamentuak etxebizitza erabat irisgarriak eta moldaerrazak izango dira, eta gela bakarrekoak edo bi gelatakoak izan ahalko dira, bertan bizi direnen behar eta inguruabar pertsonalen arabera. Gune komunak eta laguntzarako guneak ere izango ditu eraikinak, elkarbizitza-gune gisa erabili ahalko den txoko bat, psikomotrizitatea eta lantegiak zein jarduerak egiteko gela bat, besteak beste. 

Orobat, proiektuak eraikingintza jasangarriaren eta irisgarritasun unibertsalaren esparruetan aplikatzen ari diren aldagai nagusiak txertatzen ditu. Berrikuntza arkitektoniko horrek barne hartzen du, beste alderdi batzuen artean, Passivhaus delako estandarrak dituen kontsumo ia nuluko eraikin bat egitea, aitzindaria, egituran eta itxituretan zura erabiltzeaz bezainbatean. Apartamentu hauek hala lanen diseinuan zein zuzendaritzan nola geroko mantentze-lanetan BIM (Building Information Modeling) metodologiari jarraikiz egiten den lehen sustapen publikoa osatuko dute. 

Energia berriztagarrien erabilerari dagokionez, Zure-tokia proiektuan berokuntzarako biomasa egongo da (energia elektrikoa eta termikoa uztartuta), eta Plug&Play sabai voltaikoa. Eta hori guztia borobiltzeko, energia biltegiratzeko sistema berritzailea, industrializatutako-irtenbide bat, Iruñeak laguntzen duen Stardust proiektu europarraren barnekoa.

Udalaren laguntza, apartamentuen funtzionamenduan
Udalak eta Nasuvinsak Zure-tokia esperientzia piloturako erabiliko duten hirigintza-formula Altzania Errekaren kalean dagoen Udalaren lursaila lagatzearena izango da, 75 urterako. Nasuvinsako arkitekto-taldeak gauzatze-proiektua idatzitakoan, sozietate publikoak lizitaziora aterako ditu bai eraikitze-lanak bai apartamentuen alokairu babestuen kudeaketa-lanak; alokairu horiek arrazoiko prezioak izango dituzte, eta eraikinean egindako inbertsioa amortizatzera bideratuko dira.

32 etxebizitza horien alokairua kudeatzeko, Nasuvinsako teknikariak Udaleko gizarte-zerbitzuekin elkarlanean arituko dira, eta Auzo Unitateko edo auzoko elkarte-ehun zein gizarte-ehun kulturaleko baliabideak erabiliz. Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorrak bere ekarpena egingo du, gizarte-irizpideei dagokienez, apartamentuen funtzionamenduari begira, eta etxebizitzak esleitzeko irizpideetarako aholkuak emango ditu. Proiektuari jarraipena egiteko talde bat eratzea aurreikusi da, Nasuvinsak eta Gizarte Ekintzako, Komunitate Garapeneko eta Hiri Bizigarri eta Etxebizitzako Alorrek osatuta.

Proiektu honetan aintzat hartu dira Ultzama Campuseko lantaldeetan egindako ekarpenak eta hausnarketak, Nasuvinsaren eta Arquitectura y Sociedad fundazioaren ekimenez karrera amaierako eta graduondokoetako ikasleei zuzenduta egin zen udako arkitektura-eskolan jasotakoak. Campus horren bi edizio egin dira gaurdaino, eta haien jomuga da arkitektura-erantzun zein etxebizitza-tipologia berriak arakatu eta eskaintzea, betiere adinekoek dituzten zahartze-erronkei eta benetako premiei erantzun behar dietela kontuan harturik. 2016ko udan, Eduardo Souto de Moura arkitekto portugaldarraren tutoretzapeko lantalde batek Azpilagañako lursail horretarako aurreproiektua zirriborratu zuen, eta hori izan da Zure-tokia proiektuaren abiapuntua.

¿Te ha sido útil esta página?