Udala, bi droneren laguntzaz, zirkulazioa aztertzen ari da Yanguas y Miranda eta Foruen plazan bidegorria ezartzeko konponbiderik onena aurkitzeko

Udala, bi droneren laguntzaz, zirkulazioa aztertzen ari da Yanguas y Miranda eta Foruen plazan bidegorria ezartzeko konponbiderik onena aurkitzeko
Droneek eta ondoko eraikinetako teilatu lauetan jarritako hainbat kamerak eremuko trafikoaren egoera jasotzen dute puntako orduetan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Yanguas y Miranda kalean eta Foruen plazan bizikleta-bide bat ezartzeko aurreproiektu bat egitearen testuinguruan, Iruñeko Udala ostiral honetan eremu horretan ibili ohi den trafikoa aztertzen ari da. Jaso nahi da ibilgailu kopurua, horien tipologia, jokabidea, eta ibilgailu bakoitzaren jatorria eta helmuga kale horietan, etorkizuneko bidegorrirako konponbiderik onena bilatzeko. Lanak Bake plazaren eta Foruen plazaren ondoko eraikinetako teilatu lauetan jarritako kamera batzuei eta Foruen plazatik puntako orduetan hegan jartzen diren bi dronek emandako irudiei esker egiten ari dira.

Aurreproiektuak helduko dio gainerako zirkulazioetatik (motorduna eta oinezkoa) lehentasunez bereizitako bizikleta-bide bat ezartzeko irtenbideari. Bide horrek Bake plazatik, Yanguas y Miranda kalea igaro, eta Foruen plaza zeharkatuko du. Zirkulazio-lotune garrantzitsu bat da, bai hiriaren erdigunera sartu eta handik ateratzeko, bai hura ekialde-mendebalde norabidean inguratzeko. Egoera hori dela-eta, eta biribilguneetan sartzeko eta irteteko erreiak daudenez, beharrezkoa da ikerlan zehatz bat egitea, eremu horretan bizikleta-bidea nola igaroko den erabaki aurretik.

Irudiak bi puntu finkotik eta beste bi mugikorretatik grabatu dira, eta Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak aztertuko ditu ondoren, bidegorria ezartzeko erabaki egokiena hartzeko. Lehenengoak instalatu dira Foruen plazan dagoen Rural Kutxaren eraikineko teilatu lauan eta Armada etorbideko 2. zenbakikoan, gaur egun Udaleko Proiektu Estrategiko, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorraren bulegoak dauden lekuan. Bi droneek, bestalde, hegan egin dute puntako orduetan (goizeko zortzietatik bederatzietara eta eguerdiko ordu bietatik hiruetara) Foruen plaza gainetik, hura Yanguas y Miranda kalearekin eta Gaztelugibelekin gurutzatzen den lekutik. Teknologia hori erabiltzea beharrezkoa izan da, kamera finkoek ezin zutelako plazaren azalera osoa hartu, tamaina handiko zuhaitzek eremu jakin batzuetan ikusgaitasuna eragozten dutelako.

Bizikleta-bidearen eremuan proposatzen den tarteari esker, Armada etorbidean eta Yanguas y Miranda kalean (ipar tartea) dauden bidegorriak Abejeras kalean, Julian Gayarre kalean eta Gaztelugibelen (hego tartea) daudenekin lotuko dira, eta, ikertutako esparruan, gaur egun oinezkoen eremuetan bizikletaz egiten diren joan-etorriak jasoko ditu.

Lehentasunez, aurreproiektuan aurreikusten den bizikleta-bideak bidegorri motakoa izan beharko du, galtzadaren kotan eta motordun zirkulaziotik bereizita, luzetarako bide-marrez eta errei-bereizgailuz osatutako babes-banda baten bidez. Hala ere, eta ibilgailu motordunen trafikoarekiko interferentziei dagokienez egon daitezkeen zailtasunak aurreikusiz, tarte jakin batzuetan beste bizikleta-azpiegitura mota batzuk planteatzen ahalko dira, hala nola bizikleta-pistak edo bizikleta-espaloia.

Azpiegitura berri hori sortzeari esker, bizikleta-sarearen iparraldea eta hegoaldea konektatzen ahalko dira, eta garraiobide osasungarri eta ez-kutsatzaile hori bultzatzen jarraituko da. Horrela, aurrera egiten ahalko da klima-aldaketaren aurka hirian egiten diren jarduerak barne hartzen dituen "Go Green Pamplona" estrategian.

¿Te ha sido útil esta página?