Udala ‘eskolarako bideei’ buruzko proiektu pilotu batean ari da lanean, xede harturik ikasleak segurtasunez eta autonomiaz joan eta etorri ahal izatea

Udala ‘eskolarako bideei’ buruzko proiektu pilotu batean ari da lanean, xede harturik ikasleak segurtasunez eta autonomiaz joan eta etorri ahal izatea
Hilabete honetan Amaiur ikastolan egin da, eta datorren ikasturtearen hasieratik ikastetxe gehiagotan orokortu nahi da

 

 

Iruñeko Udalak hirian mugikortasun jasangarria sustatzera bideratutako ekintzen barruan, ekainean Amaiur ikastolarekin elkarlanean aritu da eskolarako bide seguruak abian jartzeko esperientzia pilotu bat egiteko. Ekimenak arriskurik gabeko eskolarako ibilbideen diseinua eta erabilera sustatzen ditu, goizero ikasleek, taldeka antolatuta, ikastetxera oinez iritsi ahal izateko erabilgarriak. Horrela haien autonomia eta aztura osasungarriak sustatzen dira, eta aldi berean ibilgailu motordun partikularretan egindako joan-etorriak eta horiek eragiten dituzten arriskuak murrizten dira, batez ere ikastetxeetako sarrera eta irteeretan.

Amaiur ikastolarekin –ekimena ekainean zehar egin du– egin den elkarlana abiapuntu bat da, eta hura aintzat hartuta Iruñeko Udalak eskolarako bideak sustatu eta indartu nahi ditu hiriko ikastetxe guztietan. Ildo horretan, pilotua abiatu duen ikastetxeko gurasoen elkartearen eta zuzendaritza-taldearen inplikazioa eta lana funtsezko jotzen da gainontzeko ikastetxeei erakusteko ekimenak berak eta hura hainbat tokitan ezartzeko aukerak dituzten abantailak. Udaleko Mugikortasuneko Alorreko arduradunek ikastetxeekin topaketak programatuko dituzte ideia horiek helarazteko ikasturtearen hasieran, 2021eko Europako Mugikortasun Astearen karietara, zeinaren lema ‘Zure osasunagatik, modu jasangarrian mugitu’ baita.

Ikasleen segurtasuna eta autonomia sustatzeko ekimena

‘Eskolarako bideak’ garatzeko zenbait ibilbide seguru proposatzen dira –bidean zehar orientazioa errazteko seinaleztatu daitezke–. Ibilbide horietan zehar, hainbat 'topagune 'diseinatu dira, non haurrak, beti helduek lagunduta, elkartu eta bidea elkarrekin egin dezaketen. Hezkuntza-komunitateak gazteen irakaskuntzan duen engaiamenduaren keinu gisa, ‘leku-lagunak’ -normalean proiektuari atxikitako auzoko establezimenduak- topatzen dira ibilbidean zehar, haurrek laguntza behar izanez gero horietara jo dezaten.

‘Eskolarako bideak’ ekimena abian jartzeak hainbat hezkuntza-helburu barne hartzen ditu, zeinak beren autonomia sustatuz parte hartzen duten ikasle guztientzat onuragarriak baitira. Alde batetik, errazten da ikastetxeko jarduerak eta ikasgelak partekatzen ez dituzten adin ezberdinetako ikasleek egunerokotasunean harremanak izatea. Horrela, halaber, erantzunkidetasuna sustatzen da ikasle nagusiek txikiagoak lagundu eta babestea lortuz, eta aldi berean, hezkuntza-komunitate guztiaren engaiamendua lortzen da hezkuntzan.

Hiriaren kalitatearen hobekuntzaren ikuspuntutik, ‘eskolarako bideek’ ibilgailu motordunetan egindako joan-etorriak murrizten dituzte eta ke-isurketak ekidin ikastetxeen inguruneetan. Horrela, ekimen horrek ‘Go Green Iruña’ udal-estrategiarekin helburuak partekatzen ditu,  zeinak hirian ingurumen-jasangarritasunari dagokionez eta klima-aldaketaren aurka egiten diren jarduketa guztiak bildu, eta datozen urteetarako jarduera-ildoak  zehazten baititu, besteak beste, garraioaren deskarbonizazioa, zeinak berotegi efektuko gasen isurketen % 57 sortzen baitu. Ezinezkoa litzateke helburu horiek lortzea egun autoz egiten diren joan-etorriak bizikletaz, oinez edo garraio kolektiboan egindako joan-etorriekin ordeztu gabe.

Proiektu pilotua ekainean zehar Amaiur ikastolan

Udalak jadanik zenbaitetan proposatu eta aztertu du ekimen hau abian jartzeko aukera, eta ikasturte honetan zehar biziagotu da Amaiur ikastolako zuzendaritza-taldeak eta gurasoen elkarteak agertutako interesari esker. Hainbat bileraren ostean, eta proiektua familiei aurkeztu ondoren, ekainean pilotua arrakastaz mamitu da lehen hezkuntzako 4. eta 5. mailako taldeekin.

Azkenik hautatu diren ibilbideak aurretik ikuskatu ziren berresteko seguruak eta ibiltzeko espazio atseginak zirela eta, ikastetxera heltzeko  zuzeneko ibilbidea zutela. Ibilbide bakoitza egiteko gehienez ere hogei minutu behar dira, eta bide erdian puntu bat hautatu da non ikasle gehiago batzen baitira bidera. Familia laguntzaileak WhatsApp taldeen bidez antolatu dira eta ikastetxeko irakasleekin batera lan egin dute. Proiektu pilotu bat izanik, ibilbideak behin-behinean seinaleztatu dira, eta horretarako kale-elkarguneetan edo norabide-aldaketetan dauden zutoin, farola edo semaforoetan kartelak paratu dira.

¿Te ha sido útil esta página?