Udala eta Mankomunitatea elkarlanean arituko dira taxiak Alde Zaharrera sartzea errazteko eta tren-geltokiko zerbitzua indartzeko

Udala eta Mankomunitatea elkarlanean arituko dira taxiak Alde Zaharrera sartzea errazteko eta tren-geltokiko zerbitzua indartzeko
Cristina Ibarrola alkateak eta David Campión Mankomunitateko presidenteak lau urteko indarraldia izanen duen hitzarmen bat sinatu dute

foto


Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute taxiak hiriko sarbide kontrolatuko eremuetara sartzea errazteko eta tren-geltokiko zerbitzua hobetzeko. Cristina Ibarrola alkateak eta David Campión Mankomunitateko presidenteak lau urteko indarraldia izanen duen hitzarmen bat sinatu dute.

Hitzarmen horren bidez, Udalak konpromisoa hartu du sarbide kontrolatuko eremuetan –Alde Zaharrean eta Lehen Zabalguneko kale batzuetan– zirkulatzen ahal duten taxi zerbitzuko ibilgailuen alta eta bajak kudeatzeko berariazko kanal bat mantentzeko. Udalak tresna digital bat du, Egoitza elektronikoaren bidez sartzeko baimena eskatzeko. Mankomunitatea bera arduratuko da taxiei alta eta baja emateaz ibilgailu berriaren erabilera-baimena ematen duenean. 

Gainera, sinatutako hitzarmenak autobus geltokiko taxien geralekuan gutxieneko zerbitzuak emateko oinarrizko gidalerroak ezartzen ditu, hauteman baita une jakin batzuetan ez dagoela taxi eskaintzarik hiriko toki horretan, eta eskaria batez ere ostegun, ostiral eta igande gauetan biltzen dela. Gutxieneko zerbitzu horiek ematea eraginkortasunez kontrolatzeko, matrikulak irakurri eta erregistratzeko kamera bat ezartzea aurreikusten da. Iruñeko Udalak bere gain hartuko ditu instalatzeko gastuak eta Udalaren kontrol sisteman jasotzen diren datuak integratzeko gastuak, eta 14.313,10 euro joko du. Hala ere, Mankomunitateak sortutako gastuen % 100 ordainduko dizkio, gehienez 20.000 euroko kopuruan. Helburua da matrikulak irakurtzeko kamera eta kontrol sistema urtea amaitu baino lehen jartzea. 

Kamera honen bidez erdiesten diren datuak, matrikula eta ordutegi eta erregistro datei dagozkienak, Mankomunitateari bidaliko zaizkio hilean behin, gutxienez. Informazio guzti horrekin, Mankomunitateak kontrolatuko du taxi zerbitzuaren funtzionamendua tren geltokian, orokorrean, eta bereziki, ezarritako gutxieneko-zerbitzuak betetzen direla. 

Lankidetza hitzarmen lau urtez egonen da indarrean, eta epemuga baino lehen beste lau urtez luzatzea adosten ahalko da. Bi aldeak koordinatzeko jarraipen-batzorde bat sortuko da, Udalaren ordezkari batekin eta Mankomunitatearen beste batekin, eta horiek izanen dira abiatzeko beharrezkoak diren lanak sustatu eta kudeaketan sortzen ahal diren eztabaidak konpontzeko arduradunak. 
 

¿Te ha sido útil esta página?